argia.eus
INPRIMATU
Zientziaren kontzientzia
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a
Orain gutxi A-8 autobideko butxadura batean bi pertsonen arteko irrati eztabaida bat jarraitzeko aukera izan nuen. Gaintxurizketan eraiki nahi duten errauskailua zen eztabaidagaia eta aldeko jarrera zuenak datu tekniko ugari eman zituen, dioxina-kopurua ehuneko zero koma ez dakit zenbat baino txikiagoa, gauza bera karbono dioxidoaren emisioarekin, paisaia aldetik hainbat zuhaitz landatuko zituztela eta ez zela txikiziorik gertatuko, jendearenganako informazio-kanalak erabat zabalik zituztela web-orri eta guzti, eta abar. Aurkako jarrera zuenak ez zituen datu tekniko gehienak ulertzen eta ulertzen zituenak ez zituen sinesten, paisaia aldetik izugarrizko txikizioa izango zela zioen zeren eta Pasaiako superportua ere hortxe baitoa...

Kanala aldatzekotan izan nintzen nire barnea deseroso sentitzen baitzen, baina entzuten jarraitzea erabaki nuen nahiz eta nire buruko zonalde bat analisirako gorde nuen. Errauskailuaren aldeko datu zientifikoak ez ditut zertan ez sinetsi, baina perfektuegia zen hark irudikatutako guztia eta horrekin ez nago ados, gizakiak egiten dituen gauza guztiek alderdi onak, ez hain onak eta txarrak izaten baitituzte eta gainera leku batean onak direnak bestean ez dute zertan onak izan beharrik. Zientzia purua nabaritzen nuen bere hitzetan eta jakin badakit zientziaren aurrerakadak aldeko eta kontrako ideien arteko analisi eta eztabaidetatik sortzen direla. Beraz, ez nago ados "hau perfektua da" esaten duenarekin. Kontrako iritzia ematen zuenak batez ere historian zehar gertatu diren sarraski teknologikoetan oinarritzen zen errauskailuaren ideia erabat baztertzeko. Bazirudien zientzi datuak ez zirela inola ere kontutan hartu behar guztia gezurra baita. Nire ustez, kontzientzia historiko baten izenean hitz egiten zuen aurka zegoenak eta ni ez nago ados atzera bakarrik begiratzen dutenekin.

Esan behar dut eztabaida irratsaioko gidariak moztu zuela eta berak eta nik gutxienez lasaitasuna eskuratu genuela. Eztabaida gordinak ez nau beldurtzen, Lemoiz, Leitzaran eta beste batzuk ez baititugu alferrik pasa baina garai bateko eztabaida eta tonuak ia ahaztuta nituen. Denbora pasa da, baina argudio-bideak eta erak bere horretan diraute.

Arrazoi asko daude ziurren, eztabaida gordin hauek gertatzeko eta denon artean arrazoietako asko jar ditzakegu mahai gainean; hala ere, nik hezkuntzarekin zerikusirik duen lerro baten inguruko zertzeladak eman nahi ditut. Ez al zaizu iruditzen, irakurle, zientzia, teknologia eta garapena bultzatzen duten enpresa edo entitate indartsu gehienek kontzientzia historiko nahikoa ez dutela bere jardunean erakusten? Eta hauekin kritiko diren asko eta asko, ez denak, jakintza partziala edo argudio eskasak dituztela zientziaren alorrean?

Zientzia eta teknologiaren menpeko eta kontzientzia eskaseko gizartea gero eta nabariagoa dela uste dut eta gure hezkuntza, bai gazteena baita enpresa barnean ematen dena, produktibitate onena izateko edo salmenta handienak edo prozesu lasterrenak lortzeko, bideratuta dago. Gure betiko paisaiak aldatzeak ez gaitu beldurtzen jada eta zientzian eta teknologian gertatzen diren aurrerakadek ez gaituzte jada hainbeste harritzen.

Noizean behin, lagun bat hiltzen zaigu istripu batean edo auzoko errekan milaka arrain hilda agertzen dira isuri baten eraginez edo Frantziako Tolosa hirian gertatu AZF enpresaren antzeko sarraskia suertatzen da, eta orduan gure barrena irauli, tristetu... mugitu egiten da, baina egun gutxi batzuk barru berriro lehengoan gaude.

Murgilduta gauden zurrunbilo teknologikoa gero eta handiagoa izango dela uste dut eta gertaera batzuek gure kontzientzia noizean behin astintzea baino ez dutela lortuko ere bai, beraz ez dut itxaron aldaketarik datozen urteetan.

Zientzia eta teknologiaren pean biziko gara datozen mendeetan eta hori onartzea baino geratzen ez zaigunez, nola eragin zientzia eta teknologia kontzientzia historikoarekin uztartzeko?

Hezkuntzan...