argia.eus
INPRIMATU
Izerdialdi berriak
Jakoba Errekondo 2004ko otsailaren 15

Neguaren bihotzean gauden honetan sinestezina dugu aroa, beroegia, argiegia... Urte hau hasi aurretik ikusi nituen loretan lehen mimosak eta haien ondoren sanjose loreak, txikoria-belarra edo pixa-belarra, haltzak, irasagar japoniarrak, hurritzak, sahatsak... Elorri beltzak ere lore-begiak puztuta, lehertzear daude beheetan. Izerdialdi berria hemen da.
Izerdi berria enborrean eta adarretan gora hostoetara iristeko sustrai berriak hedatu ditu landareak. Lurretik ura eta elikagaiak hartu eta iaztik metatutako erreserbekin batera izerdi hazkurritsua osatuko du. "Mama gozoa" eskuera, hostoak eta loreak zabalduko dituzten begiak gogoz haziko dira. Atzera bueltarik ez duen bideari ekin dio landareak. Aurtengoa bezalako urtean, ordea, otsailaren hasieran izerdia mugituta, arriskua latza da. Plian-plian tolestuta kolore guztietako izotzak biltzen dituen maindiretzarra zain da, irriño maltzurraren ertzean baba dariola, lurra erabat berotu aurretik azken erromeriatan jela-txikizioa zabaltzeko.
Guk berriz, izerdiari begiratu behar diogu. Hostoa galdua duten landareak aldatzeko sasoi aproposa da, baina ez luzerako. Sustrai berriak hazi aurretik landaketak egitea komeni da, baldin eta landareak bizitoki berrian bizimodu berria kaxkar xamar, ezinean, hastea nahi ez badugu.
Landaketetan bezalaxe txertaketak egiteko sasoi ona da izerdialdi berriaren hasiera hau. Mentua eta mentuoina ongi itsasten eta mentuak lehenengo puja indarrean eman dezan lagunduko du izerdi honek.
Inausketarako garaia ere hauxe da. Adarrak kenduz egiten dizkiegun zaurien ebakiondoak azkar baino lehenago orbainduko ditu landareak izerdi berriaren emanarekin.
Inausketan kendutako kimu, adar eta aldaxkak landare gehiago sortzeko erabili nahi izanez gero ingurumari hauxe bera aprobetxa. Sustrai berriak luzatzeko sasoia denez erraz itsatsiko dira eta uda parte beroenean ur pixka batez lagunduz gero hemendik urtebetera nonahi landatzeko moduko landareak izango dira.
Bada bai zer egina izerdialdi berrian, geure izerdi berria eragiteko adina behinik behin bai.