Caracasen, txabola etxeorratzen anabasean


2004ko otsailaren 08an
Caracasen pobrezia, biolentzia, segurtasun falta, droga trafikoa, arma trafikoa eta tiroketak eguneroko ogia diren auzoan borondate handiko emakume euskaldun bat bizi da; Bidegoiango (Gipuzkoa) Miren Egiguren.
Emakume honek txiki-txikitatik jendeari laguntzeko izan duen gogoak Venezuelaraino eraman zuen duela 32 bat urte, eta laurehun bat biztanleko herrixkan hazitako bidaniarrak lau milioi biztanle baino gehiago dituen hirian aurkitu du bere lekua.

Avila mendizerraren magalean mugarik gabe zabaldu den hiria da Caracas; txabola eta etxeorratzen anabasa amaiezina, mendebaldetik ekialdera 20 kilometroko luzera duen harana, unerik latzenei ere txisterik falta ez zaien paisaia urbanoa. Bada, hortxe, Venezuelako hiriburuko auzorik txiro eta arriskutsuenetarikoan, gehien maite duten euskalduna da Egiguren; Mirentxu venezuelarrentzat.

Duela 28 urte iritsi zen Venezuelara bigarren aldiz, hirurogeita hamarreko hamarkadan. Caracasen, Petare auzoaren iparraldean, Julian Blanco auzoan, jarri zen bizitzen lagun kanariar batekin. Txabola bat erosi, eskola batean idazkari lanetan hasi eta bertan geratu zen. Gaur egun, hiru seme-alaben ama da eta bi aberri dituela dio. Herriminak tartean-tartean bisitan ekartzen du, Gabon hauetan bezala, baina oraingoz, benetako bizilekua Petaren daukala aitortu digu.

Caracasera iritsi aurretik, Egigurenek hiru urte egin zituen misiolari La Guajiran, Venezuelak Kolonbiarekin muga egiten duen zonaldean. Esperientzia hark, ordea, ez zuen guztiz ase bidaniarrak zeukan laguntzeko gogoa eta berriro joatea erabaki zuen, baina oraingoan beste modu batera, bere kasa joan zen. "Lanerako gogo biziz joan nintzen guajiroengana eta gustura jardun nuen, baina Eliza lur haiek kolonizatzen ari zela ikusi nuen. Hemen gure kulturaren aurka, gure herriaren aurka egiten ari zirenaren antzekoa zen hura", azaldu digu Egigurenek. Hura ikusita, hitz emandako hiru urteak bete eta etxera etorri zen berriz, baina bere kasa, itzultzeko asmoarekin.

Caracaseko eremu gorrian


Venezuelako hiriburua inguratzen duten auzo pobreenetako bat da Petare. Lasaitasunik gabe, zalantzan eta beti adi-adi ibiltzen dira petaretarrak, inoiz ez baitakite noiz sartuko zaizkien etxera, noiz harrapatuko dituen tiroketa batek erdi-erdian, nor atxilotuko duten, nori egingo dioten mendekua... Egigurenentzat horiek eguneroko ogia dira eta, azkenean, ohitu egin dela dio. Baina gutxi dira Petaren Mirentxuk bezala bizilagun guztien errespetua irabazi dutenak. Eta ez dira asko bizitza auzoaren alde eman dutenak, familia behartsuenei antolatzen eta beren kabuz aurrera egiteko bideak bilatzen irakatsiz. Bidaniarrak hamaika proiektu jarri ditu abian eta auzoan oso ondo hartu dituzte. Hala ere, beretzat beste edonorentzat bezain arriskutsua da eguneroko bizitza Petare iparraldean.

Txabolaz beteriko auzoa bizilekutzat hartu zuenean, emakumeei jana prestatzen erakusten hasi zen. Izan ere, orduan, bertakoen elikagai nagusiak eta ia bakarrak arroza, gurina eta pasta ziren. Elikadura aberaste aldera, sukaldaritza eskolak eman eta barazkiak eta lekak kontsumitzen irakatsi zien bidaniarrak. Gainera kontsumorako kooperatiba bat ere sortu zuten, bestela, hainbeste jenderentzat jakiak lortzea ezinezkoa zitzaien eta. Kooperatibaren bidez, auzokoek jartzen duten kapitalarekin erosketa handiagoak egin eta beren artean banatzen dute jana, modu horretan askoz ere merkeago ateratzen baitzaie. Dena dela, Egigurenek azaldu digunez, asmoa ez da hortik irabaziak ateratzea, antolatzen ikastea baizik; auzo txiro gehienetan inolako antolaketarik ez dago eta sarritan hori izaten da hain egoera tamalgarrian egotearen arrazoietariko bat.

Proiektu bat bestearen atzetik


Antolaketa eta autoaskitasuna helburu hartuta, josteko lantegi bat, kontsumorako kooperatiba bat, eskola komunitarioak, dirua aurrezteko sistema bat, El Colibrí eta Los Grillos haurtzaindegiak, eta okindegi bat jarri ditu martxan Egigurenek Petaren. Proiektu horiekin guztiekin bere auzokideei ezerezetik ateratzen laguntzera bideratu du bere lana bidaniarrak, eta, horretarako, Esperanza izeneko taldea sortu eta ekimen mordoa jarri ditu abian.

Egiguren Caracasera iritsi zen garaian antolaketa falta zen nagusi Petare auzoan. Gaur egun, egoera ez da gehiegi aldatu; miseria handia baitago Venezuela guztian, baina petaretarren bizi mailak zenbait kasutan hobera egin duela esan daiteke. Egigurenen hitzetan, auzoan oso ondo hartu dituzte proiektu hauek guztiak: "Nire bizilagunak dio bere etxeak orain lehen baino gehiago balio duela. Okindegia, haurtzaindegia, eskola... dena auzoan bertan edukitzeak beste balio bat ematen baitio guztiari. Zoragarria da jendea hain motibatuta ikustea".

Petare bezalako auzo txiroetan jendea anonimotasunean bizi dela dio bidaniarrak: "Nekez sinesten dute beraiengan eta ez dute nortasunik". Proiektu baten parte sentitzen direnean, ordea, identitate bat, izaera sozial bat hartzen dute, hezkuntzak duen balioa biderkatu egiten da eta segurtasun hori ezinbestekoa zaie aurrera egiteko. Egoera horretan, auzokideei lagundu nahi bazien alfabetatzea ezinbestekoa izango zela ikusi zuen Egigurenek eta irakasle lanetan hasi zen, baina ahalegina txiki geratu zitzaion berehala eta eskola komunitarioak eta haurtzaindegiak sortu behar izan zituzten. "Ni beste bizilagun bat bezala ibili naiz hasieratik. Txabola bat erosi, lagunak egin, jendearekin harremanetan jarri, eta jendeari irakurtzen eta idazten irakasten hasi nintzen etxean. Bitartean, irakasle ikasketak eta pedagogia egin nituen unibertsitatetan. Baina pixkanaka geroz eta haur gehiago hasi ziren etortzen eta leku handiago bat behar izan nuen". Horrela, Fe y Alegria izeneko erakundeak auzoan zeukan gela bat utzi zion eskolak emateko. Gaur egun, 1.080 eskola komunitario daude Petaren eta inguru hori da alfabetatugabe gutxien dagoen eremua.

Haurrekin ez ezik, auzoko emakumeekin ere lan handia egin du bidaniarrak. Lanbide bat irakatsi eta lana sustatzeko josteko lantegi bat sortu zuen aspaldi. Horrez gain, Mirentxuk badu harro egoteko beste arrazoi bat ere, berarekin alfabetatu ziren lehenengo emakumeak aurten lizentziatu baitira unibertsitatean.

Dena dela, hezkuntza ez da Egigurenek Petaren sustatu duen esparru bakarra. Duela 18 bat urte aurrezteko sistema bat ere jarri zuen martxan. Hamar bat lagun hasi ziren astero-astero dirua aurrezten, baina, dagoeneko, ehun baino gehiago dira eta hiru zentrotan funtzionatzen du. Bidaniarrak ezin du sinetsi auzokoek eman dioten konfiantza: "Bakoitzak bere aldetik aurrezteko eman dezakeenarekin ezingo genuke konturik ireki banketxean, baina jende gehiagorena bilduz gero egin daitekeela ikusi dugu. Ikaragarria da jendeak eman digun konfiantza; lanetik etxerakoan irabazitako diruaren zati bat ematen digute, guk banketxean epe finkora jartzen dugu eta Eguberrietan bakoitzari aurreztu duena itzultzen zaio interes eta guzti". Ekimen horrekin bizilagunek aurrezteko joera hartu dute; ohitura garrantzitsua irabazitako apurra edanean xahutzeko joera zuen jendearentzat.

