Sarraskiaren kudeaketak utzitako arrastoa

  • Madrilgo sarraskiak eta ondorengo egunetan gertatutako heriotzek iradokitako gogoetak idatzi ditugu erreportajearen lehen partean. Hainbat pertsona adituen »Euskal Herrikoak nahiz Estatukoak» iritziak eta gogoetak jaso ditugu jarraian.

2004ko martxoaren 21an
Aurretik era bateko egoera eta ondoren oso bestelakoa izatea, horixe da egun klabe eta esanguratsuek izaten duten ezaugarri nagusiena, bere zentzu onenean edo txarrenean. Ikuspegi historiko batetik, 2004ko martxoaren 11ko eguna horrelakoa izango da Espainiako Estatuan batez ere, baina baita Europan ere. Zeresanik ez hondamendia humanoaren ikuspegitik Madrilgo sarraskian hilda edo zaurituta izan ziren kaltetu eta haien senideentzat. Edota egoera horrek »eta aldez aurretiko beste batzuek» elikatutako giroaren ondorioz Iruñean Polizia Nazional batek hildako Angel Berruetaren senide eta hurbilekoentzat. Eta, tartean, egoerari puntu beltzena jartzeko, Hernanin ezker abertzaleak antolatutako protesta manifestazioari oldartu ondoren, Kontxi Sanchizen heriotza. Berriz ere, agerikoa da heriotza guztiak ez direla berdinak, ez mediatikoki ez jokabide instituzionalari dagokionez. Lehenengo eta bigarren mailako sufrimendua ofizialdua dago euskal gatazkan.

Lau egunetan gertatutako guztiak azterketarako ale ugari uzten ditu, lerro edo orrialde batzuk baino egunak eta asteak eskatzen dituena.

Mendebaldeko gizarteko populazioak ez du benetan aintzat hartzen bere eredu nagusi honek munduan zehar sortzen dituen egoerak, era batera ala bestera bere aurkako ondorioak ere izan ditzakeela, kasu honetan bezala. Agerikoa da Madrilgo erasoa Jose Maria Aznarrek eta PPk Espainia Irakeko gerran sartzearen ondorio dela. Justifikaziorik gabeko barrabaskeria eta nahi diren keria guztiak jarrita, baina haren ondorio. Aznarrek Iraken utzitako gerra ostekoa kudeatu beharko du orain Espainiako Gobernuaren lehendakari izango den Rodriguez Zapaterok, oposizioko «Gerrari ez» hura baino askoz modu korapilotsuagoan.

Aznarrek »bere aliatuen gidoiari jarraituz» beste zenbait arrazoiren artean, Sadam Husseinek suntsipen handiko armak zituela argudiatu zuen Iraken aurkako gerra sostengatzeko. Duela urtebete madrildarrak lasai ziren arabiar edo islamiar jatorriko zenbait talde armatuk «batek daki non» egiten dituzten atentatu odoltsuekiko; telebistak ematen duen distantzia eta lasaitasunetik, beste munduren batean gertatutako sarraskiak izan ohi dira M-11ko Madrilgo suntsipen handiko armak ikus-entzulearen begien eta kontzientzien aurrean eztanda egin arte. Horra paradoxa, Irakeko gerraren aurreko suntsipen handiko armen gezur ezaguna egi bilakatu da Madrilen. Zama horrekin pasatuko da historiara Jose Maria Aznar, Espainiako Gobernuko lehendakari ohia, bere megalomaniaren handitasunetik galtzailearen errealitate gordinera.

Euskal Herrira etorriz, uren bideratzeak luze joko du. Halako sarraski baten zama jasanezina euskal herritarren kontzientzia kolektiboan eraman ahal izanaren hipotesi hark gogor astindu du euskal gizartea. Herritarren gehiengo handiak hartutako lasaitua horren adierazle. ETAren balizko egiletzaren aurrean erakutsitako jarrera desberdinek ere lorrats ikusgarriak utzi dituzte.

Bakoitzari berea, eta Arnaldo Otegiri eta bere alderdiari berena. Olatu mediatikoaren aurka sarri ibilitakoaren ohiturarekin, Batasuna eta LAB moduko ezker abertzaleko erakundeek gainerako guztiek baino analisi gaitasun handiagoa agertu zuten; eta analisi gaitasunaz gain, gainerakoek ez duten ETArekiko sinesgarritasuna eta konfiantza ere klabeak izan ziren kiniela asmatzerakoan.

