argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Burtsaren Indize Orokorra
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Burtsaren Indize Orokorrak neurtzen du akzioen prezioa aldatzen denean nolako errentagarritasuna lortzen den, kapital gehikuntzek nahiz dibidendu banaketek eragindako ondorioak deskontatuta. Bost minututik bost minutura kalkulatu eta jakinarazten da, 100 oinarritzat hartuz 1985eko abenduaren 31n lortutako kotizazioa. Indizea osatzeko aukeratzen diren baloreak dira merkatu osoa ordezkatzen dutenak. Madrilgo Burtsaren Indize Orokorra da Espainiako Estatuko balore merkatuaren indizerik esanguratsuena. Madrilgo Burtsan kotizatzen duten ehun bat balorek osatzen dute indize hori. Indizea zein den jakiteko, balore bakoitzaren batez besteko partziala egiten da. Eta balore guztien batez besteko partzialak aterata, guztiekin batez besteko estatistikoa kalkulatzen da. Balore baten eta bestearen ponderazioa desberdin egiten da batez bestekoetan, hau da, akzio bakoitzak daukan pisu eta garrantziaren arabera. Indize Orokorra osatzen duten baloreek merkatuan garrantzia galtzen badute, aldatu egin daitezke eta horien ordez beste batzuk jarri.