Gartxot Korsikan: Vai e'fa'ti leghje!!!

  • Marko Armspach, Jokin Larrea eta Asisko Urmenetak egindako Gartxot komiki liburuak Korsikako Nazioarteko Komiki Jaialdian Mediterraneo Saria irabazi du.

2003ko abenduaren 21an
Hegoaldeko euskaldunoi aski ohi zaigu sasimuga pasatzea, ohartzeko zein estimu handitan daukaten Komikia Frantziako Estatuan. Ez da kasualitatea Europako komiki jaialdi garrantzitsuenak Anguleman eta Aiacciun ospatzea. Azken honetara jo dugu Marko Armspach eta biok, Gartxot albuma besapean.

Korsikakoek ez omen dute irakurtzea laket, eta Vai e'fa'ti leghje!!! (Hoa irakurtzera!!!) erranik bidaltzen dute nornahi pikutara. Komikia, nonbait, gogokoago daukate, Nazioarteko Komiki Jaialdia ospatu berri baitute bigarren urtez abenduaren 5, 6 eta 7an. 10.000 lagun pasatu dira Saloian barrena, lerro-lerro, norberaren marrazkilari kuttunari dedikatoria kendu nahian.

Jaialdia nola pasatu den

"Case et Bulle" komikizaleen elkartekoak zain geneuzkan Aiacciuko aireportuan. Hegazkinean detektaturik genituen bertze bi ustezko marrazkilariak ere bildu zaizkigu (Rotring 0'001eko bixarra, aire bohemioak...), eta busez eraman gaituzte Saloira. Undergroundetik gatozenoi »euskal komikilari gutiz gehienok» antolaketa hau zientzia fikzioa zaigu. Uharteko notableek hartu gaituzte bertan, aperitifa hartu, eta aurpegia eman diegu telefonoz ezagutuak genituen Maria, France eta Frèdèric casetbulletarrei.

Saltegi nagusia erdian emana dago, eta inguruan marrazkilari eta gidoilari bakoitza bere mahaian jarria; 48 inguru. Etiketen bidez jakin dugu norekin geunden orpoz orpo: Dorison, Yoann Toto ornitorrinkoaren egilea, Serge Le Tendre mitikoa, Bianco, Batti, Vallée, Tanquerelle, Kerfriden... figurette (komiki korsikeraz) munduko behi sakratuak.

Zinema aretoan Miyazaki eta Disneyen filmak ikusgai. Paretetan Loiselen Peter Pan erakusketa eskegita. Eta gu lorian.

Zaleak hasi dira sartzen. Erdiko saltegira jo, albumak hostokatu, erosi, eta egilearengana datoz dedikatoria eske.

Guk Gartxoten sinopsia egina dugu, korsikeraz eta frantsesez, eta eskupapera banatu diegu interesatuei. Lehen klientea Saloiko tabernaria izan da, gu harena garen ber, eta ale parea erosi digu. Zuberoako Pagolan ahizpa esposatua duen bat etorri da gero, Star Academyko Patxiren aldeko neskato batzuek... Baina izan da Euskal Herriarekin bat ere harremanik izan gabe, Gartxot erosi duenik ere. Gehienak. Txundigarri. Karikatura errukigabea eraman dute ordainez albumean.

Otorduetan eta, marra ikusezin batek bereizi ditu komikilari taldeak: batzuk ez dira gelditzen zirrizorroak egitetik paperezko napan, bertzeek lanalditik kanpo deusik marraztu nahi ez duten bitartean. Lehen taldean korsikarrak eta euskaldunak nagusi, bigarrenean frankobelgikarrak. Kontzeptu kontua.

Eskolak eta kazetariak ere hurbildu dira Saloiko gure mahaira eta paper handitan guk Gartxoten trajeria laburtu. "Ibañetatik behera, Konpostelarako bidean gaindi...". Marrazkia beti nazioarteko hizkuntza.

Saria!!!

Larunbat ilunabarrean Udaletxera bildu gaituzte parte hartzaile guztiok. Napoleoniar Aretoan (nonbaitetik ere) harrera, eta Bla Bla eta Glu Glu.

Mediterraneo Saria eman digu Korsikako Biltzarrak. Eta Acqua Vita botila parea antolatzaileek gero. Glu Glu eta Bla Bla luzatu dira Aiacciuko portuan goitik eta beheitik...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-24 | ARGIA
Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude