Beleak zozoari


2004ko otsailaren 01an
Jon Enparantza abokatuari indignantea (alegia, duintasunik gabekoa) iruditzen zaio «su-etena punto kom»ek ETAri menia eskatzea, non eta (gainera) 25 urteotan eraso mingarrienetakoa jazo den tokian, Andoaingo Kultur Parkean. Ez zait batere atsegina iritziaren leiho honetan idatziriko artikulu batekin ika-mikan aritzea; alabaina, nik parte hartutako ekimen bat ekintza indignantetzat hartu izanak sortu didan indignazioa agertzera behartuta ikusten dut nire burua.

Indignazio eta duintasuna. Galdetzen dut: desadostasunak desadostasun (ondo ala gaizki iruditu al zaigu, baina jarrera desberdinak guztiz legitimoak iruditzen zaizkit, eta legitimoa den guztia duina da), noiztik da indignantea ETAri menia eskatzea, batez ere Martin Ugalde Parkean? Niri kaltegarria ez ezik, zinez indignantea iruditzen zait (hiltzea ez baita jarrera politikoa, soil-soilik) ETAk Andoainen azken urteotan egina: bi pertsona akabatu, beste asko mehatxatu, eta izu itogarria sortu, non eta EHk (gero Batasunak) alkatetza zuen herri batean (jakinik nolako trantzean jartzen zuen alkatea bera) eta euskalgintzaren industria eremu garrantzitsuan kokatzen den herri batean. Enparantza jaunari ez zaio pasa burutik galdera hau: horrelako ekintza bidegabeek sortzen duten mina eta izuaren hedatzeaz gain, zein zen ETAren helburu konkretua? Errepresioa erakarri Andoainera, ondoren esan ahal dezan «begira zein doilorra den estatua, nola jipoitzen duen euskalgintzaren eremu sakratu hori»?

Euskaltzale guztiok, are abertzaleok, are ezkerreko abertzaleok, garbi dakigu zen doilorra den estatuaren jarrera gurekiko. Eta horregatik da hain garrantzitsua Andoaingoa bezalako gune «liberatuak» babestea. ETAk izan beharko luke Andoaingo ingurumaria toki sakratutzat, estatuak izan ez dezan aitzakia izpirik euskalgintzaren aurka joateko. ETAk Andoainen jarduten duen bakoitzean sortzen zaidan amorrua bikoitza izaten da: alde batetik, ez nagoelako ados egiten duen bidegabekeriarekin, bestetik, euskalgintzari sor dakiokeen (egiten dion) kaltearengatik. Harritzekoa da horri buruz Enparantza jaunak ezer ez esatea.

Euskal Herriak Estatu espainiarraren eta frantsesen aldetik jasaten dituen erasoei aurre egiteko ETAren menia onuragarria izango dela aldarrikatzea zergatik da ekintza indignantea? Zer da indignanteagoa: pentsatzea eta esatea edo, askok egiten duten bezala, pentsatu bai, baina, badaezpada ere, bere iritzia kolkoan gordetzea? Ekimen bateratu batean iritzi bera azaltzeko modu ezberdinak daudenez, neuk, Martin Ugalde Parkean, 2003ko abenduaren 17an irakurrita azaldu nituen arrazoiak jarriko dizkizut hemen:

ETAri su-etena. Su etena eskatzen dut, ez egungo sistema politikoa demokratikoa delako, alderantzizko iritzia baitut, ezta ere kontsentsua eta elkarrizketa berez nahikoak direlako arazoak konpontzeko (borrokarik gabe ez baitago justiziarik ezta askatasunik). Su-etena eskatzen dut, hartzen dugun aldetik hartzen dugula, borroka armatuak, sufrimendua luzatzeaz gain, gero eta eragin negatiboagoa duelako gurean: gatazkatik irteteko behar den indar metaketa oztopatzen du: leku gehiegi betetzen du gure zereginetan, ia-ia gure indar intelektuala eta politiko guztiak xahutuz; dogmakeria eta setakeria ernarazten du, praktikan oskol-kultura bat elikatuz eta erdietsi nahi ditugun helburu politikoak usteltzen du okerreko bitartekoen bidez.

Historiak erakusten du, gainera, ezinbestez edo hala behartuta, bide militarraren bidez garaile irten diren iraultzak, areagotuak ikusi dituela beti presente dauden arriskuak, hala nola, bertikalismoa eta askatasun ezarena. Beraz, beste bideak daudenean jasanezinagoak zaizkigu arrisku horiek.

Gure herriak, eta batez ere, ezker abertzaleak (bere aniztasunean hartuz, eta nire burua hor kokatzen dut) ezin du gehiegi zamatzen duen iraganaren zordun izaten jarraitu. Bere gain hartu behar ditu, dudarik gabe, historia eta presoekin dituen konpromisoak, eta gatazkatik irteteko soluzioak proposatu, baina borroka armatua alboratuz. Jadanik berandu bada ere, ETAk aintzakotzat hartu beharko lituzke ezker abertzalearen interesak eta bere zilborrari begiratzeari utzi.

Egun, atsedena behar dugu bide berriak aurkitzeko, hurkoen artean elkarrizketa sortzeko, indarrak metatzeko. Guzti horretarako, iraupen luzeko su-etena lagungarria izango litzaiguke.

Ziur nago ez zaudela ados idatzi honekin. Zilegitasun guztia duzu. Baina, esplika iezadazu zergatik den indignantea bere azalpena Martin Ugalde Kultur Parkean. Are, ez duzu uste, argudio hauek askoz hurbilago daudela Martin Ugaldek pentsatzen duenarekin zuk azaltzen dituzun arrazoiekin baino?
Begirunez.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude