argia.eus
INPRIMATU
Zergatik zure organoak ez eman?
Jabier Agirre 2004ko otsailaren 15

Abenduaren 3a gauza askoren oroigarri gertatzen da. Egun horixe eskaini zion Elizak Xabierko Frantziskori, eta santu euskaltzalearen oroimenez-edo Euskararen Eguna ospatzen dugu azken urteotan. Baina horrez gain, eta 1967ko abenduaren 3an Barnard kirurgialariak aurreneko aldiz bihotzeko transplante bat egin zuela gogoratzeko, Atcore elkarteak eta Bihotz Bizi erakundeak, elkarrekin, Bihotzaren Astea izenekoa egin dute.
Atcore elkartea da Euskadiko Bihotz eta Biriketako Transplantatuak biltzen dituena, eta Bihotz Bizi erakundea, berriz, gaixotasun kardiobaskularren prebentziorako eta gaitz horien informazioa zabaltzeko eratu den elkartea. Erakunde batek nahiz besteak helburu komunak dituzte neurri handi batean, eta horrexegatik aurten batera antolatu dute Bihotzaren Astea, "jendeak, bihotzeko eta odol hodietako gaitzen arazoaz jabetu eta bizi aztura osasungarriak eskura ditzan".
Gaitz kardiobaskularrak prebenitzea premia handiko kontua da, patologia horixe baita geure gizartean heriotzarik gehien eragiten duena. Eta bihotzeko transplantea, duela urte gutxi arte, gauza bitxi samarra eta ia ezinezkoa zen bitartean, gaur egun EAEn urtero 15-20 pertsonari transplantatzen zaie bihotz berri bat. Horregatik, Atcore eta Bihotz Bizi elkarteek Euskal Herriko herritarrak animatu nahi dituzte, beren organoak eman ditzaten. "Orain, birziklatzea hain modan dagoela-eta, zer birziklapen hoberik balio ez duten organoak ematea baino, beste pertsona batek erabil ditzan?". Eta ez daukagu kexatzeko arrazoirik, izan ere dohaintza edo emaitzei dagokienez, EAEn milioi biztanleko 40 emailetik gora baitaude, Espainiako batez bestekoa 33koa den bitartean, eta Europan eta AEBetan, 20-33 artean dagoen bitartean. Dena den, zifra horiek oso eskertzeko modukoak izan arren, beti dago hobetzeko modua, eta aurtengo kanpainaren helburua horixe da: emaile gehiago lortzea.