Pablo Antoñana: «Idazle izateko sekretu bakarra dago: asko idatzi, eta idatzitako dena erre»

  • Iruñean, San Frantzisko plazako etxean hartu gaitu Antoñanak. «Ordena eta txukunkeria irudimenik ez duen jendearen kontuak dira» esanda sartu gaitu bere liburutegian.Argazkien eran oroimenean geratu zaizkion gerrako irudiak erakutsi dizkigu. Sekretario zen garaiko istorioak grazia handiz kontatu ditu. Eta literatura bere modura irakurri digu.Ahobizarrik gabea eta bere idealekin koherentea iruditu zaigu, dudarik gabe. Felipe Borboikoari eskua emateko ere kontzientzia eta txapela eranzten ez dituena.
Vianakoa zara. Nolakoa da zure herria? Nola hazi zinen bertan?
Nire herria zaharra da, gotorleku bat. Nafarroak Gaztelarekin duen muga bera da. Historia azkar batean kontatuta, esan liteke mugan egoteagatik, kristo guztia pasatu zela bertatik. Setio asko jasan zituen Gaztelako tropengandik. Frantsesak ere pasatu ziren bertatik, Gerra Karlistak ere bai... Nafarroak erresuma izateari utzi zionean beherakada etorri zen.
Era berean, noblezia asko izan zuen. Herrian garbi bereizten dira alde zaharra eta inguruko lurretako etxeak, herri xehearenak. Oso aberatsa da nekazaritzan. Olibondo eta mahastiak daude batik bat. Eta mugako herria izanik, estraperloa ere ofizio zen. Olio trafikoa zegoen batik bat, baita ogi eta barbantzuena ere.
Etxe bakoitzak du bere upelategia, eta gotorlekua denez, denak daude pasadizoz elkartuta. Orain, modernotasunarekin, desagertzen ari dira upelategiak eta pasadizoak.
Gu gerraostean hazi ginen. Hala ere, bada guk baino gose gehiago pasatu zuenik, nekazal herri batean beti baitago zer jana. Haurtzaroa paradisu galdua da niretzat.

Zortzi urte zenituenean lehertu zen Gerra Zibila. Esan izan duzu betirako markatu zintuela gertakizun horrek. Zer gogoratzen duzu?
Etxean karlistak ziren, eta gerra giroa sumatzen zen aurreko egunetan. Baina gogoratzen dut errementeria batean entzun nuela: «Bihar gerra izango da». Eta halaxe gertatu zen. Biharamunean jendea jada errekete gisa jantzita atera zen. Nahasgarria zen, ez dakit nondik atera zituzten hain azkar arropak eta armak.
Bestalde, errepublika garai hartan langabezia asko zegoen. Estatu Batuetako burtsak krak egin zuen eta Europara ere zabaldu zen eragina. Jende asko zen bide bazterretan eskupekoa eskatzen zuena.
Gerrako oroimenak argazkitan bezala ditut memorian gordeak: kamioiak nola etortzen ziren hildakoak kaxoietan zekartzatela, bakoitza zenbaki banarekin.
Fusilatuez, berriz, jabetu ere ez ginen egiten ia. Vianan bi fusilatu zituzten, baina inguruko herrietan askoz gehiago: Los Arcosetan hogeitik gora, Lodosan eta Mendabian ere beste hainbeste...
Nik ikuskizun eta festa gisa bizi nuen gerra, parafernalia horrekin guztiarekin. Herriak hartzen zituztenean manifestazio modukoak egiten ziren "Errusia zulora. Espainia bai, Errusia ez" eta antzerako lemekin. Elizara joaten ginen Santander hartu zutela ospatzeko...
Baina gauzak ez zeuden txantxetarako. Pentsa, Guardia Zibilak bandoa jo zuen esanez, inork aterik ez irekitzeko gauez, ezta Guardia Zibilari ere!
Gaurko teknologiarekin ez zeukan zer ikusirik ordukoak. Esaterako, Guardia zibilak fusilaz zerura apuntatzen egoten ziren, gorrien hegazkinik pasatuz gero, tiro jotzeko. Nik uste fusilez orduko hegazkinak harrapatuko zituztela.

