Azokaz


2003ko abenduaren 21an

Ariketa: Uhal garraiatzaile bat, gainean infinitoraino luzatzen den erosle-lerrokada bat duela, Durangoko Azoka berrian sartzen da, Atxagaren edo Sarriren liburua saltzen den punturaino. Uhala 1 m/s-ko abiadan mugitzen da, eta erosleen arteko tartea 1 m-koa da. Salmenta puntuan saltzailea dago, zeinak mugimendu mekanikoen bidez, 60 segundutan egiten baititu eragiketa hauek guztiak: erosleari harrera-hitza esan, Atxaga edo Sarriren liburua bere tokitik hartu, poltsa batean sartu, erosleari luzatu, erosleak luzatzen dion billetea jaso, kutxan utzi, bertatik kanbioak atera, erosleari itzuli, agur esan eskuaren mugimendu bizkor batez. Azokak 5 egun irauten duela eta egun bakoitzean hamar orduz irekita dagoela kontuan harturik, eskatzen da: a) zenbat liburu salduko litzateke uhal garraiatzaile bat erabiliz azokako 5 egunetan? b) zenbat uhal-garraiatzaile beharko lirateke batzuen arabera Sarrik saldu omen dituen 5.000 liburuak saltzeko, edo Atxagak saldu omen dituen 5.000 liburuak saltzeko? (Oharra: kontuan har bedi, otoi, bi erosleren artean segundu bat galtzen dela).

Bistan da salmentarako baldintza automatiko ezinhobe hauetan ere, alegia, erosleak ez direla uniformeki etortzen, uholdeka baizik, egun guztiak ez direla berdinak, lehena 'profesionalentzat' omen dela, esaterako, erosleek batzuetan liburuaren orriak begiratzea gustuko dutela erosi baino lehen, askotan saltzailea ezagutu eta harekin mintzatu nahi izaten dutela piska bat; saltzaileak ere, bere aldetik, tarteka komunera joan behar izaten duela, edo kanbioak bukatu eta bila joan behar izaten dela, edo liburu kutxa berri bat irekitzeko makurtu... alegia, egiazko baldintzen nolakoa aintzat hartzen ez duen baldintza ideal hauetan ere ez dela posible iristea batzuek ematen dituzten kopuruetara. Jakina, esango digute beren saltzaileak eta beren erosleak ez direla automatak, noski, baina saltzaile baten ordez hainbat jartzen dituztela... Tira, konforme; baina tokiak muga fisiko argi batzuk jartzen ditu, eta are Atxagaren eta Sarriren liburuak saltzen diren salmenta-puntuetan ere, badituzte bere tokia hartzen duten beste titulu dozena batzuk saltzeko... edo zaintzeko, behintzat.

Ez dakit honetaz ari zen, zehatz, Atxaga, egun gutxi direla Berria egunkarian emandako elkarrizketan. Baina aipatzen dituen gaien zati da »zenbakien dantza, korbataren erabilera», noski.

Nik ez ditut inoiz oso ongi konprenitu ahal izan kopuru-gerra gezurrezko hauek; gehienez ere bi muslari ez oso zuhur eta bai nahiko panparroiren arteko lehia bezalakoa iruditu zaizkit: musean beti dago enbidoari "bost gehio" esanda erantzutea, ezta? Eta, gainera, mus partida honetan jokaldia bukatzean kartak erakutsi behar izaten ez direnez...

Baina ikusten denez, alferrik da Durangoko azoka beste azoka batzuk arautzen dituzten parametroen arabera neurtu nahi izatea. Konparazione, Berria egunkariak ere azoka bisitatu duen editore italiar baten esanak biltzen zituen »E.H.tik kanpo etorri bide den editore bakarra», eta hark ere esaten zuen festa giroa dela gehien harritu duena. Jai giroko agerpen triunfalista, psikologiko, folkloriko, propagandistiko hau beharrezkoa omen da, antza, liburu-munduko jendea gero, urtea osatzeko falta diren korbatarik gabeko 360 egunetan lasai joan dadin, kantuak dioen bezala, desertiala, nigarrez urtzera.

Korbatari dagokionez »ttattarra, Beran-eta esaten dutenez», ez zitzaidan garbi gelditu Atxaga Azokaren zuzendariez ari ote zen, edo, orokorragoan, zuzendaritza-lanetan hala edo nola ari diren guztiak hartzen zituen bere gogoetan. Bigarren hipotesia hobetsita, ez zait batere gaizki iruditzen. Ez da mendeku txarra, azoka egunetan gure apaltasunean duin ibiltzeko ahaleginetik eta ohituratik ateraraziriko idazleontzat behintzat. Gure kolaborazioa nahi badute, hona baldintza: argitaletxeko arduradun bakar bat ere korbatarik gabe.


ASTEKARIA
2003ko abenduaren 21a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude