argia.eus
INPRIMATU
Rafa Egiguren: «Lan honen asmoa baratzaren atea irekitzea besterik ez da»
Pilar Iparragirre 2003ko abenduaren 07a
Txineratik itzuli dituzun olerkion etorkia?
VII. mendearen hastapenetan, Txinako lurraldeek bat egin zuten eta handik gutxira Tang dinastiak hartu zuen agintea. Garai oparoa ekarri zion erresumari, eta inoiz ez bezalako harremanak sortu ziren inguruko herrialdeekin. Enperadoreak, aginteari itzala emateko besterik ez bazen ere, jende jantzia behar zuen inguruan, eta azterketa inperial ospetsuak jarri zituen abian: Erresumaren zerbitzuko arduraren bat eskuratu nahi zuenak, eta funtzionario edo mandarin bihurtu, era askotako frogak gainditu behar izaten zituen, eta olerkigintzan trebatu ezean ez zegoen atarramentu onik.

Olerkigintzak gora egingo zuen horrela, ez da hala?
Ohiz kanpoko garrantzia eman zitzaion hala gortean nola herriko jendearen artean ere. Askoz geroago, XVIII. mendean, Tang garaiko olerki asko zebiltzan oraindik herriaren ahotan, eta Quang Long enperadoreak berrogeita hamar mila inguru bildu zituen Quan Tang Shi liburuan. Bostehun mila ere ba omen zeuden bere garaian, baina denborak ez du barkatzen. Olerkariak ere ez zaizkigu denak heldu, baina Quang Long enperadorearen bilduman 2.300 baino gehiago daude. Batzuk besteak baino hobeak izan daitezke, baina hogeiren batek, gutxienez, eragin nabarmena izan zuten handik aurrera sortu ziren idazleengan.

Du Fu, Wang Wei eta Li Bai horietakoak izango ziren?
Jakina, eta hain zuzen ere haien olerki sorta txikia da «Mandarin dotore» liburuan plazaratzen dena, lan honen asmoa olerki baratze horren atea zabaltzea besterik ez baita.