2003-02-20 Operazio poliziala
Del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkariak ETArekin lotura omen zuela eta, egoitza denak itxi eta 10 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak: Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goya, Txema Auzmendi eta Inma Gomila. Hauen etxeak, Ikastolen Elkartea, Jakin aldizkaria, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta ARGIAren egoitzak miatu zituzten. Eta Martin Ugalde Euskaldunon Egunkariako Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakariaren diru kontuak blokeatu.
2003-02-21 Egunero bezala
Euskaldunon Egunkariako langileek, hurrengo egunean bertan ordura arte Tolosaldean banatzen zen Egunero zabaldu zuten Euskal Herrira. Martxoaren 21ean, 32 orrira hazi zen.
2003-02-22 Manifestazio handiena
Euskararen Kontseiluak antolatuta, "Egunkaria aurrera. Bai Euskarari!" lelopean, Donostian dozenaka mila lagun bildu zen. Egunkariari egindako atxikipenak ezin konta ahala izan ziren.
2003-02-25 Lau aske, sei barrura
Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, eta Pello Zubiriari espetxe zigorra jarri zien del Olmok. Martxelo Otamendi (30.000 euroren truk), Inma Gomila (18.000 euro), Luis Goya (12.000 euro) eta Fermin Lazkano (12.000 euro) fidantzapeko askatasunean utzi zituen. Hamarrei inkomunikazioa altxa zien.
2003-02-24 Zubiria erietxean
24an jakin zen Pello Zubiria Gregorio Marañon erietxean zegoela, ZIUn, bere buruaz beste egiten saiatu omen zelako. 27an espetxera eraman zuten.
2003-02-26 Tortura salaketak
Otamendik 26an, eta 27an Uriak, Alegriak eta Oleagak, tortura salatu zuten.
2003-03-14 Torrealdai eta Auzmendi aske
Bakoitza 12.000 euroko fidantzaren truk.
2003-03-17 Eusko Legebiltzarreko agerraldia
Martxelo Otamendik, Malores Etxeberria Pelloren emazteak eta Iñaki Esnaola abokatuak tortura salatu eta Pello askatzeko eskatu zuten Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordean.
2003-03-18 Pello Zubiria aske
12.000 euroko bermea ordainduta.
2003-06-21 Lehen Berria
Euskaldunon Egunkariako langileek Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresa sortu zuten maiatzaren 6an, Berria sortzeko. Dirua biltzeko kanpaina hasi, eta egun jarritako helburuaren (5 milioi euro) %92 betea dute. Lehen egunean ale denak, 50.000, saldu ziren. Egun, 21.000 ale saltzen ditu Berriak.
2003-07-18 Sei hilabete gehiagoz
Egunkaria ixteko agindu zuen epaileak.
2003-07-22 Administratzaile judiziala Egunkariari
Lege ordezkariaren arabera Egunkariak 700.000 eurotik gorako zorra zuelako, eta itxiera luzatzeak zuloa haziko zuenez, administratzaile judiziala jarri zion del Olmok, ondasunak kudeatzeko.
2003-10-16 Zortzi atxilo gehiago
Egunkariarekin lotutako eta Martin Ugalde Kultur Parkeko Kudeaketaz arduratzen den Buruntzape enpresako: Mikel Arrizabalaga, Joxe Mari Sors, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Mikel Azkune, Juanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Ramon Diez. Hauen etxeak, Martin Ugalde Kultur Parkea, Graficas Lizarra eta Zabaltzen miatu zituen Guardia Zibilak.
2003-10-19 Manifestazio erraldoia berriro.
Euskararen Kontseiluak antolatuta, "Gora Euskal Herri euskalduna. Bai Euskarari" lelopean egin zen, Donostian.
2003-10-21 Zortziak aske
Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, eta Xabier Legarrak 12.000na euroko fidantza ordaindu zuten, eta Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabalek 30.000nakoa.
2003-10-28 Sumarioa publiko
Del Olmok sumarioa zabaldu eta 25 hilabetera egin zuen publiko. Azaroaren 7an sumarioa bitan banatu zuen. Bat "erakunde terroristako kidetza edo partaidetza" ikertzeko (otsaileko hamarrak), eta bestea izaera ekonomikoko delituak (otsaileko hamarrak eta urriko bederatziak, Enekoitz Etxeberria abokatua barne). Abenduaren 1ean Egunkariaren diru kontuei dagokion sumarioaren zati bat berriro sekretupean jarri zuen. Eta inputatu gehiago egon daitezkeela adierazi.
2003-11-3 Oleaga aske
30.000 euroko bermea ordainduta. Xabier Alegria 50.000 euroko bermea ordainduta aske uzteko agindu zuen epaileak, baina Udalbiltza auziagatik espetxean jarraitzen du. Iñaki Uria oraindik preso da.
2004-01-31 Zigilua kenduarazi
zuen epaileak likidazioa errazteko, 2003ko abenduaren 1ean Egunkariaren egoitzak berriro miatu eta administratzaile judiziala kendu ondoren.