argia.eus
INPRIMATU
Aukera
2003ko abenduaren 14a
Nikolas Lekuona zenari buruzko erakusketa antolatu dute Artium Gasteizko museoan. Gazte hil zen artistak merezi zuen erakusketa, 80ko hamarkadan berreskuratu ondoren ez baikenuen bere lana bildurik ikusteko aukerarik izan.

1913an jaio zen Ordizian eta 1937an hil zen Fruizen Gerra Zibileko frontean. Ez dirudi gerra gehiegi gustatzen zitzaionik eta horregatik Francoren jarraitzaileek frontera eraman zutenean kamilero lanetan aritu zen.

Bizitza motza baina intentsua izan zuela esan dezakegu, askotan artistak izan behar duenaren antzekoa edo guri hala gustatuko litzaiguke, artistaren mitoak, zineman bezala, azkar bizi, gazte hil (testuinguru tragikoan ahal bada), eskatzen baitu.

Baina hurrengo urtetako iluntasunak artistaren izarra itzali zuen eta horregatik Lekuona ez zen inoiz mito bihurtu. Errepublika garaian lana egin zuten artista abangoardistak gerra ondorenak ahaztu zituen. Francok ezarritako diktadurarentzat arte mota hura ez zen oso gustukoa askatasunean eta esperimentazioan oinarritzen zelako, ezta falangistek egindakoa izanda ere. Francok bultzatutako arte ofizialak handinahia, errealista eta sasi klasikoa izan behar zuen, batez ere propagandarako egokia. Kuriosoa da Stalinen komunismoak inposatutako arte ofizialarekin antza handiagoa izatea, gerra aurretik falangistek egiten zutenarekin baino.

Hala ere, Lekuonaren ibilbideak ez zuen falangismoarekin harreman handirik izan. Gazte zela Errepublikaren garaiko zurrunbiloan sartu zen, politikak eta kulturak modernitatearen bidean jasan zuten aldaketak ez dira berriz gertatuko askoz beranduago arte. Zurrunbilo horretan Euskal Herriko artista batzuek abangoardiako artea eta bertako sustraiak uztartu nahi zituzten. Oteiza eta Lekuonak oinarri horiek bilatzeko konpromisoa hartu zuten, Gerra Zibilak asmo horiek moztu zituen arte.

Lekuonak ezin izan zituen lagundu Oteiza eta Narkis Balenziaga Ameriketara egindako bidaian. Han Euskal Herrirako abangoardiarentzat baliagarriak izan zitezkeen Historiaurreko ereduak bilatu nahi zituzten. Ikerketa artistikoa eta merkatua bilatzeko bidaiak bidaia pertsonalaren itxura handia du. Hiru lagun gazte ilusioz beteta, munduan zehar beraien herriari zerbitzua eskaintzeko. Balenziagak ez zuen bidaiaren gogortasuna jasan, Lekuona ez zen anai arteko borrokaren gogortasunetik onik atera. Heriotzak hirukotearen laguntasuna puskatu zuen eta horrela zapuztu zen Euskal Herriko abangoardiaren aukera.