argia.eus
INPRIMATU
Postindustrialak gu?
Karmelo Landa 2004ko otsailaren 08a
Gizarte postindustrialaren diskurtsoa hedatzen ari da azkenaldian, eta sarritan esaten zaigu Bilbo eta Ezkerraldea direla Bizkaian, aldaketa horren adierazgarri bikainak; hortik, gero, beste hainbat ondorio atera nahi izaten da, Guggenheim, Euskalduna eta gainontzeko ikono posmodernoen agerira, euskal hiritarra balizko garai hipermodernoen moduetara makurrarazi nahian edo.
Diskurtso ideologizatua eta intentzionatua da hori, ordea, azken hogeita bost urteotan burutu den birmoldaketaren ondoren ere, estatu osoko industria dentsitate handiena bertokoa da; euskaldunon barne-produktu gordinaren ehuneko berrogei baino gehiago industriak sortua da egun. Birmoldaketak industri lanpostuen laurdena galtzea ekarri zuen, baina produktibitateak estatuko bataz bestea baino azkarrago egin du gora.
Gure gizartearen oraingo argazkia industriala da hein handi batean, eta ezinbestez, azken mendeetan sendo erroturikoa baita euskal industria; bestelako kontuak dira oihal industrial aberats horren berrikuntza eta gaurkotzea modu egokian burutzeko behar diren baliabideak eskura ditugun; eta hor sartzen gara bete-betean hain gaurkoak diren eztabaidetan: egoitzen deskokapena, ardatz atlantiarra eta komunikazio eta garraio-azpiegituren diseinua eta abar. Diskurtso itxuroso askoren azpian dauden pisuzko arrazoiak. Altzairua bezain astun eta sendoak.