argia.eus
INPRIMATU
Gaur egungo umeek duela 20 urtekoak baino ariketa gutxiago egiten dute
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Gaur egungo umeek duela 20 urteko umeek baino %40 ariketa fisiko gutxiago egiten dute, pediatria anbulatorioko jardunaldi batzuetan nabarmendu den bezala. Eta bertan aldarrikatu zutenez, sedentarismorako joera honek bere horretan jarraitzen badu, haurren eta gazteen artean obesitate-epidemia ikaragarri bati aurre egin beharrean aurkituko gara, berandu baino lehen.
Bartzelonako Dexeus Institutu ospetsuko pediatria sailak antolatutako jardunaldietan azpimarratu denez, 5 urtetik 15era bitarteko haur eta gazteek beren gurasoek egiten zutena baino ariketa fisiko gutxiago egiten omen dute, itxura batean kontrakoa dirudien arren. Pediatren iritziz, lehenengo haurtzaroan bai, nolabaiteko jarduera-maila bat mantentzen da, baina adoleszentziara hurbildu ahala zifrek behera egiten dute, modu beldurgarrian gainera, eta kirolari nahiz gimnastikari gero eta denbora gutxiago eskaintzen zaie. Kirola eta ariketa uztearekin batera, aztura kaltegarriak hartzen dira, sedentarismoa esaterako. Pediatrentzat jarduera fisiko edo ariketa eskasak ekarri du, kasurik gehienetan, obesitatearen gorakada. Eta gaur egun haur edo gazteen obesitatea %10 inguruan dago, nesken artean batez ere kezkagarria izanik.
Honekin lotuta, beste gizarte aurreratuetan ere gaiak eragiten duen kezkaren adierazgarri, Erresuma Batuan adituek zerga bereziak eskatu dituzte "basura" edo "zabor-elikadura" deitu izan dutenaren kontra. Eta zer-nolakoak sartzen dira janari arriskutsuen zerrenda beltz horretan? Hanburgesak, patata frijituak, oilasko-hegal eta izter prestatuak, pizza industrialak, txokolateak, izozkiak eta freskagarri karbonikoak (oraingoz). Baina neurria beste elikagai batzuetara ere zabaltzea pentsatzen ari dira, tabako-kaxetan bezala, beren arriskuen berri emango luketen abisuekin. Horrekin batera, eta elikadura desegokia nolabait orekatzeko, bonuak ezarriko lirateke, fruta eta berduren kontsumoa erraztu eta bultzatzeko, eta gimnasioetara joateagatik diru-laguntzak jartzea aukera ere aipatu da.
Neurri horiek ez dituzte guztiek onartzen, noski, baina beste leku batzuetan ere bizi duten kezkaren adibide moduan ekarri ditut hona.