Otegik eta Batasunak asmatu zuten bezala, gainerako gehienak erratu ziren, Batasuneko buruzagiek hauteskundeen atariko interes logikoekin behin eta berriro gogorarazi duten gisan, «hasi Ibarretxe lehendakaritik eta Aralarreraino». Tesi erratua onartu zuten eta, ondorioz, azterketa erratua egin, ETA eta ENAMen mundua zuzenki edo zeharka errudun eginez, interesez ala ahuldadez, hori zehaztea gaitzagoa da. Ez da aztergile zorrotzik izan behar horretaz jabetzeko eta akats egitearen molde eta edukietan desberdintasun handiak izan baziren ere, akats egin duenak onartzea da legezkoena.

Ez da zuzena eta arriskutsua da gobernu bat susmoetan oinarritzea, baloratu beharreko gaia dena dena delakoa. Ez da ondo ulertzen, gobernu batek, bere Lehendakaritik hasi eta bozeramaileraino, ohikoan sinesgarritasunik ematen ez dion beste gobernu bati halako abagune berezi eta korapilotsuan sinesgarritasun osoa ematea. Jakin gabe ezin da halako ur handitan sartu, ez dator bat gobernu bati dagokion zuhurtasunarekin. Halako egoera larri batean, zergatik sinetsi behin eta berriro, esate baterako, EAJ eta ETA berdinak direla dioenari?

Analisiaren ikuspegitik »sarri interes politikoarekin zerikusirik ez duena» arina da halako jarrera bat eta ez letorke gaizki dagokionak hausnarketa eta zuzenketa egitea eta, bakoitzak bere neurrian, publikoki ere bai. Baina ETAk eta ezker abertzalearen zatirik handienak ere pentsatu beharko dute euskal gizartearen gehiengoak ETA halako basakeria batera iristeko gai dela pentsatu izanaz. Gizarte mediatikoaren indarra Pernandoren egietakoa da, baina ETAren jardunak horretan zerikusirik ez duela pentsatzea hausnarketaren erdian geratzea da.

Arnaldo Otegiren ahotan gaitzespen hitzaren erabilerak ere eman du zeresanik, eta hurrengoan ditxosozko berba zeren arabera erabiliko duen ere galdetu zaio. Batasuna indarturik atera da M-11ren atakatik, baina irailaren 11ren haritik, egun honek ondorio gogorrak izango du berez gogorra den egunerokotasunaren aldapan. ETAk iragarri du bere jarduerarekin jarraituko duela, bere ustez giltzarri diren arazoei irtenbide ematen ez zaien neurrian, baina bere jarduera armatua azken hamarkadan gero eta gutxiago ulertu izan bada, ez da zaila imaginatzea gaur egun ETAren atentatu baten ondoren egon daitekeen giroak nola mugatuko duen bere mundu sinbolikoaren jarduera politikoa.

Baina gerta liteke, halaber, M-11 Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko bortitzaren mugarri bilakatzea. Egoera berri eta korapilatsua zabaltzen da Espainiako Estatuan, eta azken urteetan irtenbiderik topatu ez duen gatazkak bere aukera ere izan dezake, euskal gehiengo batek gutxieneko jarrera eta edukiei buruzko akordioa bat lortu eta bultzatzen badu.

Lehendakaria tartean

Ez da ondo ulertzen, gobernu batek, bere Lehendakaritik hasi eta bozeramaileraino, ohikoan sinesgarritasunik ematen ez dion beste gobernu bati halako abagune berezi eta korapilotsuan sinesgarritasun osoa ematea. Jakin gabe ezin da halako ur handitan sartu, ez dator bat gobernu bati dagokion zuhurtasunarekin.

Xabier Gurrutxaga (Abokatua): «Sarraskia eta manipulazioa»

