Mendiko Maratoien Euskadiko III. Kopa hasi berritan (ekainean), mendi korrikalariei buruzko artikulua argitaratu genuen aldizkari honetan. Kirol mota honek hemen hartu duen indarraz aritu ginen orduan. Gaizka Itzak ordea, atzerriko mendiak zituela gogoan aitortu zigun: Munduko Mendi Maratoien Txapelketa. Italian, Frantzian, Espainian, Suitzan, Estatu Batuetan eta Malaysian egin dituzte zazpi proba eta Itza muxikarra horietako bostetara joan zen. Oñatin bizi den Asier Urdanpilleta añorgarrak ere bost proba aukeratu zituen. Emaitza: Urdanpilleta munduko mendi lasterkarien zerrendan seigarren postuan geratu zen (laugarrena eta bosgarrena oso gertu omen zituen) eta Itza berriz, zortzigarren. Lorpen handia bi mendi korrikalarien ustez, baina oihartzun gutxikoa makina bat kirolekin alderatuz gero.
Euskal Herriko mendiek ez dute balio
Munduko Kopa ekainetik urrira bitartean egin dute, hilean-hilean ia maratoi bat korrituz. Hemengoak izanda mendian ohituta egongo direla esan diegu biei, baina erantzuna: «Hemen ezin da Munduko Txapelketarako proba bat ere antolatu, eskatutako altuera baino mendi baxuagoak daudelako». 2.000 metrotik gorako mendiak dira txapelketakoak eta gainditu beharreko desnibelak ere 2.000 metrokoak izan daitezke. Mendi lasterketak oso teknikoak dira, ez da korrika egitea soilik, mendian ibiltzen ere jakin behar da. Proba bitxia da «kilometro bertikala»rena adibidez. Izenak berak dioen moduan kilometroko desnibela igo behar da segidan eta gero jaitsi. Urdanpilletak dioenez, «biak gara hasiberriak kirol honetan. Parte hartu dudan proba batean baino gehiagotan gertatu zait ia tontorrera iritsi eta nire buruari galdetzea: hi non sartu haiz? Hau ez duk korrika egin eta kito!».
Munduko Txapelketan sailkatzeko balio zuten gutxieneko lau probetan parte hartu duten korrikalari euskaldun bakarrak izan dira Urdanpilleta eta Itza (bosna proba egin dituzte). Aurkariak berriz, denetarikoak, baina gogorrenak italiarrak. Mendiko gidak eta mendiko eskiko monitoreak izaten omen dira mendi lasterkari asko. Abantaila dutela diote Urdanpilletak eta Itzak: «Alpeetan bizi dira, hor dituzte mendi garaiak eta beti mendian dabiltza». Ez dira gainera, gaztetxoak izaten, 30 urtetik gora dituzte gehienek. Alpeetatik gertu bizitzea ordea, ez da nahikoa Munduko Txapelketako probetan parte hartzeko; laguntza ekonomikoak behar dira. Urdanpilletak Ricardo Mejía mexikarraren adibidea jarri digu. Alde handia ateratzen die gainerako mendi lasterkariei, baina Mexikon bizi da eta proba gehienak Europan egiten dira. Gogor entrenatzeaz gain bidaiatu egin behar da asko.
Babes gutxiko kirola
Urdanpilletak eta Itzak ez dituzte aurtengo Munduko Txapelketako bost probak poltsikotik ordaindu, Gipuzkoako Mendi Federazioak eta Foru Aldundiak lagundu diete. Bi erakundeek maila handiko mendi lasterkariak bultza nahi omen dituzte eta horretarako laguntza ekonomikoa eskaini diete Urdanpilleta eta Itzari, baina babes gutxi dutela aitortu du añorgarrak. «Munduko Kopan seigarren eta zortzigarren egin dugu bi euskaldun hasiberrik eta komunikabideetan ia ez gara agertu ere egin. Jendea ez da ohartu zer egin dugun. Bidaiak ordaintzea ondo dago, baina hori ez da dena. Non dago promozioa?».
Biak neguko «loaldian» daude orain. Datorren urteko mendi lasterketen denboraldiari begira daude, zeharka bada ere. Urdanpilletak etsi xamartuta dirudi, babes faltak datorren urteko denboraldian atzerrian parte hartzea zalantzan jartzeraino. Gaizka Itza animosoago dago eta oraingoz behintzat Dolomitetara edo edonora joateko gogoz. Bitartean Urdanpilletak Gipuzkoako Kros Txapelketa prestatzen segituko du eta Itzak eskia dauka buruan.