Deia egunkarian egindako elkarrizketan Txaro Arteaga Emakundeko zuzendariak euskal gizartea ere gizarte matxista dela dio, «inguruan ditugun gainerakoak bezala». Kazetariak Irun eta Hondarribiko alardeak aipatzen ditu adibide gisa. Arteagak baietsi egiten du: «Gizarteetan gutxinaka aurreratzen da eta, esate batera, bazterketa arrazari dagokionez identifikatzen dugu. Gizon beltz bati Alardean ateratzea debekatuko baliote, hori arrazakeria gisa ikusiko genuke. Emakumeekin berdin gertatzen da, emakume izatea da desfilatzen ez uzteko arrazoi bakarra, baina hori oraindik ez da sexismo gisa identifikatzen. Oraindik ez da nahiko aurreratu halako jokaera bat bazterketa gisa identifikatzeko, gutxieneko kultura demokratikoa duen edonorentzat hala dela argi dagoenean. Giza Eskubideen Aldarrikapenak dio ezin dela bazterketarik egin sexu, erligio edota arrazaren arabera, baina sexuarena oraindik ez dugu identifikatzen. Oraindik ere oso kultura demokratiko txikia dugu». Arteagaren esanetan, Berdintasunaren Legea onartzea da bere jardun instituzionalaren erronkarik handiena eta uda aurretik hori lortzea espero du.