argia.eus
INPRIMATU
«Gu gera herria»
Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2021eko uztailaren 12a
Hurrengo egunetan eratzekotan den gazte-topaketa dela eta, "gu gera herria... " lelopeko iragarkiak zabaldu dira han-hemenka. Aldarri horrek zentzurik izan zezakeen hirurogeigarren hamarkadan baina erabat zaharkitua da gaur egun.
Orain dela berrogeita hamar urte Euskal Herrira iritsi ziren etorkinei inork ez zien esan nora zetozen eta hemen aurkitu zuten gizarteak ez zuen ez euskal erakunderik, ez euskal eskolarik, ez euskal komunikabiderik. Erdal erakundeak, eskolak eta komunikabideak ziren orduan bakarrak eta, arrazoiz zein ez, bertako euskal gizarteak behar zuen, nolabait, "gu gera herria" garrasi egin.
Martxoaren 11n Madrilen izandako erasoak erakutsi digu, ordea, denetariko hiritarrek osatzen dutela gaur egun gure Herri hau, kanpotik etorri berri-berria den jendeak ere ondotxo dakiela zein herritan dagoen eta, kolore batez edo bestez, adinez gora edo adinez behera, ideologia honetaz edo hartaz, herri honen parte izan nahi duen jende andana dela.
Euskal historian zehar beharbada inoiz gutxitan etorri izan da honen urrutiko jendea eta, aldi berean, honen hurbileko jarreraz.