argia.eus
INPRIMATU
Krokodiloaren malkoak
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 27a
Nafarroan, bai, krokodiloaren malkoak: "ez dute gurekin nahi" errepikatzen dute negar-megarka. Eta sainete bergararrarekin hasitako antzezpenari jarraipena ematen diote, soineko urratze aizunean. Beren izenari muzin eginez, inoiz ez dute egiazki batasunik nahi izan. Proposamena egin bazuten, akordio eza hauteskundeetarako argudio bilakatu ahal izateko baizik ez da izan. Negar zuriaz aparte ez baitute arrazoi sendoagorik, hogeita bortz urteko bilan negargarria ez bada. Bazterrenen bazterreneko zuloan daude »berariek zulatutako horretan» eta hantxe nahi gaituzte gainerakoak ere, eskuak loturik, bahituak, ezinduak. Zentzu pixka bat sartu eta, egurasteko baizik ez bada ere, zulotik atera nahi duenari, egurra. Momentuz, irain eta laido; gero, auskalo. Sanzen edo Aznarren kontrako hitz guti, haien ahoetan. Nafarroan, bai, etsaiak, benetako etsaiak, hagitzez ere hurbilagokoa izendatu gaituzte.
Harrigarria? Ez, naturaren legea: bizirik irauteko borroka. Ez baita berririk sortzen ahal, zaharra hil gabe. Eta berria bidean da. Nafarroan, bai.