argia.eus
INPRIMATU
Artxipielago uhartea
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 19a
Nafarroako hautesleek ohi moduan erantzun zuten joan den maiatzeko hauteskundeetan, Sanzismoari bertze lau urteko luzapena emanez eta gure deitzen ditugun indar politikoei nagusiki bizkarra erakutsiz. Hala ere, bozketen ondoko egunetan, kalkulagailua izan zen bertako euskaltzaleon artean gehien erabili zen etxetresna. Batugilearen gogoa zabalagoa ala estuagoa izan, baikorragoa ala ezkorragoa, hainbertze ere batugaiak eta halakoxea batura: behetik jotzen zutenek ez zuten %15-16 baino gutiagorik kalkulatzen, baina bada %30arekin eta sozialistei surpaso egitearekin amets egin zuenik. Betiere, hurrengo martxoan gure deitzen ahalko dugun diputatu bat Madrilen jarrarazteko adina.
Alderdi politikoek, behingoz, etxeko lanak egin dituzte oraingoan. Aitzinatu samarturik omen daude gauzak. Izenekin ari omen dira jada. Ez baita erraza esperimentuari aurpegia jarriko dioten izen-emakume egokiak aurkitzea. Eta bitartean, zerbait zabaldu da akordioaren edukiaz. «Zerrenda abertzalea» aipatu da. «Autodeterminazioaren ingurukoa» ere bai. Hala behar du? Batzuek, zubiak amets, aski genituzke euskaltzale eta aurrerazale deiturak. Arnas faltan itotzen ari garenean, gure gaitzen konponbidea ote da artxipielagoa uharte bakar bilakatze hutsa? Handiagoa izanagatik ere, itsasoz inguraturik segituta ez diogu geure isolamenduari bukaerarik emanen. Eta egun, batasun ezak bezala, Nafarroako gizartearekiko urrutiramenduak ere jaten dizkigu azpiak.