Hobekiago elikatzeko, lekaleak saldatsu jaten ohitu behar dugu. Horrela eginda, bi txori joko ditugu harri bakar batez. Alde batetik, errendimendu hobea aterako diogu kazolari, jakia oparoagoa izango da, lekaleak ohi baino salda gehiago izango duelako. Eta bestetik, salda beroa, barazki eta lekaleen ondoan, goxoago sartuko zaigu eta berriro hartu ahal izango dugu jakia, errepikatuz, arinagoa egongo delako, gisa honetako jakien ondoan ohi diren hestekien arrastorik izango ez duelako. Egia esan, hobe da lekaleak barazkiekin bakarrik prestatzea, digeritzen zailak eta pisuak diren koipeekin ez nahasteko. Hestekiak nahi izanez gero, aparte egosi eta jan.
Nola eman lekaleari hestekiaren gustua, hestekirik erantsi gabe? Piperrautsak konponduko du arazoa. Txorizoen eta hesteki koipetsuen gaia delarik, edozein lekale lurrinduko du, txorizo eta hesteki hoberenen zaporea utzirik, baina koiperik gabe. Ez du gure urdailak koipearen pisu astuna jasan beharko! Betiko lekale hoberenen zaporea, baina koipe astunik gabe.
Kazola sutatik atera baino lehentxeago, baratxuri-olio berezi bat erantsiko diegu lekaleei, honako gai hauekin: olioa, baratxuriak, edo tipulina, piper berde edo porru pikatua. Sueztituko ditugu gai horiek guztiak eta sutatik atera orduko erantsiko diegu piperrautsa, gozoa edo mina, gustuen arabera. Eltzekarian ongi nahasi eta mahaira!