argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Burtsaren adierazlea
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Burtsaren adierazlea termometroaren antzeko zerbait da: bere igoera eta jaitsierek adierazten dute Burtsara (Indize Orokorra), zenbait baloretara (Ibex 35) edo sektore jakin batera (banka, elektrikoak, etab.) dirua sartu dela edo horietatik dirua atera dela. Era askotako adierazleak daude. Esate baterako, Espainiako estatuan Madrilgo Burtsaren Indize Orokorra da ezagunena, Estatuko hiriburuan egiten baitira transakzioen %90. Espainiako Estatuko ekonomiaren termometroa da, izan ere igotzen denean baikortasuna eta hazkundea adierazten baititu, eta jaisten denean, aldiz, ezkortasuna. Nolanahi ere, badaude indize espezifikoagoak: adibidez, Euskal Herrian daukagun Bilboko Burtsa edo gure herritik kanpo dauden Bartzelonako eta Valentziako burtsak; edo balore finantzarioen (bankuak) eta industrialen (enpresak) indizeak, jarduera horiek besterik biltzen ez dituztenak. Autoetako tresnek abaila, erreboluzioak eta egindako bidea neurtzen duten bezala, burtsaren adierazleek ere diruaren joan-etorria, operazioak eta inbertitzaileen unean uneko interesak adierazten dituzte. Adierazlearen gora eta behera egiteek adierazten dute adierazlea bera osatzen duten baloreek izaten dituzten irabazi eta galerak. Burtsak gehieneko historikoa izan duela esaten denean, zera adierazi nahi da: Euskal Herriaren kasuan, adibidez, Bilboko Burtsak inoiz izandako markarik altuenarekin lortu duela saioari bukaera ematea. Espainiako Estatuaren kasuan, aldiz, Madrilgo Burtsaren Indize Orokorrak inoiz izandako emaitzarik onenekin amaitzen duenean lanaldia esan ohi da gehieneko historikoa izan duela.