Euskal Herriko karrikak gero eta koloretsuagoak dira. Gero eta gehiago dira gurera etorri diren etorkinak arrazoi ekonomiko edo politikoengatik. Frantziako eta Espainiako galbahea pasatu dute Euskal Herrira etorri diren etorkinek, baina Euskal Herriak bere azpiegitura eta ekimen propioak behar ditu erronka horri »ez hain berria dena» aurre egiteko. Etorkinak eskulana baino gehiago badira; etorkinek badituzte beren kultur ezaugarri propioak, aintzat hartu behar ditugunak ezinbestean. Gu haiengana gerturatuz gero, haiek ere guregana hurbilduko dira. Etorkinak guretzat aberasgarriak dira, ez, inondik inora arazoen sorburua. Are gehiago, Euskal Herrira etorri diren etorkin asko kultura minorizatu bateko kideak dira. Alde horretatik, gure eginkizunetako bat da haien identitatea eta kultura errekonozitzea. Nola eskatuko diegu gure herrigintza egitasmoan inplikatzea, beren jatorrizko herrian bizi dutena aintzat hartu gabe? Garbi dago abertzaletasunak erronka handia duela inmigrazioaren alorrean.