argia.eus
INPRIMATU
Mariano Rajoy
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Baten tanpoiz izenarekin ez-sinaturiko eskutitza iritsi da gurera. Osorik irakurri ez dudan testu desbideratu batez bere aldeko bozka galdetzen dit. Eta niri bezala, etxeko gainerakoei. Ez du parera jo ezertan. Ez daki ez nori ez nora igorri duen eskaera. Emigrantetzat gauzka. Gure ogibidearen xerka Espainia abandonatu behar izan genuenak baikinen jo baikaitu, etxetik inoiz aldendu gabeak. Argi dago, kasu honetan behintzat, bestela hain zuzenki gauzatzen duten ministerioen arteko datu baseen informazio trukaketarik ez dutela egin. Ze, horretarako propio dituzten aplikazio informatikoak erabili izan balitu, maleta egin gabe, nagusiari abisatu gabe lana utzita eta pasaporterik eskatzeke auzoz aldatu ginela jakinen zuen. Emigranteekin alderatuta, gu ez ginen joan, alde egin baizik. Ez genuen inongo trenik hartu, gurea oinez egiteko moduko osteratxoa zen. Eta zerbaitetan baginen antzerakoak, patriketako zuloan izango zen soilki, gerora lanak emango zizkigun horrek. Batzuei eta besteei. Gu, espainolak izan nahi ez genuelako behartu gintuztela orduan, eta egun ere bere horretan gaudela. Eta ez dezala gurekin sosik xahutu posta internazionaletan, nahikoa badugula gure auzo hauek etxe bilakatzen.