Zuk hirugarren Gerra Karlista gisa definitzen duzu 36ko Gerra Zibila. Zergatik?
Antzekotasun handiak daude bi gerren artean. Karlistak elkartzeko modua bi gerretan berdina izan zen: elizak deitu zituen. "Gurutzada" hitza ere, karlistek erabili zuten 1932an, eta elizak bi gerrak gurutzada hitzarekin definitu zituen. Antzerako zigorrak jarri ziren, erbesteratzeak egon ziren bi gerretan...
Gizartean ere antzerako arauak izan ziren ondorio. Bi gerren aurretik zeuden ezkontza zibilak, eta bi gerren ostean elizaz ezkontzera behartu zuten jende hori.
Lehen bi Gerra Karlistetan karlistek galdu zuten gerra, eta uste dut 1936koa irabazi bazuten ere, funtsean galdu egin zutela. Eurek jarri nahi zituzten antzinako erregimena eta balioak ez zirelako jarri. Gogoan dut, gerra bukatzerako errekete batek nola iragartzen zuen: «Gerra irabaztera goaz, baina dagoeneko helburuak galduak ditugu». Jabetuta zeuden beste indar batzuek baliatu zirela egoeraz.

Gerretan bi aldeak dira berdin?
Esaten da gerra ez duela inork irabazten, denek galtzen dutela. Gerretan beti daude bi alde: herri xehea eta politikariak. Politikariak dira sua pizten dutenak, euren irabazi ekonomikoei begira. Aberria eta jainkoa jartzen dira arrazoi gisa, baina interes ekonomikoa da atzean dagoena.
Herriko jendea berotzen dute eta bi bandotan zatitu. Baina nik dakidala herriak sekula ez du irabazten. 1936ko gerran ere, galdu zutenek irabazi zutena erbestea edo bide bazterreko tiroa izan zen. Eta erreketeek irabazi zutena, gehienera, funtzionario posturen bat udaletan...

Tradizio karlistako familia zen zuena. Nola aldatu zenuen ideologiaz?
Umetan, familiako giroan txertatuta bizi gara, norberak ez du ideologiarik. Han entzundakoa jasotzen nuen, eta kito.
Gaztetan, Zaragozan ikasten ari nintzenean hasi nintzen jabetzen gertatu zenaz. Errepresioa jasandako jende asko zegoen han. Ezagutu nuen aita fusilatu zioten jendea, kartzelan egondakoa...
Etxean entzuten nituen gauzen kontrakoa zen, eta barruan nahaste handia sortzen zidaten bi bertsioek. Hitlerren kasua, esaterako, nabarmena izan zen niretzat. Bigarren mundu gerra lehertu zenean, karlisten artean Alemania eredu zen, garaiezina, zibilizatua, aurrerapenaren ikur. Ni luistarra nintzen, eta egun batean jesuita batek bildu gintuen, esateko gerra bukatzera zihoala eta Alemaniak galdu egingo zuela, Hitler kriminal hutsa zela... Ordura arte kontrakoa besterik ez genuen entzun.
Horrela joan nintzen zentzu kritikoa garatzen, eta urteetan lantzen saiatu naiz. Hor egin nintzen disidente. Heterodoxoa naiz, eta pozik nago jarrera horrekin. Beti ez zaizkit gauzak ongi joan, baina ez zait sekula damutu.
Bareegia den itsasoa da gaurko gizartea. Jende asko da pentsatu nahi ez duena, bere ordez bestek pentsatu dezatela uzten dutena, batere ideologiarik gabea. Horrela gaude, gauden bezala.

