argia.eus
INPRIMATU
Aitorpen
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Batez hastea egokiena. Maragall ez dute zezenetara bota, eta president izendatu dute. Tokitan dago nik egin iragarpena. Alde ederra nire pronostikotik errealitatera. Eta gure belaunaldiaren baliotako bat autokritikarako omen genuen joera denez, bestalde harritu naiz ikaragarri aditutzat Euskadi Irratian mintzatzen diren zenbaiten analisiekin ETAko militanteen atxilotzeak direla-eta. Ohi bezala, bertsio ofizialak zuzendaritzakoak direla dio. Eta aditu horien esanetan, horrek baluke bere berezitasuna, gazteak baitira oso. Azken hogeita hamabost urtekoari so eginez gero, adinari dagokionez behintzat hauek ez dira ordukoak baino gazteagoak. Zenbat urte zituen bada, Beltza batek Burgosko epaiketa sonatuan? Eta Txikiak, Argalak, erail zituztenean? Eta Peixotok itsu utzi zutenean? Eta Aljeriako negoziatzaileek? Badirudike adin berean gure belaunaldikoak oraingoekin alderatuta helduagoak ginela sinetsita bizi garela, hein batean bizi eta hitzez maite ez dugun mundu hau guk egina ere badela ahantziz. Eta ETAn nik dakidanez behintzat, inork ez duela jubilazioaren pagotxik ezagutu, gazteen erakundea izan baita bereziki orain artean ororako. Besterik da orduko eta oraingo errealitateak alderatzea.