Ia hiru hamarkada pasa dira Mirentxu Petarera iritsi zenetik eta gauzak asko hobetu direla dio. Esperanza taldeak proiektu asko jarri ditu abian eta Venezuelako Gobernua bera ere jabetu da taldeak egindako lanaz. Ordainetan, auzoan jana banatzeko dirulaguntza eman die aurten. Proiektu berri horren bidez, zenbait familia bost egunerako jana prestatzeaz arduratzen dira; bakoitzak 70 haurrentzat jana egiten du. Guztira hamar familia ari dira horretan, beraz, hortik 700 haurrentzat janaria ateratzen dute. Esperanza taldeak ematen die menua familiei eta bost egunetik bost egunera prestatuta ekartzen dute dena. Taldeak horren kontrola egiten du; zenbat ekartzen duten, txukun ote dagoen, gero haurrek ea ondo jaten duten... Horrez gain, areto bat ere egokitu dute eta bertan bostehun bat laguni ematen diote jaten. Guztira, 1.200 bat lagunentzat janaria ematen dute. Egiguren oso gustura dago ekimenarekin: "Esperientzia ezin hobea ari da izaten. Guraso askok esan digu beren seme-alabei aurpegian igartzen zaiela ondo jaten ari direla. Oso pozik daude Gobernua ematen ari den laguntzarekin eta auzokoon borondatearekin".

Azken urteetan asko aldatu da Venezuelako egoera. Gaur egun, Hugo Chavez da presidente, baina Gobernutik bota nahian dabil oposizioa. Egiguren ez da oso baikor agertu etorkizunaz galdetuta. Ez du politikariengan gehiegi sinesten, baina Chavezekin zenbait gauza aldatu egin direla eta horrek itxaropen izpi bat ematen diola esan digu: "Chavezek hankasartzeak egin ditu, sarri. Baina Venezuelaren egungo historian ez da egon beste agintaririk txiroei begiratu dienik. Inork ez du behartsuekiko sentsibilitaterik eduki. Chavezek, ordea, herri osoa jarri du ikasten Robinson Misioari esker. Orain arte nork ikasi du Venezuelan? Norentzat ziren unibertsitateak? Zergatik txirotu da hainbeste herria?". Nahiz eta egoera gogorra izan, Mirentxuk nahiago du Chavez beste agintariak baino. "Nik asko maite dut Chavez, gure ingurukoei identitate bat, nortasun bat eman dielako, behingoz zerbait direla eta aintzat hartzen dituztela sentitzen dutelako orain. Hori handia da jende honentzat".

2002ko abenduan bi hilabete iraun zuen greba hasi zuen oposizioak. Aspaldi pobrezian murgilduta zegoen herria are gehiago hondoratu da eta burua altxa ezinik dabil Venezuela. Gordina da hango errealitatea, baina Mirentxu Egigurenek ez du amore emateko asmorik eta urte berriarekin lanean segitzeko gogo biziz itzuli da berriz Petarera.

Minik sakonena, herrimina
Borondate handikoa eta gogorra da Miren Egiguren. Petare bezalako auzo batean bizitzea ez da batere samurra, are gutxiago ia baliabiderik ez dagoen lekuan hainbeste proiektu martxan jartzea. Baina bidaniarraren eskuzabaltasunari horrek ez dio minik egiten. Familiarengandik urruti bizitzeak bai ordea. "Niri urik gabe eta beste gauza batzuk gabe bizitzea ez zait axola, baina oso familiazalea naiz. Nire herria, nire Euskal Herria... Min horretara ez naiz sekula ohituko. Gustura eta ondo bizi naiz Caracasen, baina hutsune hori ez du beste ezerk ere bete". Hala ere, ez du herrialde hura uzteko asmorik.
Egigurenek beti izan du jendeari laguntzeko gogo asegaitza eta horrek eraman zuen Venezuelara. Ordutik 32 urte pasa dira eta eman duena bezainbeste jaso duela dio: "Hiru seme-alaba eman dizkit Venezuelak. Niretzat ikaragarria da, eman dudanaren ordainsari gisa hartzen dut hori. Bestela, herritar bat gehiago naiz, asko maite naute, ni haientzat garrantzitsua naiz eta haiek ere bai niretzat".