Vianan bizi arren, udak Donostian pasatzen omen zenituzten. Nolakoa zen udaldia?
Aita larre motzean hazitakoa zen. Baina eskolako maisu egin zen, eta bidaiatzeko gogoa sortu zitzaion. Berak izan ez zuena guri eman nahian, gerra hasi aurretik eraman gintuen Donostiara. Gogoratzen dut lehen bidaia horretan Calvo Soteloren hileta elizkizunak tokatu zirela. Artzain Onaren eliza inguruan genbiltzan, eta gogoratzen dut frankistek tiro jo zutela eta hildakoren bat izan zela. Gogoratzen dut baita ere bi leherketa entzun genituela Aieten, Francoren kontrakoak.
Gerra osteko urteetan ere itzuli ginen Donostiara, eta hondartzako estanpak oso barregarriak ziren. Gizonak ere derrigortuta zeuden gorputz osoa estaltzen zuen bainu jantziak eramatera. Oihalak, berriz, kotoizkoak ziren eta uretatik puztu puztuta ateratzen ginen.
Franco ere bertatik ikusi omen zenuen.
Francoren garaiak oraingoekin konparatuta, esan liteke zentzu batzuetan haiek bigunagoak zirela.
Orain, esaterako, errege edo ministroren bat etortzen denean, horretaz jabetzen gara Iruñea dena poliziak okupatzen duelako. Francok sortzen zuen terrorea ezberdina zen. Ez zuen poliziaren beharrik ere.
Franco Zaragozara joaten zenean, errepresaliatuek pare bat egun lehenago aurkezten zuten bere burua komisarian, atxilotu zitzaten, polizia etxera bila joan zekien baino lehen. Euren burua komisarian entregatuta, kartzelan sartzen zituzten Francoren bisita pasatu artean.
Gogoratzen dut Patxi zaharra Zaragozara joan zen aldi batean, baila handi batera igota egon nintzela. Franco ipotx hori azpitik pasatu zitzaidan, pare parean. Ez dut ulertzen nola utzi ziguten hain gertutik ikusten.

Noiz hasi zinen idazten?
Nire aitona eta amona Navarro Villoslada idazlearen etxean bizi ziren, etxea zaintzeko ardura baitzeukaten. Liburu zaharrez beteta zegoen etxe hura, eta argazkiak ere baziren, esaterako, Villoslada Zorrilla idazlearekin agertzen zena... Etxe hartako giroak sortu zidan idazteko irrika. Gela denetan ibiltzen nintzen kuxkuxean. Hango liburu asko eta asko irakurtzen nituen. Eta esaten da idazle bat ezer baino lehen irakurle amorratua dela.
Noiz hasi nintzen idazten ziur ez dakit, baina 15 urterekin neska bati maitasun bertsoak bidali nizkion.
Hasiera hartan ezkutuan idazten nuen. Errespetu handia bainion idazteari.
Txikitan idazten denari balio handia ematen zaio. Baina kaxoi batean utzi behar da jalkitzen. Eta handik denbora askora, kaxoitik lanak atera, irakurri, eta erre egin nuen dena. Idazten, irauten duenak irabazten du. Etengabe jarraitzen duena iristen da ondo idaztera.
Literatura batik bat forma da. Formarik gabe, ez dago esanahirik. Ahozko literaturan berdin gertatzen da. Kontalari ona entzutea gozamena da. Baina istorio berak, gaizki kontatuta, galdu egiten du balioa, esanahia eta dena. Gaizki kontatutako txistea ere ez da txiste.
Nire kasuan, argi daukat. Idazlea egin egiten da. Sekretu bakarra dago: asko idatzi behar da, eta idatzitako dena erre.
Baina berezko sentsibilitatea ere behar da. Kalean pasa, eta manifestazio batek ez badizu ezer esaten, edo paisaia batek, edo xehetasun batek... alferrik da.

Poesian ere aritu al zinen?
Idazle edo poeta batek hasieran eredu bat hartzen du, eta horri jarraitzen dio, gainditzen duen arte. Ume batek hasieran gurasoak imitatzen dituen bezala, azkenerako konturatzen den arte gurasoez libratu behar duela. Poesian nire ereduak Alberti eta Lorca ziren. Eta ez dut uste hain txarra nintzenik. Ez dakit zergatik ez nuen segi.
Konbentzituta nago poesia prosa baino zailagoa denaz. Benetako poesia, noski, eta ez orain askok egiten duten mordoiloa, idazten duenak ere ulertzen ez duen erretolika hori. Poesia askok ez baitute ezer esaten, adarretan galtzen dira.
Poesia soiltzea da. Esanahiaren muina zortzi hitzetan beharrean hitz bakarrean esaten saiatzea. Limoiari zukua ateratzea bezalakoa da, geratzen den zukua da poesia, eta gainerako azal dena bota beharra dago.

