Zergatik euskaratu duzu Garcia Lorca?
Agur, Euzkadi nobela idatzi ondoren hasi nintzen Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York liburuko poemak euskaratzen. Asmo zehatzik gabe hasi nintzen, poemak arreta handiagoz irakurtzeko modua izango zela pentsatuta. Poeta en Nueva York euskaratu dudala esaten dudanean, horrek oso lan zaila izan behar duela komentatu ohi didate. Erraza ez da izan, egia da, baina uste dut era honetako poesia itzultzea, surrealismotik gertu koka daitekeena-edo, ez dela itxura batean ematen duen bezain zaila. Itzulpen literal samarra beste poesia mota batek baino hobeto onartzen du, nire ustez, eta hori da, zuzen edo oker, hautatu dudan bidea. Beraz, Poeta en Nueva Yorken itzulpen bat da nik egin dudana.
Lorcaren poema horien berezitasunak?
Kolpe handia izan zen Garcia Lorcarentzat New Yorkeko aniztasun basati eta mugagabearekin topo egitea. Bere haurtzaroko Andaluziaren oso bestelakoa zen mundu nahasi eta apokaliptiko hura. Eta oinarrizko giza-balioen galera da, funtsean, Poeta en Nueva Yorkeko kezka nagusia. Horregatik ez du batere galdu gaurkotasunik.
Noiz argitaratu zen lehen aldiz liburua?
1940an. Izan ere, 36ko Gerrak eragotzi zuen lehenik liburuaren argitalpena, eta egilearen heriotzak gero, frankistek fusilatu egin baitzuten Garcia Lorca. Liburu honen argitalpen asko egin dira eta alde handiak daude egin diren argitalpenen artean, poetaren heriotzak behin betiko bertsioa finkatzea eragotzi baitzuen.