Egun Donostiak dituen hiru barrendegietatik bat da Landarbaso. Donostiako lurrak dira, baina gune nagusiari atxikirik egon beharrean, beste udalen lurren artean dago kokaturik, Astigarraga, Hernani eta Errenteriako lurren artean. Erdigunetik banatuta egoteak, bertako biztanleei estatus berezi batez gozatu ahal izatea zekarkiela esan ohi zen, hau da, bertako semeak ez ziren soldadutzara joateko deituak izaten eta baserriek ez zituzten udal zergak ordaintzen.
1900ean 12 familia bizi ziren bertan ondorengo eraikinetan: Landarbaso, Astabixkar, Larratz, Lexon errota, Zentrala, Larrazpuru, Urdaneta, Bidegurutzeta eta Izeneder Goikoa. Lehen hiru baserrietan beti bizi izan da norbait, azken bietan arestian aipatu bezala, landa-exodoan hutsik geratu baziren ere, azken urteetan berritu eta biztanleak dituzte eta gainerakoak aurri egoeran daude. Aipatu Larrazpuru baserria auzoko eskola izan zen.
Landarbasoko edo Aitzbitarteko kobazuloak: Urak Urumeara isurtzen dituen Landarbasoko errekaren gainean, kareharrizko mendixka batean daude barrunbe hauek. Leienda ugariren sormen iturri, burututako indusketa arkeologikoek aurkitu diren aztarnarik zaharrenak goi paleolitiko (duela 25.000 urte) garaikoak direla erakutsi dute. Beraz, garai haietan jada, inguru hauetan gizakia bazebilen.