argia.eus
INPRIMATU
Pilota, kirol nazionala
Koldo Aldalur Hirigoien 2021eko uztailaren 27a
Nazionala? Orain hurrena jendea hainbeste izutzen duen kale inkesta horietako batean galdetu omen zuten, horrela tonto plantan, Euskal Herria nolakoa den, eta erantzun zuten gehienen ustez, menditsua, berdea eta umela omen da. Ez dakit non egin zuten galdera hura, baina seguruenik ez Erriberri inguruan edo Bastidan.

Pilota kontuan antzeko zerbait gertatzen ari da azken aste hauetan. Ia inork ez daki Iparraldean pilotari profesionalak »‘endepandak’ deituak», lau hilabeterako kalera bidali dituztela. Haiek Frantziako Pilota Federazioarekin desadostasun handiak dituzte, eta Xapelgoan parte hartzeari uko egin berri diote. Diziplina Batzordearen bidez, Federazioak datozen lau hilabeteetan, ez txapelketa ofizialetan, ez gainontzeko partidatan, parte hartzerik ez dutela adierazi die. Praka zuriak armairuan uzteko, alegia.

Egoera honen aurrean, oraingoz bederen, pilotariak bat eginik daude, eta helegitea aurkeztuz kontra egingo diote, Federazioa hain gustura eta pilotariak hain haserre utzi dituen Diziplina Batzordearen erabakiari.

Pilotariek zer eskatzen duten azaltzea ez da oso zaila. Urtean zehar jokatzen dituzten partiden arabera hainbat puntu jasotzen dituzte, eta, pilatutako puntu kopuruaren arabera elite mailan jarraitzeko eskubidea dute edo maila galdu beharrean izango dira. Eta, jakina, ez datoz bat pilotariaren maila neurtzeko modu honekin.

Eta jakina, nioen, binaka jokatzen dituztelako ia neurketa denak, lesio malapartatu batek hilabete luzeetan eduki dezakeelako pilotaria jokatu gabe, eta ondorioz punturik lortu gabe, ondo joka daitekeelako baina garaipenik erdietsi ez...

Buruan sartzen al zaizue Hegoaldeko profesional mailako esku pilota enpresek baremo bera erabiliko balute zer gertatuko litzatekeen? Ba, audientzia altuenak lortu arazten eta pilotalekuak betetzen dituzten hainbat pilotari estelarretatik kanpo geratuko liratekeela eta izen handirik ez duten beste hainbatek, partida irabazle amorratuak, haien lekua beteko luketela kantxan. Dauden diru interesak ezagututa fikzioaz ari naizela pentsatuta zaudete seguruenik. Arrazoi duzue; hori ez dugu guk ikusiko.

Beraz, hemeretzi pilotari onentsuenak geldirik, eta tradizio handiko pilotalekuak mutu. Nora joango dira pilotazaleak urteetako ohitura apurtuta peria ostean Garaziko Garat ixten badiete? Eta ostegunero Baionako Saint Andre trinketean bildu ohi direnak? Zigorrak bi-binako eta buruz-buruko xapelgoak harrapatzen ditu. Eta kirolarien duintasuna, eta ilusioa, eta ikusleen pazientzia... eta abar.

Hasieran aipaturiko inkestari borondate onenarekin erantzun zieten gehienek gure herriak mahastietan hordituta dituen lautada lehor eta ñabarrak direnik ere ez zuten gogoratu. Hegoaldeko pilotazale gehienek aztarnarik ere ez dute Bidasoaz harat gertatzen ari denaz. Badute finalerako bidean den txapelketa, eta gainontzekoa hutsala da.

Nazionala omen da esku pilota. Kirol nazionala gainera, baina elkarren berri askorik ez dugu. Hainbat komunikabidek afera honen aurrean izandako isiltasuna ikusita galanta da isiltasuna ikustea, uste dut kale gorrian utzi dituzten pilotariek gorriak ez ezik moreak eta beltzak ere ikusiko dituztela beraien bakardadean.
Biriatukoak baino kalte handigoa egin ohi dio gure kulturari jakin nahi ezaren mugak. Partida galtzen ari gara, baina sakea guk dugu. Pilota da lekuko.