Gerardo Bujanda: «Espainiar Erregimentuari nahiko ziri sartu genion»

  • Gerra Zibilean 17 urterekin gudari sartu zenean, nork esango zion Gerardori nobelatako bizitza izango zuenik? Denborarekin kontzentrazio-esparrutan zaindarien psikologiaz ikasiko zuen, langile batailoitan heriotzarekin tratuan arituko, Afrikan Erregimentuari ziria sartuko zion, Donostian klandestinitatean biziko zen... Urte ilun haietan ere, umorea zen Gerardok galduko ez zuena. Bizitzan kasualitateak duen indarra eta umoreak duen garrantzia erakutsi digu, irribarreaz gain zer pentsatua sortzen duten pasadizoen bidez.


Gerra Zibilean,17 urterekin Saseta Batailoian sartu zinen zeure borondatez.

 

Donostiako San Bartolome kuartelean nengoen. Gudari izan nahi genuenak kamioi batean sartu eta Iruneko frontera joan ginen. Nire anaia Benito (gero hil zena Peña Lemonako batailan) zen bertako teniente. Ikusi orduko zaplazteko bat eman zidan, eta bueltatzeko agindu. Ez zuen nahi ni frontean egoterik, jada hiru anaia geundelako gerran. Gehiegi zen.
Joandako kamioi berean bueltatu nintzen koartelera. Baina ez nintzen han gelditu. 17 urteak Oiartzungo frontean bete nituen.


18 urte egin zenituen egunean bertan, preso hartu zintuzten Santoñan. Zer da Santoñan gertatu zena?

 

 

Nik ez dakit. Urrutian itsasontzi batzuk zeuden. Esan ziguten Ingalaterrakoak zirela, eta denak eramango gintuztela, batzuk Ingalaterrara, besteak barkuz Frantziara eta ondoren Kataluniatik barrena berriz gerrara. Konforme geunden denok, faxisten eskuetan erori baino, edozer gauza. Zer eta itsasontzi haietan italiarrak sartu ziren. Italiarrek hartu eta kontzentrazio-esparrura eraman gintuzten denak, Laredora.
Behin Laredoko kontzentrazio-esparrura erreketeak sartu ziren, tolosarrak zirela esaten zuen jendeak. Gu hiltzera zetozen. Italiarrek ez zieten utzi. Oso ondo portatu ziren italiarrak gurekin, nahiz eta gerran euren akatsak edukiko zituzten (gerran edozer gauza gertatu daiteke-eta). Laredon, bospasei egunera tifusa hartu nuen.


Tifusa zenuela-eta Santanderreko ospitalera eraman zintuzten.

 

 

Gogoratzen naiz ozpinetan bainatu nindutela. Sukar izugarria nuen, gaizki ibili nintzen oso. Eta nola diren gauzak! Ospitaleko zuzendariak, Elvira Lopez Dorigak, kontu handiz zaintzen ninduen. Ez nekien zergatik. Lepoan domina bat neraman, Benitorena zena (gerran hil zen anaiarena). Emakumeak ikusita Loiolako San Inazioren domina hura, eta jakinda Santoñatik nentorrela, denbora puska batera hala esan zidan: "Zu gudarietakoa zara, ezta?". Nik baietz; urduri nengoen, ez nintzen fiatzen. Eta hala segi zuen: "nire aita, Doriga koronela, preso zegoen Santoñan. Gudariei eskerrak, aita etxera etorri zen". Nik behin eta berriz esan nion, ni ez nintzela gudari talde hartan, nik ez nuela libratu. Baina berak hala ere estimu hori bazidan. Eta nire gudako amandrea izan zen gero! Kontzentrazio-esparruetara etortzen zen bisitan, eta gutunak idazten genizkion elkarri. Bere helbidea ez zait behin ere ahaztuko! Guda bukatu zenean, "hau da idazten dizudan azken aldia" esan nion.


La Magdalenako kontzentrazio-esparruan izan zinen gero. Makina bat gertakari izan zenituzten...