Madrilen gertaturiko sarraskiak ez du izenik. Ez dago ideologiarik ezta helburu politikorik horrelako hondamena justifika dezakeenik. Euskal Herrian eta Espainian ohiturik gaude gatazkaren ondorioen teoria entzutera. Alegia, ETAk hiltzen duenean Espainiarekiko mantentzen dugun gatazkaren ondorio hutsak direla hildako gorpuak; nahiz langile, nagusi, polizi edota zinegotzi izan. Madrilen gertaturikoa, ordea, izugarrizkoa izan da, eta gatazkaren ondorioen teoria sostengatzen dutenak ere gaitzetsi beharrean aurkitu dira, nahiz eta gaitzespen hori jende askorentzat zinismo ariketa huts bat izan bertako indarkeria salatzen ez den bitartean. Gure artean borroka armatuaren ondorio lazgarrienak normaltasun etiko eta politikoz barneratzen eta hausnartzen ohiturik dagoen jendea ere Madrilen gertaturikoarekin erabat txunditurik gelditu da. Sarraski hau ikusi eta gero, indarkeriak, lehendik ere sinestun gutxi bazuen, hemendik aurrera ez du jarraitzailerik eta babeslerik izango. Borroka armatua arazo politikoak bideratzeko tresna bezala guztiz hondoa jota dago. Hau da, Madrilen gertaturikoak, batez ere gure esparrura etorrita, nabarmen utziko duen lehen ondorioa. Euskal herritarrok asko poztu gara jakin izan dugunean ETA ez dela izan sarraskiaren egilea. Baina euskaldungoak beste zerbait gehiago nahi du ETArengandik. Indarkeriak sortzen dituen kalte izugarriak ikusirik, behin betiko borroka armatua uzten duela entzun nahi du ETAren ahotik. Orduan bai lehertuko liratekeela pozez herritarren bihotzak! Gogoeta horietatik at, Madrileko sarraskiaren inguruan Gobernuak izan duen portaerak merezi du hausnarketa sendoa. Gertakizun triste eta mingarri baten inguruan inoiz izan bada informazioaren manipulaziorik, hori Madrileko triskantzaren inguruan eman da. Aznarren Gobernuak lotsagabeki jokatu du. Egiaren aurretik igandeko bere xede elektorala jarriz. Kaltetuek eta hildakoen senitartekoek merezi zuten errespetua hanka artetik pasatu du Alderdi Popularrak. Demokrazian egiak merezi duen lehentasuna eta errespetu guztiz alboratuak eta manipulatuak gertatu dira. Jendea oso haserre dago. Ia ikusten ditugun ondorioak.

Koldo Izagirre (idazlea): «Mundu guztiari komeni zitzaion ETA izatea, ezker abertzaleari izan ezik»

Madrilgo atentatuak ezagutu eta berehala zer-nolako sentimenduak eta arrazoiketak izan zenituen?
Autoan nindoan Paube inguruan, eta irrati frantses batean entzun nuen ehun eta gehiago hildako zeudela atentatu batean, eta Bagdad etorri zitzaidan burura. Geroago jakin nuen, Euskadi Irratiaren bitartez, atentatuen nolakoa, eta ETA zelakoa. Eta ezin nituen biak lotu: azken urteotan nahi duenean atxilotzen ditu ETAkoak Poliziak, oso zaindua zeukaten Madril printzearen ezkontza dela-eta… Teknikoki ezinezkoa zen, beraz. Eta bestalde, halako triskantza… Nik ez dut esango ETAk egingo ez duenik, baina orain artean behintzat, ez dator bat estiloarekin, oro har. Horixe pentsatu nuen, Otegik eta itsutasun politikoan mugitzen ez garen zientoka batzuek bezalaxe. Eta hauxe esan nion alabari: islamistek aldarrikatzen baldin badute, zer esan behar dute aho-bero hauek guztiek?

Zer iradokitzen dizu Madrilen gertatutako atentatu odoltsuak?
Mundu guztiak nahi zuen ETA izatea Madrilgoen egilea, Aznarrek, Rajoyk, Zapaterok, Llamazaresek, Ibarretxek… Baita Uxue Barkosek ere, a zer tinkotasun demokratikoa ETAri armak uzteko agintzea… Tira, ETBko kazetariak politikan hasita, zer espero dezakezu?
Mundu guztiari komeni zitzaion ETA izatea, ezker abertzaleari izan ezik. Eta horra paradoxa politiko-militarra: atentatua ez eginda egin dio kalterik handiena ETAk Aznarri…

Atentatu hauen ondoren, ba al dago iragan eta gero bat »inflexio puntu bat» euskal auzia deritzanaren ebazpenean edo konponketan?
Aste horretan bertan Martxelo Otamendiren tortura-salaketak artxibatu ziren, eta Europak oneritzi egin zuen Aznarren gobernuak Prestige kasuan egindakoa. Dena bere alde, eta hala ere egia esatera ausartzen ez. Gobernuak susmoa zeukan jendea pentsatzen hasiko ez ote zen… Pentsamendua ukatu nahi izan du, hausnarketa politikoa, aurrena egia ezkutatuz eta gero dolua aginduz.
Oso interesgarria izan da jendearen erantzuna, badirudi populazioaren multzo lokartu handi bat sartua dela, behingoz, politikan. Ez dira pasa "Gerrari ez" hartatik "Inperialismoari ez" esatera, baina bada zerbait "Bonbak zuek jaurti, hildakoak guk jarri", oihukatzea.

