argia.eus
INPRIMATU
Joxerra Garzia: «Bakoitza bere zoroak bizi du, eta nirea argi agertzen da testuotan»
Pilar Iparragirre 2004ko urtarrilaren 11
Nolatan hasi zinen Goizean behinen?
Arantxa Iturberi zor diot irratian hasi izana. Lehendabiziko asmoa, gaurkotasuna aitzaki hartuta zer edo zer esatea izan zen, nahiago bainituen gaitzat eguneroko giza miseria txikiak eta arlo politikotik ahal nuen urrutien ibiltzea. Baina bizi garen herrian bizi gara, eta kontuan hartzen badugu 2000 urteko irailaren 8an hasi nintzela, eta nire gaztetako koadrila guztia Hondarribikoa dudala, jada lehenbizikoan ezin izan nuen beste aldera begiratu eta Hondarribiko Alardeari buruz hitz egin behar izan nuen. Eta hori politika da, giza eskubideak ere politika diren neurrian.

Eta hortik aurrera?
Bada, 2000. urteko uda bereziki etsipengarria izan zen: Korta, Jauregi... Oso giro nahasian bizi ginen, eta jakina, mazoarekin alboan jotzen zaituztenean oso zaila da arreta beste edozeri jartzea.

Itsasoan eurin zer aurkituko du irakurleak?
Tonto-tonto hiru urte jardun nuen irratian eta ehun eta hirurogeiren bat hitzaldi egin nituen. Horietatik 60 hartu ditugu libururako, bere kontestutik kanpo oraindik ere gustagarri izan zitezkeenak-edo. Nolanahi ere, nik ez dauzkat 60 iritzi, zeren ni baino askozaz ere jakitun handiago batek esan zuenez, historian zehar izan den literatura osoan hiru gai baino ez dira: maitasuna, bizitza eta heriotza, eta gainerako guztia horiek modu diferentean esateko jolasa da. Bakoitza bere zoroak bizi du, eta nirea argi asko agertzen da testu hauetan. Herri izan nahi eta ezin duen herriko herritar izan nahi eta ezin duen baten zoroa.