Gertakizun historikoez idatzi izan duzu. Bateragarriak dira historia eta literatura, edo objektibotasunak bereizten ditu?
Historialariekin ezkorra naiz. Ez zait gustatzen euren hoztasuna. Zehatz mehatz egia diren gertakariak eta datuak bakarrik hartzen dituzte kontuan, eta perbertitu egiten dute errealitatea, eurek azaldu nahi dutena frogatzeko.
Uste dut historia hobea egiten duela, egiazkoagoa, idazleak historialariak baino. Esaterako, Tolstoiren "Gerra eta bakea" nobelak gehiago transmititzen du, datu hotzezko deskribapenak baino. Unamunok Bilboko gerraz idatzitakoekin ere berdin. Edo Barojarekin hobe ezagutzen da Santa Kruz apaiza, bizi egiten da bere mundua.

Zuk nondik atera izan duzu informazioa idazteko?
Ez du balio datu pila bildu eta idazteak. Datuak zeure egin behar dituzu, lehenik barneratu, eta gero berriro idatzita atera. Halako egunetan karlistak zer herri hartu zuten jakiteak ez du hainbeste esaten. Nahiago dut giro hori berreraikitzea, egun haietako errealitatea biziberritzea. Horrek ez du esan nahi gertatu zenetik atera behar dugunik.
Udaletako aktak dira nire iturri. Ipuinak idazteko ahozko kontakizunak ere hartzen ditut aintzat.

Sekretarioa izan zara beti. Herri batean pertsonaia berezia da sekretarioa...
Behin kotxean hartu nuen gizon bat, herrira eramateko. Ez nuen ezagutzen, baina berehala jabetu nintzen apaiza zenaz. Nork bere burua aurkeztu genuen, eta horrela definitu nion neure burua: "Ez naiz herri honetakoa, baina herrian agintzen duena naiz". Lehenengoan igarri zuen: "Sekretarioa"!
Ofizio horretan bitxikeria asko gertatu zaizkit. Instantziak edozein tokitan idatzita iristen zitzaizkidan: platanoak biltzen ziren paper gogorrean, egutegi batean...
Herriko jendeari, berriz, zirikan esaten nion: «Pentsa zenbat gauza dakizkizuen zuek. Badakizue politikoak ezjakin hutsak direla. Badakizue apaizak agindu bai baina ez duela esanik betetzen. Badakizue maisuak ez duela ezer irakasten... Hainbeste gauza korapilatsu jakin, eta deskuidatzen banaiz ez duzue asmatzen sinadura non bota!»

Zinemako gidoietan ere esku hartu izan duzu.
Montxo Armendariz zinemagilea ezaguna dut. Tasio filmeko gidoia idatzi zuenean, gainbegiratzeko utzi zidan, hizkuntzari erreparatzeko. Tasio filma kokatuta dagoen inguruko hizkera zinemara eramaten saiatu ginen. Silencio roto filmerako, berriz, kantuak eskatu zizkidan. Oso ondo etorri zitzaidan garai bateko abestiak gogoratzeko. Egun pasa egin genuen Vianan eta lagun zaharron artean, batek eta besteak gogoratzen genuen kantu zatiarekin, pieza asko osatu genituen. Armendarizi pasatu nizkion, nahiz azkenean ez zituen filmerako behar izan.
Uste dut herrietan aberastasun handia dagoela literaturarako oinarrizko tresna den hizkuntzan.

Hizkuntza gordetzea posible da?
Telebistarekin eta politikoen diskurtsoekin hizkuntza eskasten ari da.
Sekretario nintzenean, egunean zehar entzuten nituen hitz ezezagunak idatzi egiten nituen, eta ondoren hiztegian begiratu. Hitz zahar asko ikasi nituen horrela.
Nire teoria da, hizkuntza azkarrago aldatzen dela goimailako klaseetan, letratu gabea den jendearen artean baino. Jendea kanpora ateratzen denean ikastera, hizkera ere aldatu egiten baitu. Ohitura eta inertziak gehiago agintzen du beheko klaseetan. Desagertzen doan hizkuntzako uharteen modukoak dira.

Zure burua «duda-gizon» definitu izan duzu.
Bai, egia absolutu denak utzi nituen bazter batera, eta xake matean jarri nituen trinitatea eta antzerako ideiak.
Duda da zientzia sortzen duena. Dudarik gabe, ez genuke jakintzan aurrera egingo. Noizbait jakingo dugu munduaren sorrera zein izan zen. Baina oraingoz, ezezaguna, enigmatikoa denak ez du azalpenik. Gizakia bera ere enigma hutsa da. Zer egiten du munduan?
Azaldu ezin diren misterio hauek gizarteari ulertarazteko sortu da erlijioa. Nola azaldu zer den ongia eta gaizkia? Eta nola azaldu egungo gizartean gaizkia emankorragoa dela ongia baino? Alegia, petrolioa, mehatzeak eta dirua gaizkia direla?
Nire filosofia eta pentsamolde honek tristura eta egonezina dakar. Ez dit ematen segurtasunik, eta aldiz, jendea denarekin oso seguru dago.
Ni agnostikoa naiz. Ez dut sinisten jainkorik badenik, eta ez denik. Jainkoarena ere deszifratu gabeko misterioa da. Baina seguru nago, Jainkorik badago, lo egongo da.
Hiru jainko daude egun. Bata kristauena. Bestea musulmanena, Ala. Eta bestea judutarra, Jabe. Nola ez dira ados jartzen, hiru gizarteek elkar errespetatzeko? Ulertzen ez dudana da erlijioek ez ezer praktikorik egitea gerrarik piztu ez dadin. Erlijioa da egun ere gerra askoren sortzailea.

Ez zara gizakiarekin oso optimista.
Herri honetan optimista dena, mozkorra dagoelako da.
Gizakiak bestea zanpatzea da bilatzen duena. Horrela ikusten dut aberriaren kontua ere. Aberria gutxi batzuena da, eta gutxi batzuek egiten dute negozioa. Besteek, aberriaren nagusi direnak gizentzen jardun behar dute, euren lan eta pobreziarekin. Gerrak egiten badira, aberriaren jabeek sortuko dituzte, baina eurak ez dira lehen lerrora borrokara joango. Banderak defendatzeko hil behar du herriak, makila batetik zintzilikatutako trapu hutsa bada ere.
Sentimenduzko aberri bat ere badago, eta hori desberdina da. Politika ere kasu batzuetan sentimendua da, esaterako, euskaldunen arteko karlismoa horrela izan zen. Euskaldunen abertzaletasuna ere, sentimendu noblea da. Baina sentimendu horrekin jokatzea ez da zilegi.
Jende asko ikusi dugu alderdi batetik bestera aldatzen, ideologian sekulako kontraesana bazekarren ere. Horrelakoetan ez dakiguna da, noiz esaten duten gezurra, lehen edo orain? Zergatik aldatzen dira, boterean gorago iristeko ez bada?

Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko gizartea?
Horretan positiboa naiz. Arazorik ez duen gizartea, hilda dago. Barbantzu beltzak dituen herriak dira bizitza ematen dutenak. Eta hori da Euskal Herriak duena. Urratuek sortzen dute dinamika eta mugimendu aurrerakoia. Arazorik gabeko gizarte batek ez du ezer sortzen. Haserrea ez da berez ona, baina eragin egiten du pentsamendua eta dialektika. Denek berdin pentsatzen duten herrian ez du inork pentsatzen.
Baina nahiko nuke gizarte honetako borroka ez balitz hain garratza, eta manikeoa. Hemen onak gure aldekoak bakarrik sentitzen gara, eta besteak beti dira gaiztoak.
Hala ere gizarteko harremanena kontu berezia da. Jende asko dago ideologia konpartitzen duena, eta horien artean harreman onik edo feeling-ik ez da sortzen. Eta aldiz, falangeko teniente batekin zein harreman ona nuen ikustea ez da sinistekoa. Gerran guk bataila bat irabazten genuenean, esaten zidan "zorionak Pablo, baina ez dakizu nola izorratzen nauen!", eta alderantziz. Galdetzen zidan ea nola joaten nintzen berarekin tabernara. "Gogoak ematen didalako, eta kito" erantzuten nion.

