argia.eus
INPRIMATU
Txirlak orburuekin (alkatxofekin)
Hasier Etxeberria 2004ko martxoaren 21

OSAGAIAK:

3/4 kg. txirla
8 orburu natural egosiak eta lautan zatitutak
3 baratxuri ale xehatuak
Litro laurdena ur bero edo orburuak egosi diren ura
4 koilarakada oliba olio
Perrexil xehatua
Irina, ximiko bat
Zorrotada bat ardo zuri

Kazola zabal apal batean jarriko dugu baratxuri xehatua eztitzen. "Dantzan" hasi denean, gorritu gabe, erantsiko dugu irina. Koilara batez nahasiko dugu. Ardoa eta ur beroa isuriko ditugu ondoren. Minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Txirlak erantsi eta berotasun horretan edukiko ditugu, ireki arte (tapa batez estaliko dugu, ahal izanez gero, kazola). Ireki ahala aterako ditugu txirlak kazolatik; halatan, irekitzen zailak direnek jasango duten berotasun handiak ez ditu irekitzen errazak direnak hondatuko. Txirlaren bat egoskor azaltzen bazaigu, hobe da baztertzea. Orburu laurdenak sartuko ditugu ondoren saltsan eta berotasuna emango diegu irakinaldi batez. Kazolara bihurtuko ditugu ondoren irekitako txirla guztiak eta perrexila emango haien gainetik.

Orburuen garbiketa
Orburu sendo gogorrak aukeratuko ditugu. Horretarako, geure esku itxian estutuko ditugu, mikrofono batekin bageunde bezala. Muturreko hostoek itxita egon behar dute, ireki nahi ez balute bezala, erdian zulorik ageri gabe. Ezin hobeak dira hostoak zurtoinari erantsirik ageri dituzten orburuak.
Zurtoina moztu eta 10 cm-ko tartean utziko dugu oinaldeari lotua. Orburuaren kanpoko hostoak kentzerakoan, bi hatz motzago utziko dugu muturra. Kontu handiz zurituko dugu oinaldea, ahalik eta mami gutxiena kenduz. Modu berean landuko dugu zurtoina; oinaldeari loturik utziko dugu eta muturreraino zuritu, mami askorik atera gabe. Labana oso zorrotza erabiliko dugu egiteko honetan. Ur irakitan edo, Proventzako "barigoulo" bat prestatzen ari bagara, barazkien hondoan sartuko ditugu garbitu ahala orburuak. Horrela jokatuta, ez dira belztuko. Zenbat eta airearen ekinetik babestuago egon orduan eta hobe edukiko ditugu orburuak.
Ordea, hobe dugu ilunduxe jan, limoiaren poderioz eta zaporeaz arazturik baino. Horrelaxe jaten ziren lehen, limoi zuku batez horniturik, belztu ez zitezen. Limoia gin-tonikarentzat. Orburu gustua eduki dezatela orburuek.