Nola baloratu duzu testuinguru honetan Estatuko hauteskunde orokorrak burutzea?
Estatuak bere perfekzioa erakutsi behar zuen, eta horretarako egokiena zen hauteskundeak "normaltasunean" egitea. Sistema sendoa delako itxura eman dute. Eta sendotu egin dute, jakina.

Andu Lertxundi (idazlea): «Askotan esan zaigu kondena guztiak alferrikakoak direla. Orain badakigu badaudela kondena obszenoak ere»

Madrilgo atentatuak ezagutu eta berehala zer-nolako sentimenduak eta arrazoiketak izan zenituen?
Goizean goiz, Berriako eguneroko zutabea idazten ari nintzela, emazteak eman zidan albistea. Lehergailu bat Madrilen… trena… hildakoak, bai, baina zenbat ziren jakin ez… Trenaren irudia tematu zitzaidan. Tren zoro bat kontrolik gabe, Dürrenmathen ipuin ezagunean bezala. Kontrolik gabeko tren baten irudia, horixe etorri zitzaidan lehendabizi. Kontrolik gabeko tren bat, lehergailuz betea… Kontrolik gabeko tren bat eta bertan, gu. Ideia obsesibo hori izan nuen artikuluaren gaia. Ez nuen ETA aipatu. Zertarako? Zenbat sarraski egin ditu Madrilen, zenbat hauteskunde-bezpera odoldu dizkigu? Laster, Otegi agertu zen ez zela ETA esanez, eta atentatua kondenatuz. Askotan esan zaigu kondena guztiak alferrikakoak direla. Orain badakigu badaudela kondena obszenoak ere.

Zer iradokitzen dizu Madrilen gertatutako atentatu odoltsuak?
Ekialdeak ez daki ezer mendebaldeaz. Eta, ulermenezko ahalegina egin ordez, zubiak eraikitzen ahalegindu ordez, gerra deklaratzen dugu. Azores irletako hiru bakeroak ezjakin hutsak dira, putreak, megalomanoak… Bale, baina mendebaldekoon botoei esker daude hor. Demokrazia ez da perfektua. Eta demokraziak bakero ezjakinen esku jar dezake mundua. Hemen (mendebaldean) botoa eman diezaioke bihar han (Iraken, adibidez) gerra deklara dezakeen bati?

Atentatu hauen ondoren, ba al dago iragan eta gero bat »inflexio puntu bat» euskal auzia deritzanaren ebazpenean edo konponketan?
Paradoxa dirudi, baina terrorismo globala izango da, azkenean, hemengo terrorismoa suntsituko duena. Irailak hamaikako atentatuak erreakzionatzeko zailtasun handiarekin utzi zuen ETA. Orain, Madrilekoan parte hartu gabe ere, Madrilekoak markatuko dio etorkizuna: espero dezagun etorkizun hori behin betiko akabera izango dela.
Gure etorkizuna: horra ETAk, umeak bagina bezala, inoiz saiatzen utzi ez digun aukera.

Nola baloratu duzu testuinguru honetan, Estatuko hauteskunde orokorrak burutzea?
Terrorismoak ezin du bizitza politikoa eten »hauteskundeak ere bizitza horren parte dira». Hauteskunde-eguneko arratsaldez ari naiz erantzuten. Parte-hartze handi izaten ari dela, besterik ez dakit. Jendea inplikatuta dago, jendea zerbait esateko gosez dago. Ikusteko dago zenbaterainokoa den PPren manipulazioaren eragina. Aldez edo moldez, Madrilekoa inoiz ahaztuko ez zaion faktura izango da PPrentzat: gerran sartu gintuen harrokeria osoz eta demokraziari burla eginez; ea orain erakusteko gai den ondorioak onartzeko apaltasun demokratikoa.

Antonio Alvarez Solis (kazetaria): «Espainiako Estatuaren funtzioa izan behar du Europako Batasunean, lerrokatu gabeko estatuen buru izatea»

Zer deritzozu gobernuak hartu zuen jarrerari atentatuaren egile nor izan zen adierazterakoan?
Edozein analista seriok badaki, atentatu horiek egiteko erabili zuten operatiboa oso ohikoa dela islamdarren azken ekintzetan. Formalki aztertuta bakarrik, ETAk ez du horrela jokatzen. ETAk eragiten dituen hildakoak, eta hitzak ondo neurtu behar badira ere, "kolateralak" dira. Kakotx artean diot "kolateral", niretzat hildako denak baitira hildakoak. Baina jomuga zehatzak dira, ez indiskriminatuak.
Ekintza gertatu eta 48 ordutara, nik uste gobernuak ederki asko zekiela ez zela ETA izan. Urte askotan egon da polizia ETArekin aurrez aurreko borrokan, ETAk nola jokatzen duen ez ezagutzeko.
Azpian dagoen arazo politikoak azaltzen du Gobernuaren jarrera. ETA izanez gero PPk bazekien terrorearen botoz beteko zuela hautestontzia. Gobernuak Espainiako gizartearen aurrean duen baza politiko garrantzitsu bakarra euskaldunena baita.
Baina erakunde islamdarren bat izanda, Aznar bera da hein batean hildako 200 horien arduradun. Berak eraman zuelako Espainiako gizartea gerrara, Bartzelonako manifestazioetako pankartek salatu zutenez.
Zuzentasun moralik ere ez dute izan, Barne Ministroak dimisioa aurkezteko. Berarekin ados egon edo ez, bere lana herritarren ziurtasuna zaintzea delako. Eta atentatuek erakutsi dute, ez duela lortu.

Hain nabarmena izan bazen, zergatik sinistu zuen Madrilgo gizarteak gobernuaren bertsioa?
Jende askok sinetsi nahi du ETA izan dela. Justifikatu beharra sentitzen duelako eman zuen botoa. Jende askok botatu du ETAren kontra. Baina ez gaitezen engaina, boto hori ez da ETAren kontrakoa, euskal kutsua duen denaren kontrakoa baizik.

Nola ikusten duzu Aznarren agintaldi bukaera?
Hau izan da bere azken porrota. Gizon horrek porrot egin du ekonomian, sistema krisi estrukturalean baitago, kapitalismo garratza bihurtu baita. Alderdi sozialean ere porrot egin du, gizartera bideratutako diru denak desbideratu dituelako bitarteko militar, polizial eta judizialetara. Kulturan ere porrot egin du, nazioen aurrerapen kultural denak elbarritu dituelako, liburuak zentsuratzeraino iritsiz. Nazioarteko harremanetan porrot egin du, Europan Espainiak zuen indar apurra galdu duelako, Amerikako Estatu Batuei men eginda. Zergatik? Bushek egin dion eskaintzagatik: Bushek hauteskundeak irabaziz gero, Nazio Batuen Idazkari Nagusia Aznar izatea.
Terrorismoaren kontrako bere politikak agintaldia 200 hildakorekin itxi dio eta hori izan da bere azken porrota. Aznarrek agindu zuen ETAren indarkeria bukatuko zuela. Aldiz, orain ETAren indarkeria izango du, eta gainera talde islamdarrena ere bai.

Aurrerantzean nola jokatu behar luke Espainiako gobernuak indarkeriaren arazoarekin?
Arazo nagusia da Estatua eredu bezala krisian dagoela. Nire ustez, federalismoa da irtenbidea, orain Katalanak bilatzen ari direnaren ildotik. Gainerakoan, irtenbide zehatzak dira ateak irekitzea, negoziatzea, hitz egitea. Besteen arrazoiak onartzea. Eta herritarrei kontsulta egitea ahal den guztietan, erreferendumen bidez.
Nazioarteko terrorismoaren arazoa konpontzeko modua bakarra da, Gobernuak distantzia jartzea Estatu Batuekin, eta arabiar mundura begira jar dadila berriro. Herri islamdarren eskaerak kontuan hartu behar dira. Paradoxarik handienetakoa da, Sadam Husseinen erregimen laikoa suntsitu dutela erregimen islamdar bat sortzeko.
Uste dut Espainiako Estatuaren funtzioa izan behar duela Europako Batasunaren barruan, lerrokatu gabeko estatuen buru izatea.

