Fama- Burges arrunta, tipiko eta gogaikarriena itxuratzen duen izaki mitologikoa: "Famak, bidaian doazenean, honako ohitura hauek dituzte hiri batean gaua pasatu behar dutenean: fama bat hotelera doa, prezioak zuhurki begiratu, maindireen kalitatea eta alfonbren kolorea aztertzen ditu. Beste bat komisaldegira doa (...) Hirugarrena ospitalera doa, eta txandako medikuen zerrendak kopiatzen ditu, berezitasuna eta guzti".
Fantastikotasuna- Arrunkeriaz errealitatea deitzen dugunaren ifrentzua, benetan ezagutu beharrekoa egia aurkituko badugu.
Giglikoa- Magak Oliveirarekin erabiltzen duen mintzaira sekretua: "Apenas él le amalaba el noema, a ella se le agolpaba el clémiso...". Alegia, "zopilatu gura nuke zure zutanboa, baina zanarriatu zaio, ziroski zanarriatu ere, ajalalindia...", eta gisa horretan.
Jazza- Cortazarrek izugarri maite eta ezagutzen zuen musika klasea, estilo eta aldaera guztietan, horietako bakoitza unea eta aldartearekin lotuz.
Kronopio- Izaki mitologikoak hauek ere, aske-nahiak eta libertarioak. Fama direlakoen aurkakoak, alegia: "Kronopioak, bidaian doazenean, hotelak beteta daude, trenak huts egiten dituzte, oihuz ari du, taxiek ez dute eraman nahi edo prezio izugarriak kobratzen dizkiete (...) eta lotarakoan elkarri esaten diote: Ederra, hiria, ezinago ederra". Cortazar berari aplikatu ohi zaio: "kronopio handia" eta gisakoak.
Maga- Rayuela nobelako pertsonaietako misteriotsua, bizizaletasuna eta inozentziaren sinbolotzat ere har genezakeena.
Morelli- Rayuelako pertsonaia hau ere, idazle zaharra, halako batean bere pertsonaiekin topo egiten duena.
Oliveira- Magaren bikotea, arrazionalitate nahiak eta jardun intelektual libreskoak hilduratua.
Rayuela- Cortazarren nobelarik famatuena, 1963. urtean argitaratua, bere garaian esperimentalismoaren eta nobela berriaren mugarri bezala aldarrikatutakoa.