Bestera jo. Mahai tartetik ibiltzea maite zuten, eurentzat ikasleen izu aurpegiak lasaigarriak bailiren. Alde bateranzko begiradak bestalderanzko belarrondoko itsua iragartzen zuenez, ikasleok gure buruak mahaiaren azpian ezkutatzen saiatzen ginen. Maiz, ustel haien eskuak egurra jo eta beren eroaldietan sututa ostikoka hasiko zitzaizkizun asto beldurtuen antzera. Ondoren eta postrerako makila izaten zuten gustukoen. Txintxoei begiratu eta guri eman. Ez ziren tronpatzen. Aspaldi honetan, EAJ dute begipuntu. Eta garai bateko izarra, Atutxa, ninien xede. Etsaietan etsaiena balute bezala ari zaizkio iraintzen, formalki ere zigorrarekin mehatxatuz. Baina jo, ezkerrerantz jotzen dute. Atzo Jokin Gorostidi eta Juanjo Arruti bereizi dituzte, orduko eskoletan bezalaxe txintxoen isiltasuna aldeko. Bere jokoan nagusi, erditik dabilzkigu bi errenkada finko osa ditzagun, horrela lerrotan errazkiago menderatuko gaituztelakoan. Ezkerrarekin amaitu dutela iruditzen zaienean bestearekin hasiko dira, jotzearena sistema bakarra baitute joan berri dugun mendea lekuko. Eta dirudienez gu elkarrengana bilduko gaituen ama santisimarik ezagutzen ez dugunez, bakoitza bere lerroan jarraituko dugu egurra jasoz. Egun hona, bihar agian horra.