Atentatu honek zer marko berri sortzen du ETArentzat?
Nik uste dut hau dela momentua, ahalegin handi bat eginda, ETAk bere ideia politikoak mahaian proposatu ditzan. Alegia, herriak subirano izatea, herri kontsulta, autodeterminazioa... Hau da garaia esateko "borroka armatua bukatu da, eta familia nazionalistan txertatuko gara". Eurek erabakiko dute zer familia nazionalistetan sartu, edo berri bat sortu.

Zer elementuk eragin dute Madrilgo iritzi publikoan?
Madril hiri estatalista hutsa da, hiri-estatua. Estatutik bizi da, ez du beste bueltarik. Madrilgo iritzi publikoa botereari lotua dago. Beti esan da Madril aurrerapenaren ikur dela. Hori faltsua da. Momentu garrantzitsuetan beti salbatu behar izan da Madril kanpotik.
Ez dago batere informazio aniztasunik. Hemen oso bizitza klandestinoa daramagu. Jendeak iritzi bat eman dezake arratsaldeko kafea hartuz, baina ofizialki beti dago boterearekin ados.
Intelektual jendea ere botereari makurtuta dago Madrilen. Iritzigileek orain bost urte pentsatzen zutena ezagutu, eta egun esaten dituztenak entzunda lotsatu egiten da bat. Krisi egoeretan gertatzen dena da: intelektuala oso ausarta da botereak gizartea kontrolatzen duen bitartean. Baina gizartea kontrolaezin egiten den garaian, intelektuala boterera inguratzen da, esanaz bezala "kontrola itzazu ero hauek, nik pentsamendutan jolasten jarrai dezadan".

Javier Aisa, Iruñeko IPES Institutuko arabista: «Kanpo politika bateratua egin behar du Europako Batasunak»

Nola eragin dezakete osteguneko atentatuek Europako Batasuneko eta Espainiako politika antiterroristetan?
Ezer esan baino lehen argitu dezadan gauza bat: kontuan izan behar da atentatuak ez direla hartu behar gerra global baten barruan. Mehatxua ez dago bereziki egituratua. Noski, talde hauek nahi dutena Europako estatuek oreka galtzea da, hori da helburua. Europak eta Espainiak zer neurri hartuko dituzten? Batetik, gerra prebentiboaren bideari heldu diezaiokete (Estatu Batuen bidea jarraituz). Bestetik, zorroztasunaren eta lasaitasunaren bidea jarrai dezakete.

Europako Batasunaren eta Ekialde Hurbilaren arteko harremanak nola bideratu daitezke hemendik aurrera?
Europa zaharraren eta berriaren arteko harremanak estutzea lortu behar dela esaten da, baina batasun hori ez da lortu. Horren aurrean kanpo politika bateratua egin behar du Europako Batasunak.

Atentatuek nola eragingo diete Euskal Herriko eta Espainiako komunitate arabiarrei?
Komunitate arabiarrak ez kriminalizatzea lortu behar da. Elkarrizketa, elkartzea eta elkarrekin lana egitea da bidea. Komunitate arabiarrak muturreko taldeek egindako akzioengatik ezin dira baztertu eta kriminalizatu.

Zergatik egin dituzte atentatuak hauteskunde aurreko egunetan?
Arreta erakarri nahi dute talde hauek, komunikabideetan agertu nahi dute. Taldetxoak dira, eta hainbeste talderen artean, beraien lidergoa erakutsi nahi dute guztien gainetik. Hortaz gain, noski, herrialdeetako oreka hankaz gora jartzea nahi dute eta Europako herrialdeek gai honekiko dituzten proposamenek bat ez egitea lortu nahi dute.

Javier Sadaba (filosofoa): «Jendeak medioetan ikusten duenaren arabera pentsatzen du, eta bestalde, pentsatu nahi duena ikusten du medio horietan»

Moralki zer esan nahi du gobernuak atentatuen egileei buruzko datuekin gezurra esan izanak?
Jokabide hori erabat da moralaren kontrakoa. Herritik urrundu eta gobernuaren interesei bakarrik begiratu diete. Eta, okerrago dena, jarrera horrekin hildakoak erabili egin dituzte.



Nola ikusten duzu Aznarren agintaldi bukaera?
Ezin zuen bukaera txarragoa izan. Deabruaren eskuak bere agintaldiari azken ukitu bat eman nahi izan diola dirudi. Eta gainerakoa ere ez da bereziki ohoragarria izan. Nahiz eta ikuspegi ekonomikotik, eta hori ez da neurea, onartu behar zaion finantzen gorabehera hazi egin dela hein batean, albora utzi gabe inmigranteen erabilera eta zabor kontratuak.



