argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 27a

Dora Salazar artista altsasuarraren lanak dira ikusgai Madrileko Raquel Ponce galerian. Hilaren 24a bitartean, sei bat eskultura eta hainbat marrazkiz osatutako erakusketa paratu du lehen aldiz arte areto horretan. Betiko moduan, emakumeak gaur egungo munduan duen lekua aztertzen du Salazarrek bere lanetan.

Maite Agirrek zuzendu eta taularatuko du urtarrilaren 17an Deustuko La Fundicion aretoan estreinatuko den íPuta vieja alcahueta celestina! lana. Fernando de Rojasen La Celestina lanean oinarritutako bakarrizketa Agirrek berak idatzi du eta Agerre Teatroak ekoiztu.

Jon Alonsok 1995ean kaleratu zuen Katebegi galdua lana gaztelaniara itzuli du Angela Gezuragak. Pablo Sastreren Leuropa liburua berriz, Bego Montoriok itzuli du. Bi lanak Hiru argitaletxeak plazaratu ditu Ficciones bilduman.

Juan Carlos Matellanes izango da aurrerantzean Operako Lagunen Bilboko Elkarteko presidentea. Matellanes Elkarteko idazkari izan da azken sei urteetan eta Bilboko Erakustazokako zuzendari finantzario da egun.

Teresa Caloren íAy Manolo! antzezlana eta Aizpea Goenagaren Agur betiko lan sarituak argitaratuko ditu laster Artezblai liburu bildumak.

Jon Kortazarrek Bernardo Atxagaren biografia eta bere ibilbide literarioa bildu ditu Literatura vasca desde la Transición. Bernardo Atxaga izeneko liburuxkan. Minnesotako Unibertsitateak kaleratu du osatzen ari den Iberiar Penintsulako eta Hego Amerikako literaturako antologiaren baitan. Gaztelaniaz plazaratu da orain Atxagaren biografia, baina ingelesez ere argitaratuko omen dute.