Dugu oraindik eta jada lurra bailitzan espekulaziorako motibo. Ez da bibolinista, ez da pianista, futbolean egiten du Donostiako Antiguoako klubean. Eta auzoko Realaz gain, atzerritik ere izan omen ditu eskaintzak, Bartzelonak eta Real Madridek beraienetan nahi omen dute-eta. Azken hauek, komertzial sistema modernoenak erabiliz, erregearen kopako finalera eraman omen zuten palkora. Gurasoekin noski, balizko kontratuaren ezinbesteko sinatzaileekin. Ez dakit zer egingo duen, dakidana da joan hogeita hamar urtetan bera orain bezala andana bat jokalari gazte ezagutu dudala, bide zidorretatik ostikoka ibili direnak hirugarren mailako taldetan eskainitakoa kobratu ezinik. Nork du bada gogoan Alvarito bat? Gipuzkoako Pasaiako Don Boscotik astero hirutan eramaten zuten Lezamara taxian. Bizkaiko selekzioetan kadete eta gazte mailan goleatzailerik ugariena. Oraindik orain hortik ibiliko da, hogeita hamar urte bete ez dituena eta hamabi zituela izarren pare tratatua izan zena. Goizondua urteek berdindu zuten, besteak ere berantago baina bera adina ondu baitziren. Eta izar berezia ortzian bistatik galdu zen diztira handirik gabe. Gehienak bezalaxe palkorik gabeko zelaietan estadioekin ametsetan.