Zer etorkizun ikusten diozu gatazka politikoari?
Horretan ere ez naiz optimista. Politikariak dira beti zauria zabalik uzten dutenak eta gainera gatza eta ozpina bota. Ez diet errespetu handirik zor politikariei. Arazo honek botoak ematen baitizkio alde bati eta besteari. Eta oso fanatizatuta dago gizartea. Espero dut egun batean arrazoiketa iritsiko dela. Baina ez dut espero ikusiko dudanik. 200 urte daramagu honetan, eta herrien historia beti da luzea eta gogorra.

Ioarko errepublika ideala zer litzateke zuretzat?
Ezinezkoa da, baina amesten dudan errepublika da. Ejertzitorik gabekoa, gobernurik gabekoa, eta anarkista.
Idealtzat dauzkat 1920ko Andaluziako komuna anarkistak. Nahiz eta garai hartan oso inozenteak izan ziren. Esate baterako, edaria, tabakoa eta droga denak baztertu zituzten. Eta lur jabeei ondasunak banatzea eskatzen zieten. Lehen kristauen antzerakoak ziren.
Bertsoa
Doinua: Nagusia eta maizterra

Behin Vianako printzipearen
sariraino iritsia
txapelik kendu gabea bere
eskuemate bitxia
inork ez beza pentsatu gero
zarenik ezkor itxia
biak mantentzen dituzulako
txapela eta iritzia
Bere hitzetan
"Jantzia besterik ez da aldatu, emakumezkoek prakak erabili, erre, ikas dezakete, baina pertsonei buruan hozka eginez gero bere arbasoengandik jaso dutena azaltzen da». ARGIA, 1995-07-16

«Trantsizio baketsuaz mintzatzen da, eta benetan gertatu dena da Franco hirugarren egunean berpiztu zela.» ARGIA, 1995-07-16

«Liburua da gizakiak asmatu duen instrumenturik onena, bere buruarekin topo egiteko.» www.noticiasdenavarra.com

«Politikoen nahasia da, ez dakitelako zer esaten duten edo ez dutelako esateko ezer. Eta euren ideia gabezia hitz mordoiloz estaltzen dute.» www.euskonews.com

«Nafarrok tratua dugu elkarrekin, elkar jasaten dugu..., baina ez dugu elkar maite.» www.geocities.com

«Marxen sozialismo zientifikoak ez du aurrera egin. Zergatik? Gizakia utopiarako egina ez dagoelako egin du porrot.» Berria, 2003-12-21

«Koherentea beti dago pareta eta ezpataren artean, eta ez du, gaur egun, zer eginik.» Berria, 2003-12-21

«Ez zait interesatzen gauza batzuk argitaratzea, bizi naizen bitartean ez ditudalako gorrotoak nahi. Aberatsa banintz, idatzi eta atzerrira joan nintekeen, baina ez naiz aberatsa.» Berria, 2003-12-21
Faktura eroa
«Sekretarioa nintzen garaian, herriko ero batek denuntziatu egin ninduen, eta Guardia Zibilak eraman egin zuen. Eroetxera eraman zuten, eta faktura bat iritsi zitzaidan: æUdaleko sekretarioa, Pablo Antoñana, eroetxera eramateagatik, hainbat pezetaÆ. Oraindik gordeta dut faktura hori.»
Curriculuma
Jaio: Vianan, 1927an.
Bizi: Iruñean.

Idazlea

Ikasketak: Zuzenbidea eta Magisteritza.

Sanson de Sojo y de Busto herriko sekretario aritu da bizitza osoan.
1996an Vianako Printzea Saria jaso zuen, Kultura alorrean.

Argitalpenak: beste askoren artean, berrienak «Noticias de las Segunda Guerra Carlista» (1990); «La vieja dama y otros desvaríos» (1993); «Memoria, divagación, periodismo», (1996); «Despropósitos» (1997); «Miniaturas» (1999); «Extraña visita y otras historias» (1999); «Último viaje y otras fábulas» (2001); «De esta tierra y otras guerras perdidas» (2003); «Las tierras y los hombres» (2002)...

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


'Kontzertismoa', beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


Eguneraketa berriak daude