argia.eus
INPRIMATU
Txomin Peillen: «Ameriketan euskaldunek zer egin duten agertzen da liburuan»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zer aurkituko du «Euskaldun etorkinak Ameriketan» bildumaren irakurleak?
Euskarazko liburuan, batik bat Ameriketan euskaldunek zer egin duten agertzen da, hau da, zer bilakatu den hango euskaldunen mundua. Eta, nolanahi den, hara joan baino lehen hemen zernolako giroa zegoen ere azaltzen digu Xabier Apaolazak bere lanean.

Gaztelaniaz aurkeztutako ponentziek zer zioten?
Horiek beste bilduma batean agertzen dira. Frantses jakobinismoa agerian uzten duen bilduman, bestalde, ponentziak zortzi gaztelaniaz eta zazpi euskaraz direlarik, euskarazko eta espainolezko titulua kendu eta frantsesezkoa ipini baitiote! Baina gaztelaniazkoak aipatzeko, Amerika aldetik etorritakoak dira gehienak. Uruguaytik iritsi ziren Alberto Irigoien eta Susana Maitiarenak, adibidez. Irigoienenean euskaldunek nola jokatu zuten Hego Amerikako gerretan XIX. mendean agertzen da, eta Susana Maitiak Uruguay zibilizatu zuten bi euskaldun handi gogoratzen dizkigu: hango unibertsitatea sortu zuena, eta natur zientzien ikerketa bultzatu zuena, Arechavaleta.

Eta esate baterako, oso ospetsu al zen Arechavaleta?
Orain arte Uruguayko uraren marka zen! Beraz pentsa dezakezu. Arrazoia? Arechavaleta izan zela hango etxeetan ura ezarri zuena.
Frantsesezko ponentziarik ez al dago?
Neronek pentsatu nuen zerbait egitea frantsesez, baina ikusiz frantsesik ez zela etorri jardunaldietara, erdal gaztelaniaz egin nuen La imagen del vasco-americano, del indiano, la novela del uruguayo Carlos María Larralde vasco de Uruguay.