 

 

La Magdalenan ehunka lagun geunden. Tartean bazen Donostiako argiketari bat, Luis, geroztik maiz ikusi dudana. Noizbehinka, Luisek berak erretzen zituen plomuak, edo matxura bat sortzen zuen bestela, eta kontzentrazio-esparru osoa ilunpetan uzten zuen! Gure zaindariak berehala hasten ziren: «Datorrela argiketaria! Non arraio sartu da?». Eta Luis han azaltzen zen, serio-serio, eta konpondu egiten zuen berak egindakoa! Adarra jotzeagatik egiten zuen, izorratzeagatik.
Hamar lagun geunden gure logelan, estu, pilan. Nik ez dut erre sekula, eta nire gelako lagunek erretzen zuten. Niri jarri zidaten bakoitzari bere tabako errazioa banatzeko ardura. Kutxarila batekin egiten nuen. Zorrotza nintzen, «ez dizut gehiago emango, arratsaldeko lauetan da hurrengo errazioa!". Eta ogi bila joateko ardura ere eman zidaten. Gure jergan «txuskoa" esaten genion ogi errazioari. Gelan hamar geundenez, hamar txusko behar izaten genituen. Behin errazionamendua partitzen zutenak nahastu, eta hogei txusko eman zizkidaten. Gelara itzuli nintzenean, lagunak begiak atera beharrean jarri ziren, jateko pronto, goseak akabatzen baikeunden. Nik ordea "ez, ez dugu gaur jango", bota nuen. Hamar txusko hartu eta zaindariei bueltatzera joan nintzen, nahastu egin zirela esanaz. «Oso ondo, oso ondo», esan zidaten zaindariek. Gelakoak sutan jarri ziren, jakina, zer arraiogatik itzuli nituen galdezka. Bada handik aurrera, guri egunean bi txusko gehiago ematen zizkiguten zaindariek.
Sekula ikusi gabeko eszena hantxe ikusi nuen, La Magdalenan. Galo izeneko gizon zahar bat zigortu behar zutela-eta, banderaren postera lotu zuten. Zaindariek beste bi preso hartu zituzten, hauei makila eta porra eman, eta agindu zieten Galo egurtzeko. Presoek ezetz, eurek ez zutela joko. Zaindariak oihu batean: "Orduan beste bi preso ekarriko ditugu, zuei jotzeko, eta zuek Galori jotzeko!". Azkenean batek kordea galdu zuen. Beste bi preso ekarri zituzten, eta haiek eman zioten Galori.
 


Langile batailoietan ibili zinen hainbat tokitan: Badajoz, Toledo, Andaluzia, Guadalajara, Madril... Zer lan egin zenituen?

 

 

Trintxerak egin, hilak lurperatu... Gogoan dut zubi bat egiten aritu ginenekoa. Bertatik bertara zeuden gorriak; ibaian barrena, enborrei lotuta koñaka bidali ziguten. Behin langile batailoiko bi lagun saiatu ziren gorrien aldera pasatzen. Zaindariek harrapatu eta gure aurrean fusilatu zituzten. Nire ondoan zegoen horietako baten anaia. Hilerrira eraman genituen gorpuak. Ez ziguten atea ireki nahi, eta kanposantu aurrean utzi genituen.
Minak lehertzen ere aritu ginen; zementuz jarriak egoten ziren errepidean. Erreparatzen genuen non zegoen kableren bat, eta kableari segika-segika topatzen genuen mina; gero pikotxa eta palarekin edo eskuekin mina ingurua hustu eta kentzen genuen. Sei-zazpi lagun hil ziren, oso arriskutsua zen.
Goseak akabatzen geunden beti. Batzuek ikusmena ere galdu zuten, goseagatik. Madrilen lapurretak egiten genituen. Guda bukatuta iltzeak eta motorrak estimatzen ziren asko, ez zeuden-eta. Guk horiek lapurtu, jendeari saldu eta diru horrekin erosten genuen itsu gelditutako lagunek behar zutena.


Gero soldadutzara deitu zintuzten eta 3 urte eta erdi egon zinen Afrikan, Tzelatza de Anyeran...

 

 

Afrikan oso ondo egon ginen. Ondo jaten genuen. Kostako Artillerian nengoen. Telemetro bat zeukaten (prismatikoen gisako tresna da, baina erraldoia). Alemaniarrek errusiarrei kendutakoa zen telemetroa, eta gero espainiarrei eman zieten. Ni telemetroetako buruzagia nintzen, itsasartean. Hantxe, erregea bezalaxe nengoen. Banekien itsasarteak 14 km inguru zituela, eta horren arabera kalkuluak egiten nituen, zer itsasontzi pasatzen ziren, zenbat distantziara... Kontuak egiten genekien bakarrak Irungo lagun bat eta biok ginen. Gero informeak Estatu Nagusiari ematen nizkion. Eskatzen zuten informazio askori buruz ez nekien tutik ere; adibidez, nola jakingo nuen, bada, itsasontzi haiek zein «karga posible» zeramaten! Informeetan jartzen nuen dena gezurra zen. Baina militar asko bizi zen informeen kontura.
Erregimentuari nahiko ziri sartu genion! Mairuak oso kafezaleak dira. Guk Intendentziari lapurtzen genion kafea, gero mairuei ematen genien arrautzen truke, eta arrautzak saltzen genizkion Erregimentuari. Bestetik, basurde asko harrapatzen dute mairuek, baina ez dute jaten (erlijioagatik, eta basurdeek trikinosi gaitza dutelako). Basurde kiloa bost pezetan saltzen zuten. Guk erosi eta Erregimentuari saltzen genion, 9 pezetan. Diru asko genuen.


Donostiara itzulita, klandestinitatean mota guztietako lanak egin zenituen...

 

 

Batez ere iheslariei etxeak bilatzen edo Franco zetorrenean jendea ezkutatzen aritzen nintzen. Ni ere askotan izan naiz besteen etxean. Propaganda idazten genuen edo Bidasoatik ekartzen genituen propaganda zakuak, beste aldetik txalupaz pasatzen zizkigutenak.
Gerra ostean, Euskadiko lehen greba orokorraren propaganda ere, nire etxean egin genuen. 1947a zen. Ajuriagerrak pentsatu zuen grebarena. Etxean multikopista zahar-zahar batekin aritu ginen, bi egunez, propaganda prestatzen. Mendizaleei ere hamaika hitzaldi emana naiz Urbian, Adarran, toki guztietan.
Gezurrak edo ziriak ere, zenbat ez ote ditudan sartu! Apaizei sartutakoak izaten ziren onenak. Gipuzkoa Plazan elkartzen zen apaiz piloa. Eurengana jo, gezurra esan, eta apaizek serio-serio entzuten zuten; gero abilenak ziren herrian zabaltzen! Ziriak gezur politikoak ziren, gure ideologiari mesede egiten ziotenak eta frankismoarekiko beldurra edo zalantza sortzen zutenak jendearen artean. Halako oso larri zegoela, edo beste halako atxilotu egin zutela... tarteka egia zen, eta tarteka gezurra. Lagunek askotan esaten zidaten: "Baina hori ez du inork sinetsiko!". Eta nik "ez duela inork sinetsiko? Jendeak sinesteko beharra du!".


Lan horiek ez ziren, ordea, musu truk...

 

 

Hamaika aldiz egon naiz ezkutatuta, polizia atzetik nuela. Atxilotuta ere ez dakit zenbatetan egon naizen; behin nire emaztea eta alaba txikiena ere hartu zituzten. Tratu txarrak ere jaso nituen. 1967an poliziek ospitalera eraman behar izan ninduten, eta han egon nintzen 15 egunean. Multak ere izan nituen, eta lanetik bidali ninduten.
Egin ditudan ekintzetan beti kezka bera izan dut: nigatik ez dadila beste inor joan kartzelara. Eta ez egin ezer, defendatu ezin denik. Kartzelara gauza nobleengatik joan behar da, jendeak uler ditzakeen gauzengatik.


1947ko Aberri Eguna Donostian. Irratia moztu eta euskal mezu bat sartzea lortu zuten batzuek...

 

 

Ni ez nengoen irratia moztu zutenen taldean, baina jakinaren gainean nengoen, bai. Ingeniari batek, Jose Joaquin de Azurzak, pentsatu zuen dena. Aberri Egunaren bezperan, gauez egin zuten lana.
Erregimenaren ahotsa zen Radio San Sebastian, EAJ-8 emisorea; Euskal Herri osotik entzuten zen, eta Igeldon zegoen. Emisorearen hariak, postez poste, hiritik Igeldoraino iristen ziren. Taldeko batek telefonotan egiten zuen lana, eta poste batera igota, irratiaren haria aurkitu, eta hartune bat jarri zion beste mikrofono batera. Biharamun eguerdian, Aberri Egunez, Radio San Sebastianen programa moztu eta bi esaldi esatera iritsi ziren: «Euskotarrak entzun, gaur Aberri Eguna dugu! Gora Euzkadi Askatuta!».


1951n EAJtik bota zintuzten. Zergatik?