Madrilgo herritarrek sinetsi dute medioek zabaldu duten gobernuaren bertsioa?
Orokorrean, jendeak medioetan ikusten duenaren arabera pentsatzen du, eta, bestalde, pentsatu nahi duena ikusten du medio horietan. Sorgin gurpil bat da. Eta gurpil hori eragiten dute gupidarik gabeko propagandak, eta jendearen erresistentzia ezak.
Orokorrean oso informazio aniztasun gutxi dago. Eta dagoenean, boterea lortu nahi duten bi indar daudelako da.



Erraza da Espainiako iritzi publikoa manipulatzen?
Herritarrek duten hezkuntzaren arabera da. Kultura demokratikorik ez badute, orduan lurra jorratuta dago sinetsi dezaten botereak nahi duena. Baina boterearen zerbitzuan jartzen diren zuritzaileek ere badute erantzukizunik.



Atentatu honek zer eragin ekarriko ditu terrorismoaren kontrako politikan?
Pentsatzen dut, Amerikako Estatu Batuetan gertatutakoaren antzerakoa errepikatuko dela Espainian. Kausak aztertu beharrean, konturatu beharrean testuinguruak jarraituko duela bortxa indiskriminatu eta irrazionala sustatzen, hiritarren eskubideak murriztuko dituzte. Eta inpresioa dut atzerritarren legea askoz gogorrago egingo dela.



Zer azalpen ematen diozu atentatu honi?
Esan behar den lehen gauza da, gerra injustu eta absurdu batean sartu izanaren ondorioetako bat dela. Era berean, beste zantzu batzuk ere baditu: jendearen desesperazioa, erlijioak fanatizatu izana, eta batez ere, mundu krudela sortu dugula. Zehatzago esanda: kapitalismo fundamentalistaren buru diren amerikarrak (Espainiako morroi eta guzti) mundua ezerezean uzten ari dira.



Nola jokatu behar da egoera honetan?
Mundua aldatzen dugun bitartean, ardurak eskatu behar zaizkie politikariei, ez gaitezen euren gezurretan eror eta saia gaitezen gizarte berri bat sortzen, bortxakeria hau eragin duen beste bortxakeria hautsiko duena.

Javier Ortiz (kazetaria): «Ipar-Hegoaren gatazka nagusiak gero eta indarkeria gehiago eragingo du Lehen Munduan bertan»
Aznarrek bere agintaldia bukatu berri du. Zer iruditzen zaizu bere amaitzeko modua?

Patetikoa. Beste gauza bat da, gizarte espainiarraren zati handi batek ez duela horrela ikusten.
 
Zertan izango zen ezberdina ekintza bera, egilea Al Kaeda izan edo ETA izan?

Gauzak sakon aztertuta, Aznar eta bere akolitoak berdin utziko zituen ipurdi bistan. ETA izan balitz masakrearen arduradun, ekintza hori izango zen froga bat frogarik terribleena, baina ez bakarrik agerian utziko zuena Aznarrek Euskal Herriko indarkeriaren kontra erabili duen politikaren porrota.

Aznarrek ETAren indarkeriarekin sei urtetan bukatuko zuela esan zuen 1996an. Zortzi pasatu dira, eta lortu duena arazoaren alde armatuaren intentsitatea gutxitzea izan da eta ez dakigu aldi baterako bakarrik gutxitu duena. Horrek arazoaren alde politikoa gehiago estutu du. Batere irteerarik proposatu gabe doa Aznar.

Al Kaeda sareari lotutako talderen batena izan bada, denak erakusten duen bezala, beste froga argi bat da agerian geratu dena. Corriere della Sera-ren editorialak martxoaren 12an marraztu zuen Aznarrek Irakeko gerran izandako jarreraren karikatura mikatza. Erakusten du nola ikusten duten Aznar han, Alfredo Urdaciren itzal luzea iristen ez den tokian. Italiako egunkari prestigiodunak Espainiako Gobernuko burua salatu zuen, gizartera erakarri zuelako islamdar terroristen gorrotoa. Zer, eta trukean gauza bakarra lortzeko: George W. Bushek bere Texasko arrantxora gonbidatzea, bizkarrean kolpetxo batzuk emateko. Dudarik gabe, Washingtonen goranahien lekaio perfektua izan da, eta Espainiako Estatuak Europarekin zituen harremanak suntsitu ditu.
 
Zer klabeetan ulertzen duzu atentatua?


Uste dut Ipar-Hegoaren gatazka nagusitik datozen beste gatazka batzuek gero eta indarkeria gehiago eragingo dutela Lehen Munduan bertan. Indarkeria hau ia saihestu ezin den ondorio bat da, etengabe eta indarrez ito direlako Washingtonek onartzen ez dituen alternatiba politiko denak. Hirugarren Munduan jaio eta garatzen direnak, hain zuzen.
Gabirel Ezkurdia, GAINeko kidea (Nazioarteko Ikerkuntzarako Euskal Bulegoa): «Gertaera honek duen proiekzioa oso kaltegarria eta beldurgarria da»

Gabirel Ezkurdiarekin Madrilen izandako atentatutari buruz hitz egiteko aukera izan dugu. Hainbat galdera egiteko asmotan ginelarik, aurretik hainbat gauza argitu nahi izan dizkigu. Ezkurdiaren ustez, "mendebaldarrentzat zaila da Al Kaeda erakundearen egitura ulertzea". Sobietarren aurka burututako gerran Pakistanen antolatu zen entrenamendu-esparru bat izan zen Al Kaeda; bertan, ideologikoki bat zetozen 30.000 pertsonaz osaturiko errolda egin zen; eta "orain helburu bakoitzaren arabera taldeak antolatzen dituzte". Hainbat ekintza burutu dituzte han egondakoek. Gogorrenak Irailaren 11koa, Balikoa eta joan den ostegunean Madrilen izandakoa izan dira, guztiak,Afganistan eta Iraken aurka antolatutako gerren erantzun gisa, atentatuen egileek adierazitakoaren arabera. Hala ere, joan den ostegun arratsaldean Londresko Al Quds Al Arabi egunkariak jasotako agirian Abu Hafs al Masri Al Kaeda erakunde pakistandarrak atentatua bere gain hartu izanak "zalantzak sortu zituen nazioarteko gaietan jakitun direnen eta arabiar eskualdeetako herritarren artean. Arrazoia talde honen ahultasuna omen, baina arabiarren artean hain prestigiotsua den komunikabideak agiria argitaratu izanak zalantza guztiak alboratu zituen", dio Ezkurdiak. Osteguneko atentaturako "taldetxo bat antolatu zela pentsatzen" dela dio Ezkurdiak, baina hilketa honek izan zezakeen eragin politikoak erakarrita Abu Hafs al Masri Al Kaeda erakundeak bere gain hartzea erabaki zuela.

Gaur egun arte Europak eta Espainiak erabili duten terrorismoaren aurkako politikan eraginik izan al dezake Madrilen gertatutakoak?
Egia esan, gertaera honek duen proiekzioa oso kaltegarria eta beldurgarria da; oso erraza da horrelako ekintza bat beste edozein lekutan ere egitea. Espainiari begira, esango nuke ez dakidala zenbaterainoko gaitasuna izango duen gainera etorri zaienaren aurrean erreakzionatzeko; gizartean sortuko den psikosia izugarria izango da gertatutako barbarieaz ohartzen direnean. Politika antiterroristari dagokionean, berriz, bai Europan eta baita Espainian ere AEBetako politika berdina erabiliko da: kontrola ugarituko egingo da.

Zein izango da talde horien hurrengo helburua?
Oraindik ere, Espainiak horrelakoak jasateko dituen aukerak handiak dira, operatiboki erraztasunak eskaintzen baititu: inmigrazio kopurua handia da eta bertatik ateratzea ere oso erraza da. Britainia Handiak, Italiak eta Poloniak ere aukerak dituzte. Polonia adibidez, ultrakatolikoa izateaz gain, gurutzada erlijiosoetan sartuta dago. Gainera, Iraken zati baten buru izatetik Europako Batasunako partaide izatera pasako da epe laburrean.

Arabiar komunitateen bizitzan aldaketarik eragingo al du gertaera honek?
Espainian, beldurrak eraginda, komunitate horiek diskriminazio handia jasango dute; arrazakeriak gora egingo du Irailaren 11koaren ondorioz gertatutako beste hainbat gauzekin batera.

Europako Batasuna eta Ekialde Hurbilaren arteko harremanean aldaketarik sumatuko al da?
Europak ez dauka joko handiegirik egiteko aukerarik, AEBek jokaleku guztia inposatzen dute.


ASTEKARIA
2004ko martxoaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude