argia.eus
INPRIMATU
Lepo berritik burua
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Sarri esan izan da euskal aldarrikapenek Espainiako Estatuaren baitan dituzten mugak bi eratakoak direla. Batetik, euskal eskakizunei, besterik gabe, onar edo eman dakiekeen erantzuna. Eta, bestetik, euskal aldarrikapenei eman lekiekeen erantzun horrek gainerako autonomietan oro har eta Katalunian bereziki sor lezakeen mimetismoaren arriskua. Beste modu batez esanda, Madrilgo ikuspegitik errazagoa litzatekeela euskal gatazkaren konponbidea baldin honek islarik ez balu euskal esparrutik kanpoko eskakizunetan.
Hain zuzen ere, orain dela hamar hilabete Bilbon izan zenean, Maragallek ez zuen funtsean besterik agindu. Alegia, euskal gatazkak erantzun berezia behar zuela, PSCk ulertzen eta onartzen zuela euskal berezitasuna eta, euskal arazoaren konponketa erraztu beharraren beharrez, Kataluniak ez zukeela sekula Euskadiren parekotasunik eskatuko.
Ez diot nik Maragalli kontrakorik egingo, ez txarrerako denik esango, eta are gutxiago nahi duena aldarrikatzeko zilegitasunik ukatuko, baina badirudi aukerarik izan duen lehen abagunean ez diola inondik ere euskal parekotasunari muzinik egin nahi izan.