 

 

Urte hartantxe ezkondu nintzen, eta bidaia egin genuen Iruñean, Bilbon eta Gasteizen barrena. Gasteizen kartzelan zeuden hiru laguni egin nien bisita. Agote, Larrea eta Berakoetxea ziren, horietako bi kartzelan zeuden Aberri Egunean Radio San Sebastian moztu zutelako. Bisitan karta bat pasa zidaten, Jose Antonio Agirrerentzat. Agirrerekin kontaktua zuen beste bati eman nion nik gutuna. Gero Agirreren erantzuna etorri zen, baina ez zen nire bitartez etorri. Eta partidutik bidali ninduten, diziplinarik ezagatik. Zeloak dira azkenean, zaharrok ditugun zeloak.


Radio San Sebastian moztu zuen ingeniari bera, Jose Joaquin de Azurza, izan zen Euskal Herrirako irrati klandestino bat asmatu zuena, Venezuelan egongo zena...

 

 

Halaxe da, Radio Euzkadi ere bere asmakizuna izan zen. Aberri Egunean irratia moztu zutenean, Jose Joaquini etxera joan zitzaizkion bila. Leihotik patiora salto egin eta ihes egin zuen. Venezuelara joan zen, eta han pentsatu zuen posible zela Venezuelatik egitea Euskal Herrian entzuteko irrati bat. Ingeniari burua zuen, argia zen oso.
Radio Euzkadi sortu zen hala. Irrati klandestinoa zen, inork ez zuen jakin behar non zegoen (zineman ikusten denez, alemaniarrek bazituzten aparatu modernoak jakiteko irrati uhinak nondik zetozen). Horregatik jarri genion Txalupa izena, denek pentsa zezaten itsasontzi batetik emititzen zela. Munduaren azken puntan zegoen irratia, Venezuelako oihan batean.


Zu Radio Euzkadiko kolaboratzailea zinen. Hemengo berri emanez gutunak bidaltzen zenituen. "Jon de Igueldo" zenuen irratiko ezizena. Inork ba al zekien zu zinela «Jon de Igueldo»?

 

 

Nire emazteak ere ez zekien, orain gutxi jakin du ni nintzela "Jon de Igueldo». Jendeari kalean komentarioak entzuten nizkion: "Entzun duzu Radio Euzkadi? Esan dute halako etxetakoak erregimenaren aldeko oihuak egin zituela, edo Don Nemesio apaizak halako egin duela...". Gustura entzuten nituen komentario horiek, jendearengana iristea zelako gure sari txikia. Hori bai, irratian esaten nituen denak egia puruak ziren, ez nuen ziririk sartzen.


Agirre lehendakariari buruz, Amerikan pasatako garaiaz dakigu gutxien. CIArekin kolaboratu zuela uste duzu?

 

 

Agirrek ez dakit, baina guk bai. Nik beti egia esango dut, nahiz nire kalterako izan. Ingelesekin eta Amerikarrekin kolaboratzen genuen, hemen bertatik, muga hortxe baitugu. Euskal Herriko informazioa ematen zuten. Eta Amerikarrek dirua ematen ziguten; Ingelesek ez, baina kontaktua bazegoen haiekin ere. Eta nik hori badakit, bi lagun banituelako lotura zuzena zutenak, batak ingelesekin eta besteak amerikarrekin. Baina hilei errespetua zor; lagunek euren sekretua eraman zuten kanposantura, eta nik ez dut hortik aurrera ezer esango.


Lehen legegintzaldian Gorteetarako diputatu aukeratu zintuzten, Arzalluz eta Monforterekin batera. Konstituzioaren eztabaidan parte hartu zenuen, Defentsa Batzordean...

 

 

Nik ordea ez neukan jakintzarik. Partidua klandestinitatetik irteten zen garaia zen, eta ni ez ninduten aukeratu gai horretan aditua nintzelako; estudiorik ez nuen-eta, 15 urterako umezurtz gelditu baikinen.
Defentsa Batzordean barrez egoten nintzen neurekiko, ikusita batzuek zer atrebentzia zuten, ideia zipitzik ere ez zeukaten gaietan ere adituei eztabaidatzeko! Teniente Jeneral bat zegoen Defentsa Batzordean: Gutiérrez Mellado. Eta berari eztabaidatzen zion, txotxolo batek, Pirinioetan zer tanke liratekeen egokienak. Teniente Jeneralaren erantzuna zen: "Baina gizona, gaur dauden hegazkinekin jada Piriniorik ez dago-eta!". Eta beste txotxoloak segi, egoskor. Teniente Jeneral batekin eztabaida zenezake politikaz, erlijioaz, gastronomiaz... baina ez berea den esparruaz!


