Hipertentsioa, kolesterola eta odoleko azukre-maila (gluzemia), zer da garrantzitsuagoa?" Horixe izan zen Madrileko Princesa ospitalean eta hiri bereko Doce de Octubre ospitalean ari diren Carmen Suarez internistak eta Julian Segura nefrologoak emandako tailerraren izenburua. Saio horren helburua arrisku kardiobaskularra mugatzen duten faktoreen pisua mahai gainean jartzea izan zen.
Kasu kliniko batetik abiatuz, eta Andromaco laborategien babes ekonomikoarekin, tailerrean bildutako partaideak oso gustura irten ziren saioetatik. Gaixotasun kardiobaskularrak sortzeko arrisku-faktore desberdinek jokatzen duten papera neurtzea izan zen tailerrean bildu zirenek eztabaidatu zutena. Eta, jadanik ezaguna den bezala, hipertentsio arteriala, hiperlipidemia, hipergluzemia, obesitatea, eta horrelakoak aipatu ziren saioan, faktore ezagunak horiek guztiak. Aditu biek azpimarratu zutenez, arrisku-faktore horiek sarritan batera agertzen dira paziente berean, eta horregatik ez da beti preziso faktore horiek normaltasuneko mugetatik kanpora egotea. Nahikoa izan daiteke zertxobait alteratuak egotea, bat baino gehiago batera agertzen direnean paziente hori arrisku kardiobaskularreko egoeran egoteko. Izan ere, faktoreen baturak arrisku hori modu esponentzialean gehitzen du, eta horrela pertsona bat erretzailea, hipertentsoa eta dislipemikoa baldin bada (bere odoleko gantzak, kolesterola batez ere, altu samar baldin baditu), bihotzeko eta odol-hodietako gaitzak jasateko arriskua ez da hiru aldiz handiagoa, 16 aldiz handiagoa baizik (2x2x2=23=16).
Beraz, behar-beharrezkoa da paziente horiek, sarritan asintomatikoak oraindik, detektatzea eta dauzkaten arrisku-faktore guztien abordaje integraleko plan bati ekitea. Abordaje horren funtsezko zutabeak bizi-aztura osasungarriak hartzea (pazienteak) eta tratamendu farmakologiko egokia agintzea (medikuak) izango dira.