argia.eus
INPRIMATU
Mikel Aramendi (Analista politikoa): «Sute-eskaileratik»
2021eko uztailaren 27a

Martxoaren 14ko hauteskundeetan PSOEk lortu duen ezusteko garaipenaren ondorioez luze hitz egin beharko da datozen asteetan. Gobernu lanaren atal gehiegi »ia denak, egia esateko» daude definitzeke irabazleek beraiek ere zinez espero ez zuten garaipen horren gibelean. Gauza bat bozemaileak suhartzeko irabazle plantak egitea, eta oso bestelakoa benetan gobernuaz arduratzeko gaituta eta prestatuta egotea. Derrota duin baten ondoren, 2008rako ikusmiran, oposizioaren burutzan sendotzea zen Zapateroren kanpainaren benetako xede estrategikoa; horren ordez, Moncloako giltzak eman dizkio hautesleria haserretu batek. Besterik gabe.
Ikuspegi askotatik atsegina gerta dakigukeen anomalia horren sorburuan M-11ko sarraskia eta haren kudeaketa dagoela errepikatu beharrik ere ez legoke. Sozialistek irabazitakoak ezik Aznarrek galdutakoak dira 2004ko hauteskundeak. Eta galera horren zergatien inguruan ere hamaika hitz egin da. Ia mundu guztiak, gehiengo absolutuan hazi den Aznar beraren deriba megalomano eta autoritarioa aipatu du. Eta, seguruenik, nahiko zuzena da diagnostikoa, gero eta erabaki pertsonal eta arbitrarioagoen bidetik eraman baitu partidua, azkenean hutsegite bikoitz ikusgarria burutzeraino: Irakeko abenturan sartu eta, haren ondorio kasik logikoa iritsi zaionean, eskol-ume iruzurtien amarruekin libratu nahi izatea.
Baina huts erabakigarri horiek ez dira soilik eta funtsean Aznarren bat bateko ateraldiak izan, baizik prozesu luze baten emaria: boto emaileei, herriari errespetua galduz joan da PP. ‘Muxia efektua’ deitzen diot nik neure artean, Prestige petroliontziaren kutsadurarik latzena nozitu ondoren, udal hauteskundeetan PPren gehiengoa berretsi zuen herriagatik. Buruzagi eta aholkulari popularrek maiz aipatu dute kasua eta, ozenki ez esan arren, argiro ulertzen zitzaien mezua: sariak, beldurra eta propagandaren bizkorgarri ideologikoak neurri egokian erabiliz gero, ez legoke arriskurik, eginak egin. Prestigeren hondamendiaren errepikapen handitua izan da M-11koaren aurretik metatu eta ondoren lehertu den krisia.
Amaiera da alderantziz suertatu dena, eta sute-eskaileratik utzi du agintea Aznarrek.