argia.eus
INPRIMATU
Farmakoen beharraz
Joxemari Ostolaza 2004ko otsailaren 14a
Hamabost bat urte badira, kirol medikuntzaren balioaz jabetu ginela. Prestakuntzaren oinarriek, entrenatzaile arduradunaren subjektibitatean, bere intuizioan baino zientifikoagoak behar zutela. Etengabeko hobekuntza gauzatzeko, indibidualizatu behar genuela prestakuntza. Bazirela gure esku leudekeen aldagaiak ezagutu eta emaitzak hobetzea. Futbolaz ari naiz. Ordura arte, guk ezagututako prestakuntzan entrenatzaile bakar baten agindutara aritzen ginen, informazio iturriak bakoitzaren sentsazioetara mugatuz. Bihotzaren taupadak genituen jardunen kontrol-bide ia bakarrak. Fisiologian kezkaturik zebilen mediko bat hartu genuen laguntzailetzat. Ordurako, Orbea txirrindulari taldeak Pascua Piqueras medikoarengan ezarria zuen txirrindularien oinarrizko prestakuntzaren ardura. Eta odolaren garrantziaz jabetzen hasi ginen, emaitzen hobekuntzek horretara eraman baikintuen.

Futbolari guztiek modu ezberdinean erantzuten zioten entrenamendu fisikoari. Bakoitzaren organismoa zen berezia, lan fisiko berdinaren demandari era propioan, ezberdinean erantzuten ziona. Bihotz taupadak eta laktatoak ez ziren aski informazio ezberdintasun horiek kudeatzeko. Eta lehen odol azterketa egitean, otsailean denboraldiaren erdi aldera ohartu ginen jokalari ia denek bazutela anemia puntua, eta neke fisiko horrek ondorio zuzenak zituela jokalariengan. Pot. Logabetasuna, antsietatea, ezina, erruen metatzea jokoan... Burdina, ferritina, globulu gorriak, hematokrito. Eskas. Bitaminak behar zituzten konpetizioan jarraitu nahi baldin bazuten txukun. Eta horrekin batera, entrenamenduaren bolumena eta intentsitatea norbanakoari egokitu azterketen arabera. Emaitzek ez dute barkatzen. Arrakasta, ospea izan liteke droga gogorrena. Geroz eta iritzi hedatuagoa da kirol profesionalean dopinaren beharra ezinbestekoa dela emaitzetan norbait izateko. Honaino iritsi gara gure hipokresian.

Medikoa, entrenatzaile kualifikatua baino tranpa egiteko elementutzat daukagula irudipena daukat. Inoiz, inongo kontroletan dopatua harrapatzen ez duten kirolariaren medikoa da kualifikatua, fama ona biltzen duena. Eta alderantziz. Jokalari profesional bik utzi dute berrikitan beren bizia futbol zelaian. Festina, Pantani, puntako tenislariak, atleta olinpikoak... Kontrolak pasa dituzten heinean, dopatuta ere garaipenak lortu dituzten bitartean erotuta eduki gaituzte jarraitzaileak. Agintariak, kazetariak, federazioak, estatuak. Txalo jotzaile erronkariak garaipenetan, suntsitzaile harrapariak porrotetan. Eta kirolari zigortuak, bakardadean pot bere buruaz beste egiteko kapaz. Eta segi dezala espektakuloak gorputzak lehertu arte.