Pello Añorgak idatzi eta Jokin Mitxelenak irudikatuko duten haur bilduma berria jarri du abian Elkarlaneanek. Birundan izena jarri diote, izan ere, plazaratu diren lehen bi aleen gisan, arazoak bueltaka izango dituzten ipuinak argitaratuko dira honen baitan. Ni ez naiz txerria eta Adio, adio! dira lehen bi lanak.
Betagarri taldearen Arnasa hartu azken lana argitaratuko du laster Japoniako Diwphalanx diskoetxeak. Bertan, abestien letrak japonierara itzuliko dituzte.
Jose Julian Bakedanok azkenaldian prentsan argitaratutako idatzien bilduma kaleratu du Pamielak. El conflicto perpetuo izenburupean zinema, artea, literatura eta kulturari eskainitako lanak jaso ditu. Bakedano egun Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari ordea da.
Alex de la Iglesia zinegileak apirilaren 16, 17 eta 18an estreinatuko du Basauriko Social Antzokian berak ekoizten duen lehen antzerki lana. Dos hombres sin destino obra José Monterok zuzendu eta Manuel Tallafék eta Enrique Martínezek antzeztuko dute.
Txuspo Poyo artista altsasuarraren lana dago ikusgai hilaren 24a bitartean Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz galerian. Bideo bat da erakusketako oinarria, non New Yorkeko bost zubitatik bost pertsonek uretara barruan mezuak dauzkaten botilak botatzen dituzten. Bideoaz gain, instalazioak eta argazkiak ere ikus daitezke.
Kutsidazu bidea, Ixabel lanak ehungarren emanaldia bete du dagoeneko. Gorringo taldeak antzeztutako obra arrakastaren bidetik joan da azken urtean eta gurean antzerkiak gutxitan sortu duen erreakzioa sortu du publikoarengan.