IN
Bi karpa edo xapito erraldoiek hartzen dute Champ de Mars; akreditazioari esker ez dugu sarrera ordaindu behar izan, eta gisa guztietako foro, aurkezpen eta saraorako sarrera zabalik daukagu. Saltoki bakoitzean iragartzen dute noiz ariko diren egileak albumak sinatzen, eta zaleak orduetako ilaretan daude zain. Stand xume batean, franko bazterrean eta Heineken edaten ari, Gilbert Sheltoni (The Freak Brothers) dedikatoria bana kendu diogu.
New York plazan Fanzinegunea dago, Margarita Nafarroakoaren oroitarriaren saihetsean. Heptameron idatzi zuenak irriñoa eskaintzen die oraiko historietagileei bere koskatik. Eta fanzineen artean ere, denetarik: sadomasoak, belikoak, antibelikoak, gotikoak, goreak eta... ekumenikoak!!!
Ordurako bisitaria ohartua da komikia adierazpide zabaltzat daukatela hemen, bere ametsetan bezala, eta ez azpiproduktu infantilizante gisa. Marka komertzial nagusiek ere profitatzen dute arrakasta: Leclercek, bankuek, aseguru etxeek eta konzesionarioek, bakoitzak bere erakusketa edo atelierra emana du. Katedrala ere komikigune bihurtu dute: bertan hitzaldiak, sariak, bai eta "Messe de la BD" ere, hau da, Komiki Meza!!! Erakusketan fraide, artzain biblista eta errumaniar ortodoxoen lanak. Tumatxa.
Antzerkia, irrati saioak zuzenean, topaketa masiboak, zinema... oro komikiaren inguruan. Satrapi irandar emazteki marrazkilariaren hitzaldia mukuru beterik. Komiki ikasleen erresidentziak ere erakustoki bihurtu dira egun hauetarako. Bai, komiki-ikasleen-erresidentziak, ongi irakurria duzu, leizale. Eta BD Museoan hamaika erakusketa. Eta bertako liburutegia... astebeterako kanpinatzeko modukoa.
OFF
Mars Attack ostatuaren inguruan mugitzen dira izaki undergroundak. Larunbatarekin Piarres itsasuar musika taldeak jo du bertan; eta haiekin batera Marko eta biok marrazketa zuzenean. Performantzian Olier eta Thierri juntatu zaizkigu, eta Margot erreginaren korte galaktikoa osatu dugu, inguruko festagileen laguntzaz.
Kolektibo alternatibo guztiek ateak zabaltzen dituzte, eta hiri zaharreko tabernak erakusketez, fanzineen aurkezpenez, topaketez leher dira.
Bertze behin frogaturik gelditu da marrazkia komunikabide planetarioa dela: Nigeriako filmen afitxak, Japoniako manga, Esloveniako aldizkariak erakusgai, tangoaren aireaz. Afari batean karikatura egin diot ondoko ezezagunari, arbi baten itxuraz; eman, eta berak dedikatoria eskatu niri. Haren izenaz galdetzean, «Yannik» erran dit berak. Eta nik: «Hercules Katuaren marrazkilariak nola». Eta gizonak: «Nik diat Hercules marrazten».
Yannik! Haurtzaroko nire idoloa!!! Eta tekno party batera airatu gara gero.