Enpresek ez dituzte kapitalaren gehikuntzak bakarrik egiten. Batzuetan, kapitala murriztu egin behar izaten dute. Egoera jakin batzuetan, enpresa kapitala murriztera behartua egoten da. Horrela, sozietateek kapitala murriztu egin behar dute baldin eta galerek baltzuaren ondasunak kapitalaren bi herenen azpitik murriztu badituzte eta, gainera, urte ekonomiko baten ondoren, errekuperatzea lortu ez badute. Berebat murriztu behar da kapitala baldin eta galerek baltzuaren ondarea kapitalaren erdira murriztua utzi badute. Sozietatearen kapitala murriztearen helburu nagusia enpresaren oreka finantzarioa lehengora ekartzea da. Horrela, akziodunak bere tituluen balio nominala murriztua ikusiko du, oreka finantzario berriak errepresentatzen duen kopururaino. Kasu batzuetan, operazio hori gero kapitala berriro gehitzeko egiten da, etorkizunari begira baliabide berriak sartzeko bidea ematen baitu. Horri "akordeoi-operazioa" esaten zaio. Horrelako kasuetan, akziodunek lehentasunezko eskubidea dute kapitalaren gehikuntzan harpidetzeko, non eta Akziodunen Batzarrak kontrakoa erabakitzen ez duen eta beste akziodun batzuk sartzea nahi ez duen. Orobat gerta liteke enpresa batek bere baliabideei gehiegi iriztea eta horregatik bere kapitalaren murrizketa erabakitzea. Kasu horretan, operazioak berekin dakar akzio propioak erosi beharra, gero amortizatzeko.