Pixkanaka politikatik urrundu zinen. Zergatik?

 

 

Hala da, orain asanbladatara soilik joaten naiz. Urruntzen joan nintzen, gauza asko daudelako EAJn gustatzen ez zaizkidanak. «Eskalatzaile» asko dago.


Gaurko egoera nola ikusten duzu?

 

 

Gaurko egoerak min handia egiten dit. Etxetik atera eta pintadak ikustea, ongi etorria emateko kartzelan 22 urte egon den preso bati... Pertsona horrek ez balu minik sortu, tira. Baina pertsona horrek mina eragin du, eta kaleak pintadaz zikintzen dituenak badaki pintada horiek ez zaizkiola gustatzen herritar asko eta askori. Eta kontuz: era berean mina egiten dit, izugarri, 22 urte kartzelan pasa izana pertsona batek, badakidalako zer leku den hori. Injustizia hutsa da zigor hori, bizitza guztia hondatzen diote, ez presoari bakarrik, baita senideei ere.
Bestetik zirkunstantziak gaur askoz hobeto ikusten ditut, orduan baino. Orain euskarak badu askatasun bat (nahiz ez den erabatekoa), lehen ez zuena. Herri bezala aurreratu dugu. Lehen ikurrina jartzea sekulako ekintza zen, gaur ez dauka meriturik. Gaur meritua da euskaraz hitz egitea, ikasketak euskaraz egitea. Bizi naizen Antigua auzoan ere, gaur kalea oso euskalduna da. Hori pentsatzean, egin dudan guztia ondo egindakotzat jotzen dut. Ez naiz damutzen nire iraganaz, berriz egingo nuke egin dudana. Baina oraingoek askoz hobeto egiten dute, buru gehiagorekin; oraingo gaztediak askoz gehiago daki.
Ez naiz batere tragikoa, ez pesimista. Uste dut herri bezala askatasunetik geroz eta gertuago gaudela. Gaur askatasun askoz gehiago dago, eta hori baliatzen jakin behar da. Lehenago trantsizioa egon zen bezala (ez dakit trantsizio bat izan den ere baina...), orain ere pasa behar dugu askatasun gehiagoko beste erregimen batera.

 

Curriculuma
jaio: Donostian, 1919an.

Ibilbidea
17 urterekin, Gerra Zibilean, Sasetaren batailoiko gudari izan zen.
18 urte bete zituen egunean Santoñan preso hartu zuten. Kontzentrazio-esparrutan, Langile Batailoitan eta kartzelatan egon ostean, 3 urte eta erdi egon zen Afrikan, soldadutzara deituta.
Donostiara itzulita euskal erresistentzian sartu zen. Ezagutu zituen Joseba Salegi, Galarza, Retolaza, Solaun edo Ajuriagerra, besteak beste.
Hitzaldiak eman zituen, iheslarientzat etxeak lortu, propaganda antolatu... Horrek ekarri zizkion hamaika atxiloketa, poliziaren tratu txarrak, multak eta etxe miaketak.
Klandestinitatean zegoen Radio Euzkadin kolaboratzaile izan zen 12 urtean, «Jon de Igueldo» ezizenpean.
Gipuzku Buru Batzarreko kide izan zen. Lehen hauteskundeetan Gorteetako Diputatu hautatu zuten EAJtik.

Bertsoa

Doinua: mutil koxkor bat

Hainbat bizipen, hainbat borroka
zeure bizitzan pasata
Ajuriagerra eta besteak
ezin gogotik aparta.
Nor ziren askok ez zekitela
diozu zure-kasa ta
lasai, Gerardo, jendeak ez du
beraien berririk falta
Jon de Igeldok kontatu zien
pixkanaka pixkanaka.

Hutsunea
«Ni naiz, gerran aritu ginen lagunetatik, gaur bizirik gelditzen den gutxietako bat. Lagun horietaz oso oroitzapen ona dut; une txarrak bizi izan ditugu elkarrekin. Nik baino askoz meritu gehiago zutenak hilda daude gaur. Eta horrek min ematen dit, jendeak ez duelako sekula jakingo zer egin zuten, euren nostalgia zer zen. Nire aurrekoei dena eskertu nahi diet, ezagutu ditudan Leizaolari, Rezolari, Jauregiri, Ajuriagerrari... «.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude