argia.eus
INPRIMATU
Igande goiza Gatwicken
Igor Estankona 2004ko martxoaren 14a
Gosaldu barik atera ginen etxetik aireporturantz baina hobe gosaldu izan bagenu, Bilbora iritsi arte ez baikenuen astirik izan eseri eta zer edo zer jateko. Beldurturik, korrika, belarrian seinalea ezarri behar dieten ardi ezjakinen antzera hasi dugu mendea. Besteenganako fidagaitz, osterantzeko kulturenganako uzkur, estimua galduta, aireportuetako goizak segurtasun arduradunek ezarritako erritmoan doaz: sano geldo.
Lehenbizi jaka eta eskuko maleta utzi behar dizkiezu, gero metala antzemateko arkutik igaro, aurrerago txoritxoari irribarre egin eta, hala agintzen dizuten bakoitzean, kanpora doazenak eta herrialdean geratzen direnak bereizten dituen txartela erakutsi. Azkenerako zure buruari galdetzen diozu ez ote duzun benetan merezi Guantanamon egotea.
Zelan gelditu ez dakiten makina erraldoi bat jarri dute martxan. Buruzagien biziraupena segurtatzeko bat-bateko neurri erdi-psikologikoak isatsari haginka ari den txakur amorratuaren istorioa bihurtu dira. X izpien aparailutik ume baten zamarra arrosa pasatzen zutelarik pentsatu nuen zati batean behintzat modu lotsagarri honetan bidaiatu beharko dugula.