argia.eus
INPRIMATU
Etsaiak (beti) besteak dira
Aitor Zuberogoitia 2021eko uztailaren 16a
Igande arrastia da hau idazten ari naizela, bozketa eguna Espainian. Mendebaldeko gizalegearen festa, beraz, eta Hego Euskal Herrian ere hor doa jendea hautesbarrutietara bidean, saldoka joan ere. Herenegun, berriz, alternatiba autogestio zaleaz eztabaidatzeko mahai-ingurua bertan behera geratu zen Bilboko Likiniano topagunean, lirikarako garairik onenak bizi ez ditugun seinale (eta, hala ere, esperientzia benetan interesgarriak ari dira ernetzen ildo horretan).

Badoa jendea, beraz, boza ematera eta bada noren alde bozkatua, bai horixe: Falange Española de las Jons, La Falange, Democracia Nacional edota Irak bonbaz jostea defendatu zutenekin hasi eta ezkertiar-usaineko aukeretara arte. Hori da hori aniztasuna, denak sistema bereko partaide, aukera eta pertsona denek (denek?) baitaukate libre bozketara aurkeztu edota botoa ematea. Oi demokraziaren grandeura!

Lerrook idazten nabilela ez naiz emaitzen jakitun, baina ezin uka hauteskundeok kinka berezian datozela. Madril aldean izaniko tragediak markatu du astea, eta gauza batzuk nabarmen-antzean geratu dira. Bata, amnesiak (berriro) habia egin duela legezko alderdi politikoen ordezkarien buruetan, Kazetaritza Fakultatean oinarrizko ikasgaia zen hura ahaztuxe dutela erakutsi digutelako: alegia, albiste bat eman edo analisi bati ekin baino lehen, datuak kontrastatu egin behar direla. Egunotan, ostera, justu kontrako praktika sumatu dugu hainbat kazetari, kontulari orojakile, agintari eta politikari profesionalen jardunean. Ez da kontu berria. Presaka bizi gara, abiada zoroan, eta ez dugu ia ezertarako patxadarik hartzen, ezta analisiak egiteko ere, egunotan ikusi dugun moduan. Presatik eratorritako histeria puntuaren ondorioz (eta une oro jendea informatu beharraren informatu beharrez), azkenean ez perspektibarik, ez taxuzko berri-ematerik: hotsa eta ardaila baino ez. Zuhurtzia barik jokatzea berez kezkagarria bada, bestalde, zer esan hondamenditik etekin politikoa atera guran ibili direnei buruz?

Gaurkotasunari hil ala bizi lotzetik sorturiko histeriak bizi gaituela, azken beltzean, eta gero gertatzen direnak gertatzen dira. Gaur goizean bertan Bushen kategoria beretsuetan berbetan entzun dut bazterrotako buruzagi politiko ezagun bat, hauteskundeotan egia ala gezurraren artean hautatu beharra dagoela esaten ari baitzen aho betean. Horrelakoetan, Atxagari irakurritako hura datorkit gogora, hots, jarrera heroikoek traba egiten diotela berari gure herrian. Honelakoetan zera bururatzen zait neuri ere: gure herrian ez ezik, mundu guztian egiten dutela traba jarrera heroikoek. Mundua brageta eginda dago, baiki, eta berau edertzeko, momentua dotoretzeko premia suma daiteke, diskurtso handitik xumetasunera, makrotik mikrora jaisteko premia, barru-barrutik datorrena.

Jarrera xaloa dela esango didate analista burutsuek, badakit, baina xalotasun kontziente baten premia badago egon, epikotasunarekiko arbuioaren beharra. Batez ere epikak, harrokeriak eta norbere egia kosta ahala kosta inori inposatu eta auzoa mendean hartu beharrak nora eraman gaituzten ikusita. Enpatiaren premia, funtsean, inguratzen gaituzten gauzak ulertzeko ahalegin ezinbestekoaren beharra.

Haatik, kontrako joerak dira nagusi bazterrotan. Horren erakusgarri, PPk militarismoa hauspotzen duela esaten jardun dute Jaurlaritza osatzen duten alderdiek tragediaren ostean, Jaurlaritzak berak eusko labeldun arma-fabrikak diru publikoz lagunduko ez balitu moduan. Iraken egindako triskantza bat-batean ahaztuta, berriz, alkandora-urratzen dihardu PPk, zer egin ote dugu hau merezi izateko deiadarka. Martxa honetan, ez nintzateke batere harrituko ETA ere bere hurrengo agerraldian Ikurrina, Arrano Beltza, Nafarroako armarridun bandera eta Senyeraz gain, Madrilgo erkidegoko banderarekin agertuko balitz, hangoei egun bateko elkartasuna adierazte aldera. Kantuak arrazoi, berriz ere: etsaiak (beti) besteak dira.