Los Grillos haurtzaindegia
Eskolez gain, Esperanza taldeak haurtzaindegiak ere jarri ditu Petaren. Lehendabizi bat fundatu zuten, El Colibrí izenekoa, eta handik pixka batera beste bat ere eraiki zuten 90 haurrentzat: Los Grillos. Izena Zarauzko Kirkilla sendiaren omenez jarri zioten. Izan ere, Egiguren Maria Luisa Ameztoiren, Karlos Argiñanoren emaztearen, lehengusua da, eta haiek dira haurtzaindegia aurrera ateratzen gehien lagundu diotenak. Hasieran Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ere jaso zuten, baina kirkillatarrak dira urtero-urtero bertara joan eta laguntzen jarraitzen dutenak. Bitxia da hain urruneko haurtzaindegi baten sarreran Karlos Argiñanoren eta bere emaztearen argazkiarekin topo egitea. Baina horixe da Los Grillos; Caracasko auzorik txiroenetarikoan haurren babesleku bihurtu den etxea.
Gaur egun, 200 haur baino gehiago dabiltza Los Grillos-en. Haurtzaindegiak hiru solairu ditu, baina azken bi urteotan haurtzaindegiaren gainean bi solairu eraiki dituzte. Bertan 15-16 urteko hirurogei bat neraberi irakurtzen, idazten, zenbatzen eta abar irakasten diete gero eskolako hirugarren edo laugarren mailan sartzeko aukera izan dezaten, bestela haur horiek ez baitituzte inongo ikastetxetan onartzen.
Horrez gain, ordenagailu gela bat ere jarri dute. Zazpi ordenagailu dituzte eta telefono linearen zain daude Internet jarri eta komunikazio zentro bat izan dadin. Hori nahikoa ez eta Argiñano eta bere emaztearen laguntzari esker, haurtzaindegiaren ondoan okindegi bat ere zabaldu zuten duela pare bat urte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hugo Chavez
Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan" Utzidazu labur-labur azaltzen (6/8)
Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa

Chávez bizirik zegoenean bere figurarekiko atxikimendua sekulakoa zen herri venezuelarraren sektore oso zabal batean. Chavismo hegemonikoa zen, ikuspegi soziopolitiko batetik zein emozionaletik ere. Venezuelako sektore apalen artean, baita ekonomikoki hobeto zeuden beste... [+]


2017-04-30
Manifestazioek eta istiluek ez dute etenik Venezuelako gatazka mediatizatuan

Chavismoa eta oposizioa protesta egitera irten dira Venezuelako kaleetara eta hiru hildako eta hamarnaka zauritu eta atxilotu izan dira. Oposizioak Nicolas Maduro presidenteak kargua uztea eskatu du eta Gobernuaren aldekoek, aldiz, hura defendatu eta estatu kolpe saiakera salatu... [+]


Maduroren garaipena eta Venezuelako ezkerraren etxeko lanak

Venezuelako udal hauteskundeetan Nicolas Maduroren PSUV alderdiak jaso du boto gehien, bozken %49,2. Henrique Ceprilesen MUD koalizioa ez da urruti ibili emaitzetan 700.000 boto gutxiago (%42,7) baina Venezuelako hiri garrantzitsuenetako alkatetzak eskuratu baititu.


2013-04-15 | Lide Hernando
Maduro garaile Venezuelan; oposizioak botoak berriz zenbatzeko eskatu du

Nicolás Maduro atera da garaile igandean Venezuelan egindako hauteskundeetan. Oso boto gutxigatik irabazi dio Henrique Capriles oposizioko hautagaiari: %50,6ak eman dio aldeko botoa, Caprilesen %49,1aren ondoan. Caprilesek esan du emaitzak ez dituela onartuko boto... [+]


Eguneraketa berriak daude