Langile baten heriotzaren lekuko

  • Kazetari naizenez errealitatearen berri emateko nire betebeharrean ari nintzela, 80ko hamarkadan Euskalduna euskal ontziola historikoaren azken arnasaren lekuko pribilegiatu eta nolabaiteko protagonista ere izan nintzen, nik nahi izan gabe. Egun hauetan, martxoaren 27an, ehun urte beteko zituen Euskaldunak 1900ean sozietate gisa sortu zenetik. Alabaina, Euskaldunaren aurretik, egun itsas museoaren zati bat hartzen duten Olabeagako dike lehorrak izan ziren Bilboko itsasadarreko ontzigintzaren aitzindariak, XVI. eta XVII. mendeetan. Ona litzateke gertakari haiek ezagutu ez zituzten belaunaldiek honen berri izatea, eta horregatik iruditu zait interesgarria nire lekukotzaren berri ematea.

2004ko martxoaren 28an

1984ko Azaroaren 23an gertatu zen. Jadanik baziren hilabete batzuk Euskaldunako langileak beraien lanpostuei eusteko eta Euskalduna ontziola historikoaren etorkizuna bermatzeko borroka luze eta mingarrian zebiltzala. Inork ez zuen uste azkenean beraien eta beraien seme-alaben lanpostuak galduko zituztenik, eta are gutxiago ontziola itxiko zutenik. Baina halaxe gertatu zen. Egunez egun, sindikatuek Madrilekin negoziatzen zuten bitartean, ontziolako langileak »orduan 2.500 inguru ziren» kalera irteten ziren. Ontziolaren ondoan zeuden trenbidean suzko barrikadak jarri eta Bilbo eta Ezkerraldearen arteko trenbide trafikoa eteten zuten, edo Deustuko zubira joan eta bide hori ere suzko barrikadekin moztu. Langile batzuek, gutxienek, tiragoma xumeak eta eskuz egindako bestelako tramankuluak erabiltzen zituzten hortzetaraino armaz josia egoten zen eta pilotak nahiz gas negar-eragileaz gain gero ikusiko dugun bezala behin baino gehiagotan benetako sua ere erabili zuen polizia nazionalari "erantzuteko".

Egunero izaten ziren manifestazioak: Foru Aldundiaren aurrean, Legebiltzarrean, Europako Parlamentuan edo Madrilen. Beste sektoreek ere elkartasuna adierazten zieten langileei. Eta herritarrak ere beraiekin zeudela adierazten zuten, manifestazio jendetsuetara joanez. Zenbaitetan »baita Eguberrietan ere» gose grebak egin zituzten ontziolaren barruan. Egia da baita ere sektore patronal, politiko eta sozial batzuek zinikoki eta hipokritaki langileen metodoak kritikatu zituztela, Bizkaiko hiriburua egunero kolapsatuta egoten zelako langileen mobilizazioen erruz.

Testuinguru horretan, azaroaren 23 hura historikoa izan zen Euskaldunako langileentzat. Ontziolako arrapalan ontzi bat eraikitzen ari ziren, Bilboko erdigunean bertan kokatuta zegoen ontziola hartatik aterako zen azkenekoa, hain zuzen ere. Langileak, egunero bezala, kalean mobilizatzen ari ziren: suzko barrikadak jarri zituzten Deustuko zubian, eta Bilboko zirkulazioa kolapsaturik zegoen. Olabeagako trenbidean ere suzko barrikadak zeuden.

Polizia indarrez sartu ondoren hil zen Pablo González

Polizia nazionala indarrez sartu zen ontziolara, langileen aurka joateko benetako sua ere erabiliz. Erasoaren ondorioz, langile batzuk zaurituta gelditu ziren. Langile bat baino gehiago ikusi nuen lan jantzia sutan zuela. Langileak, beldurtuta, eraikitzen ari ziren itsasontzian babesten saiatu ziren.

Pablo González ere, 54 urte inguruko langilea bera, itsasontzi hartara iristen saiatu zen poliziaren gandik eta poliziak erabilitako benetako suatik babesteko. Baina ezin izan zuen itsasontzira iritsi. Ziplo erori zen lurrera ontzitik metro gutxira. Infartu bat izan zuen, poliziak benetako balekin egindako tiroek sortutako izu ikaragarriak eragindako infartua ezbairik gabe.

Ni ere, beste hainbat borroka egunetan bezala, hantxe nengoen, ontziolan, eta ahal nuena egin nuen poliziaren inbasio hartaz babesteko. Poliziak ez zuen nahi euren begiz ikusitakoa gero prentsan kontatuko zuen lekuko gogaikarririk. Material batzuen atzean ezkutatu nintzen. Eta handik ikusi nuen langile hura, Pablo, nola erortzen zen lurrera. Ziplo. Bere lankideak saiatu ziren suspertzen, baina ezin izan zuten ezer egin. Pablo González izan zen Euskal Herrian ontzigintzako birmoldaketak eragin zuen aurreneko hildakoa. Eta bere heriotzaren atzetik, euskal ontziolaren heriotza etorri zen gero, hiru urtez jarduerarik gabe hilzorian egon ondoren. Alferrikakoak izan ziren langileek eta jendeak etengabe egindako mobilizazioak eta Madrilera, Eusko Legebiltzarrera nahiz Europako Parlamentura joatea. Zuzeneko 2.300 lanpostutik gora suntsitu ziren eta enpresa lagungarri txikietako beste zenbait milaka pertsona ere kaltetuta geratu ziren.

Euskal Herrian gertatutako beste birmoldaketa batzuek zenbaitek bere buruaz beste egitea eragin zuten. Orain dela 24 urte, greba orokorra eginez lan eskubideak defenditzen ari ziren beste bost langile akabatu zituen Gasteizen Fraga Iribarne eta Martín Villak zuzentzen zuten poliziak: Pedro M. Martínez Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, José Castillo eta Bienvenido Pereda. Orain, Sestaoko La Navali eragiten dion ontzigintzako birmoldaketaren fase berri honetan, beste biktimarik egongo ote da? Ez al da horrelakorik gertatuko! Alabaina, egoerak asko egin dezake txarrera eta dena da posible. Poliziaren -oraingo honetan Ertzaintzaren- erantzule politikoak, hau da, Lakuako Gobernuak, esku hartzeak saihestu egin beharko ditu, eta esku hartzerik egitekotan, arreta handiarekin egin.

Mezularia, akusatua eta epaitua

Egunez egun, Eginek »garai hartan han lan egiten nuen nik» tarte handia eskaintzen zion borrokari. Informazioa ematen genuen, gure orrialdeak eskaintzen genizkien langileei, gure iritzia ematen genuen eta salaketak egiten. Euskaldunako langileek lan hori ikusten zuten, eta eskerrak ere eman zizkiguten, egunez egun garai hartan, eta lekukotasun honen berri ematen ari denaren aurka egin zen bista judizialean ondoren. Hau idazten ari denak Daniel Udalaitz ezizenarekin egindako Cinismo psocialista iruzkinean poliziak hainbat lan gatazkatan izandako jarrera salatu zuen. Garai hartan boterean zegoen PSOEren jarrera kontrajarri nuen iruzkinean. Izan ere, Ertzaintzak Zornotzako zenbait langileren aurka izandako jarrera basatia salatu baitzuen PSOEk baina isildu egin baitzen Euskaldunako langile baten heriotza eragin zuen polizia nazional espainiarraren esku hartze basatiaren aurrean. Iruzkin horretan gogorarazi nuen hain juxtu ere "poliziaren jazarpenaren ondorioz" hil zen Pablo González Euskalduna euskal ontziolako langilearen heriotzaren bigarren urteurrena bete zela.

Euskaldunako langilearen heriotza aipatu nuelako, Estatuko segurtasun indarren eta horiek zuzentzen dituzten estamentuen aurkako kalumniak leporatu eta akusatu egin ninduten. Auzitaratu ninduten, eta hiru urteko espetxea eta 240.000 pezetako isuna eskatu zuten. Isuna ez ordaintzekotan, gainera, 125 eguneko ordezko atzipenaldia. Euskaldunako enpresa batzorde osoak nire aldeko testigantza egin zuen Bilboko Probintzia Auzitegian egin zen ahozko bistan, eta berretsi egin zuen poliziak ontziola indarrez hartzeko jazarpenak eragin zuela Pabloren heriotza. Publikoki aitortu eta eskertu zuten gure egunkariak egiten zuen eguneroko lana. Azkenean absolbitu egin ninduten.

Ontzigintzako birmoldaketa itzel haren eta Pabloren heriotzaren benetako erantzuleek izen zehatzak dituzte: PSOEren Gobernua, buruan Felipe González eta Ekonomiako ministro Solchaga zituela; Croissier, INIko (gaur egun SEPI dena) presidentea; Barrionuevo barne ministroa; Julen Elgorriaga, Espainiako Gobernuaren ordezkaria; Ignacio López Bizkaiko gobernadore zibila; eta birmoldaketa itzel hura onartu, Pabloren heriotza eragin eta ondoren euskal ontziola ixtea ekarri zuten Gasteizko Gobernuko konplize guztiak. Alabaina, horietako bat bera ere ez da inoiz eseri epailearen aurrean. Beti bezala, mezularia, errealitatearen notarioa, izan zen kriminalizatu, akusatu eta epaitu zutena. Berriz ere historia errepikatu da.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude