argia.eus
INPRIMATU
Sukaldean: Urraburua gatzetan errea
Hasier Etxeberria 2021eko uztailaren 28a
OSAGAIAK:

Urraburu eder bat burua eta guzti, 4 lagunentzako modukoa, errai eta alboko hezurrik gabe
Mihilu adaxka lehor batzuk
2 kg gatz larri
Ura, xorta bat
Oliba olio birjina, estra

Gatza eta ura nahasiko ditugu katilu batean, ore bat egiten ariko bagina bezala, modelatzeko moduan utzi arte. Arrautzaren zuringoa erabiltzen dute batzuek uraren ordez. Mahaira ateratzeko moduko labe-erretilu baten hondoan gatz azpia prestatuko dugu ondoren, eta haren gainean utziko dugu urraburua, sabelaldean mihilu adaxka lehor batzuk sartuta. Haien lurrun goxoak kutsatuko du arrainaren mamia labean erre bitartean. Mihilurik ez badaukagu, mendiko belar idorrak erabili ahal izango ditugu, gustukoen ditugunak, arrainari zapore ona emateko: erromeroa, ezkaia… baita itsas belar heze-hezeak ere, galipotak ukitu ez baditu behinik behin. Arraina gatzaz estaliko dugu ondoren, haren gainean gatz-tontor bat itxuratuz, eta labean edukiko dugu 30 bat minutuan, 180°-ko tenperaturan (ongi beroa egon behar du labeak arraina sartzerako). Kalkulatu beharra dugu urraburuak duen kilo bakoitzeko 20 bat minutu eman behar dituela labean.
Epe horren ostean atera eta gatzezko armazoi horretan utziko dugu urraburua 5 bat minutuan, ukitu gabe. Lan nekeza dugu orain eta, harako markes hark iradoki zuen bezala, pazientzia eta trebezia handia erakutsi behar dugu, inolaz ere, jakiak mozteko artean (lasai neska-mutilak!).
Koilarakada batez hautsiko dugu gatzezko kutxa, eta kontu handiz aterako ditugu solomoak. Zuri-xuri azalduko zaizkigu, itsasoaren lurrin goxoa dariela. Oliba olio gordinez oparo garaztatu eta barrura!

Oinarrizko kontuak: Haragi xerra nola frijitu
Xerra bat frijitzeko, esku ona, padera on bat eta tanta bat olio baizik ez da behar. Haragiari ez zaio inoiz gatza eman behar gordinik. Baratxuri ale bat xerratuko dugu lehenik. Su bizi-bizian jarriko dugu ondoren padera bat eta kea dariola hasi orduko erantsiko dugu olioa, tanta gutxi batzuk. Xerraren txanda da hurrena. Buelta eta buelta frijituko dugu, sua eztitu gabe, egin xamar utzi arte. Plater batean aterako dugu paderatik. Sua eztitu eta olio garbia isuriko dugu ondoren. Hartan gorrituko dugu baratxuri alea. Xerraren gainean isuriko dugu baratxuriaren olioa. Gatza emango diogu orduan haragiari, gatz larria, eta barrura!
Sutatik ateratakoan, perrexila, trauskil pikatua, eta tanta batzuk limoi zuku erantsi ahal izango ditugu baratxuri-olio horretan.