Bertako espeziea da, autoktonoa. Urte osoan ikus daiteke, baina neguan eta pase garaian, sarriago begiztatzen da.
Beherantz doa populazioa, nahiz gure ustez, bere gustuko bizileku ugari egon hemen. Ez dakigu zergatik, baina gutxitzen ari dira. Arrazoi bat baino gehiago izan daitezke: isileko ehiztarien tiroak faktore nagusi dira eta baita kotxe istripuak, elektrokutatuta hiltzen direnak eta pozoitutakoak. Joan den mendean, gizakiak izugarrizko jazarpena hasi zuen hegazti eder horren aurka. Beherakada nabarmena jasan zuen populazioak. Egun, espezie mehatxatuen euskal katalogoan, zaurgarri moduan dago. Bere banaketari dagokionez, Araba gustuko du eta Nafarroa zer esanik ez. Iparraldean berriz, txoko gehienetan ageri da.
Miru gorria, hegazti harraparia da, txori txikiz, ugaztunez eta hondakinez elikatzen da. Zuhaitzetan egiten du habia edo normalean, besteek egindakoa aprobetxatzen du. Gehienetan, bele eta zapelatzek abandonaturiko habiak erabiltzen ditu. Basoan kumatzen du, isolatutako zuhaitzetan, gizakiaren begi bistatik aparte. Martxoan izaten da hori eta arrautzatxoetatik bi edo hiru txitatxo jaiotzen dira.
Erabat antropizatua dago, herri inguruak gustatzen zaizkio eta bertako zelaiak erabiltzen ditu ehizarako. Oso gustuko ditu zabortegiak, granja inguruak eta hildako abereak uzten direneko lekuak.
61cm-tako luzera eta metro eta erdiko hego zabalerarekin, hegazti arina da, kilogramo bateko pisuaren bueltan dabil. Gorputza arre gorrizta du. Burua grisa, ñabardura marroiekin. Hegoak luzeak dira eta azpialdetik orban zuriak dituzte. Isatsa espeziearen bereizgarria da eta luzea, gorria gainaldetik, zuria azpialdetik eta oso urkilatua (V forman amaitua) da. Hanketara begiratuz gero berriz, oiloa dirudi, hanka hori-horiak ditu. Mokoa, hanken kolore berekoa, kurbaduna eta punta beltz batean amaitua. Bere hegaldia oso geldoa da, apenas mugitzen den. Harraparien artean, hegalari trebeenetakoa da. Airearekin jolasean dabilela, erraz ikusten zaizkio aipatutako ezaugarriak.