Campion historia eta fikziozko literatura uztartzen saiatu zen. Kontakizunak zituen gogoko, egia historikoa adierazteko, bere garaiko gizartearen kezken trasunto bihurtzen zituela.
Lege zaharraren garaian, historiazko froga legezko indarra hartzen zuen eta beraz diskurtsu historikoa erakundetze sozio-politiko-ekonomikoaren lejitimaziorako oinarri. Erromantikoen garaian Erdi Aroa goratu zen eta Nafar Erresuma ikur erakargarria bihurtu zuen.
Iparraldean, euskaldunen historia orokorren kontakizunak eta ikuspegiak zabaltzen hasi ziren, XVII. mendez geroztik (Oihenart, Bela, Hegiategi, Xaho). Bestalde, J. Moret historialari nafarraren ikuspegia hartu zuen.
Baina bere garaian, jabetu zen, bereiztu behar zituela mito-leienden edukia eta historiazko benetako gertakizunen iradokizuna. Eta bi eremuak bereiztuz, diskurtso historiko berria asmatu zuen: euskaltzalea zenez gero, Euskalerria zen bere ikusmira, Nafarroa erdigune eta abiapuntu zuela. Nafarzaletasuna, euskaltzaletasuna, izate bereko nortasunean uztartu zituen. Bere euskal abertzaletasuna euskal hizkuntza eta kulturazkoa zen eta ohizko tradizioko fuerismoan kokaturik, Gaztelaren aurkakoa bazen, ez da agiri espainiarren aurkako ikusmoldean berpentsaturik.
A.Txahok Baionan, A. Campionek Iruñean eta S. Aranak Bilbon, euskaltzaletasunaren ildoan, euskal abertzaletasunerako diskurtso historiko desberdinak asmatu zituzten.
Bere diskurtso historikoan, jatortasunaren idea indartsua ageri da eta azken mendeetako Euskal Herrian garai bateko jatortasunaren hondamendiaren historia balitz bezala aztertu zuen. Jatortasun hau, euskal hizkuntza eta foru erakundeetan legoke giharturik. Horregatik, iragana aztertu behar zen, etorkizuna lantzeko.
Mitoak badu egiaren zatia adierazteko gaitasuna bere ustez eta azken batean gizakion patua eta grinak ezagutzeko, literaturaren bidea zen zuzenena. Historia arte ederretako edo literaturaren atala bihurtzen zuen. Ideia bera bere memorietan, Pio Barojak idatzi zuen. Gai zehatz batzuk aztertzerakoan, adibidez karlismoa, ikuspegi sikologista landu zuen, fenomenoaren zergatiak ulertzeko.
Azkenik, "Euskara" elkartekoek, tokian tokiko ikuspegia eta diskurtsoa sendotu nahi zuten, elkarren arteko harremanetan, nortasunaren jite komuna iraun arazteko, etorkizunaren jabe izateko. Azken batean, Euskalerritasun historikoaren eta literarioaren ikurra bihurtu zen bere bizitzan eta bere produkzio historikoa, zentzu zabalean, horren isla dugu.