Txantxangorria omen dugu urte berriaren sinboloa. Txantxangorri sasoi betean gaude beraz. Zer berritu eta mantendu, berez zer etor daitekeen hausnarrean.
Txepetxarekin batera ostendu zaigun urteak, lurraldetasunari buruz antzinatik datorren eztabaidaren bizkortzea ekarri digu. Proposamen zehatz eta guzti. Badira mendebaldeko hiru herrialdeentzat soilik estatutu berri bat nahi dutenak, ekialdeko beste hiru herrialdeentzat instituzionalizazioa abiaraziko dutela esan dutenak diren bezalaxe. Ipar bakar batean mendebalde eta ekialderako hego berak izan behar dituen ekimenaren aldekoak ez dira falta ere.
Zehazten hasita gaudela, sumatzen da erabakitzeko une bat badatorrela, bigarren trantsizioan gaudelako edo. Zer leku izango dugu euskaldunok erabaki une horretan? Eta euskarak?
Azken hogeita bost urteko politikek hiztun kopurua "mantendu" bai, baina lurralde eta mintzoaren kaltetan eragin izan dute eta ez dira euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko gauza izan. Are okerrago, hauen bortxatze sistematikoa ekarri dute. Ezin bizarrik moztu oraindik, euskara ez baita salbu.
Eragindako kalteak benetako edo inolako ofizialtasunik ez izatea du iturburu garrantzitsuenetakoa. Nor eta zer garen argi ez adieraztea, ez zabaltzea. Garena legez ez babestea. Frantsesera eta espainolera derrigor izatea, euskara aukeran uztea, kasurik onenean beti ere. Hori da orain arteko egoera mingarria Euskal Herrian. Geu aukera baino ez gara, hori da egi gordina.
Euskararen ofizialtasun ezak gure hizkuntza eskubideak zazpi lurraldeetan zapalduak izatea dakar, "berdintasun" mingotsez. Funtzionarioek derrigor gureak ez diren hizkuntzak soilik jakin beharra, eskolak berea eskubidez dena Euskal Herriko ume-gazteen erdiari ukatzea beste hizkuntza batzuk derrigor ematen dien bitartean, berdin-berdin, zanpa-zanpa. Eta honela jendarteko funtzio nagusietan.
Euskara berezkoa dugu, gurea den bakarra. Hori lurralde osoan legez jaso eta bete ezik ezinezkoa bihurtzen da garena izatea, gure iragan eta orainarentzat etorkizuna eraikitzea, berdintasunez euskara ematea. Euskaldun guztientzat berdintasun legala lortzea beharrezkoa dugu. Horrez gain, beharrezkoa dugu nahi izatea. Horregatik bagara oraindik, nahi dugulako.
Eta nahi badugu zergatik ez eztabaidatu eta erabaki? Espainiarrek eta frantsesek aski ongi erabaki dute beren hizkuntzentzat nahi dutena, gu tartean sartuz noski, haientzat ez baikara. Frantziako konstituzioak frantsesa ezarri zuen hizkuntza ofizial bakartzat, era horretan frantsesaren ezagutzaren derrigortasuna ziurtatuz eta euskara baztertuz. Era berean, estatu tresnak erabiliko zituen gaur agirikoa den gainbehera lortzeko. 1978an Espainiako konstituzioak gaztelera derrigorrezkoa mantendu zuen, euskara eskubidezkoa uzten zuen bitartean eremu batzuetan, era horretara gaztelaniaren ezagutza ziurtatuz guztientzat. Biek ala biek banatu gintuzten, erabaki ahalmena lapurtu eta gure hizkuntzaren galera bizkortu.
Euskal Herriari buruzko eztabaidaren erdi erdian gauden honetan, aukera dugu, behingoz, euskara eta euskaldunon statusa dagokigunean ezartzeko, gure hizkuntza eskubideak bermatuko dituen ofizialtasun egoera orokorra zehazteko. Eztabaida politikoaren baitan gure hizkuntzaren etorkizunaz hartu beharreko neurri juridiko, politiko eta sozialak kokatzea ezinbestekoa dugu.
Ekar dezagun ofizialtasuna Euskal Herri osorako, txantxangorriarekin batera.